Udal politikak

Gaztelera hutsean jarraituko du Iruñeko Konstituzio plazako plakak

Baluarteko plaza zenari izena aldatu eta urtebetera, administrazioarekiko auzietako auzitegi batek erabaki du ez dela beharrezkoa hango plakak euskarazko izenik izatea.  

Konstituzio plazako plaka. IRUñEKO UDALA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko urtarrilaren 31
11:25
Entzun

Iazko urtarriletik darama Iruñeko Konstituzio plazako plakak gaztelera hutsean, eta hala jarraituko du. Urtebete igaro da lehen Baluarteko plaza zenari izena aldatu ziotenetik. Inaugurazio ekitaldian, Enrique Maia Iruñeko alkatea arduratu zen plaka berriaren oihala kentzeaz. Plaza Constitución plaza zioen; eta haren azpian, Constitución española de 1978-1978ko Espainiako Konstituzioa. Plazaren izenean bertan ez zen euskararik, eta ez da izango. Nafarroako euskararen ordenantza urratu zela-eta, EH Bilduk helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian. Arrazoia eman zion auzitegiak; ordea, udalak errekurtsoa aurkeztu zuen administrazioarekiko auzietako auzitegi batean.

Urte baten buruan iritsi da auzitegi horren epaia, eta arrazoia eman dio Iruñeko Udalari. Honela argudiatu dute ebazpenean: «Constitución [Konstituzioa] izen propioa da, letra larriz hasita beste arauetatik bereizten duelako». Hortaz, izendapen hori ezin da euskarara itzuli, «itzulpenik onartzen ez duen izen propio berria» den aldetik.

EH Bildu koalizioko Joseba Asironek epaia gaitzetsi du. «Atzo, epaile batek ebatzi zuen Konstituzio plaza euskaraz 'Constitución plaza' esan daitekeela, itzultzeke. Gaur Iruñeko ultraeskuinak disimulurik gabe ospatu du». Hala jarraitu du: «Euskara ez dakien epaile horrek ez dakiena zera da: euskaldunok, geure eguneroko bizitzan, ez dugula deus itzultzen. Mintzatzen gara gure hizkuntzan, eta kito. Eta gure hizkuntzan ez dela esaten 'Constitución plaza'».

Nafarroako Gizarte Zibila elkarteak egindako eske bati segika agindu du aldaketa Maiak. Gainera, udalak azaldu duenez, izen aldaketa ez da itsuan eginiko urrats bat. Asmo jakin bat du, diotenez: «Gizarteak trantsizio demokratikoan egindako esfortzuari aitortza egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.