OSASUN GREBA NAFARROAN

Osasunbideko sindikatuek grebara deituko dute, Sindikatu Medikotik bereiz, «sistema publikoa defendatzeko»

LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOO sindikatuek otsailaren 15etik aurrera eginen dute lanuztea

LAB sindikatuaren elkarretaratze bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 1a
12:52
Entzun

Osasunbideko sindikatuek greba deialdia erregistratuko dute bihar. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren eta ordezkari sindikalen arteko negoziazio prozesua «galbidean» dela iritzita, «erantzun bateratua» emateko elkartu dira LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOO sindikatuak. Otsailaren 15etik aurrera eginen dute lanuztea, «aldarrikatzeko prozesu honetan hartzen diren neurrien helburua izan behar dela Nafarroako osasun sistema publikoa eta langile guztien eskubideak defendatzea».

Oharrean Nafarroako Sindikatu Medikoa propio aipatu ez duten arren, sindikatuak kexu dira aspalditik, uste baitute Nafarroako Gobernuak lehentasun osoa eman diola elkarte sindikal horri Osasunbideari lotutako eztabaida eta negoziazio prozesuetan. Sindikatu Medikoak, hain zuzen, ez du bat egin otsailaren 15eko greba deialdiarekin, eta gaur ekin dio bere kabuz antolatutako greba mugagabeari. Izan ere, helburu ezberdinak dituzte batzuek eta besteek. Sindikatu Medikoak hiru puntu nagusitan ardaztu ditu bere eskaerak: soldata igoera, lan kargaren arintzea eta sare publikoan eta pribatuan aritzeko askatasuna, esklusibotasun sariari uko egin gabe. Gehiengo sindikalaren deialdian, berriz, helburutzat jo dute «osasun arretaren kalitatea, lantaldearen eskubideak eta lan baldintzak hobetzea». Bihar erregistratuko dute otsailaren 15eko greba deialdia.

Osasunbidea: «Medikuen %9,27k babestu dute greba»

Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek jakinarazi du Sindikatu Medikoaren grebaren lehen egunean 2.193 sendagiletatik 203k babestu dutela lanuztea, guztien % 9,27k. Indurainek berretsi du Nafarroako Gobernuak «asmo handiko eskaintza» egin diela, «medikuen egoera hobetzeaz gain osasun zerbitzua indartuko duena, bereziki lehen mailako arreta». Bihar, beste bilera bat eginen dute greba batzordearekin, eta kontseilariak adierazi du «besoak zabalik» joanen dela bilera horretara, lanuzteak «ez baitio inori mesederik egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.