Albistea entzun

Lan merkatua

Enplegua galduz hasi da urtea Hego Euskal Herrian

Lanbidek eta Lansarek 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopuruak ere behera egin du: 12.237 gutxiago.

Lanbideren bulego bat, Errenterian (Gipuzkoa)
Lanbideren bulego bat, Errenterian (Gipuzkoa) Andoni Canellada (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko otsailak 2

Lan merkatuak motel hasi du urtea Hego Euskal Herrian, eta iazko azken hiruhilekoan ekonomiak agertutako neke sintomak urteko lehen hilabeteko langabezia datuetan azaleratu dira: bigarren hilabetez jarraian, langabeziak gora egin du. Urtarrilean, 2.495 pertsona gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek. Guztira, 144.903 lagun daude lanik gabe. Hilabete batetik bestera datuak okerrera egin arren, aurreko urtarrilean baino 3.858 pertsona gehiago daude oraindik ere lanean.

Urte hasierak txarrak izan ohi dira enpleguarentzat, Eguberriei begira sortzen diren lanpostu asko, bereziki merkataritzakoak eta ostalaritzakoak, deuseztatu egiten direlako, eta hala gertatu da aurten ere. 2.883 lanpostu galdu dira sektore horretan; beste guztietan, aldiz, sortu dira, igoerak apalak izan diren arren: industrian 341 langabe gutxiago daude; eraikuntzan, 96; eta nekazaritzan, 20. Normalean, zerbitzuen sektorean galera handiagoa izaten da urtarrilean, baina gogoratu behar da abenduan beste urte batzuetan baino lanpostu gutxiago sortu zirela alor horretan, 109 baino ez. Enplegu galerarik handiena zerbitzuen sektorean gertatu izanak emakumeei eragin die gehien. Langabe berrien %98,7 emakumeak dira.

Araba okerren

Lurralde guztietan handitu da langabezia, baina Araban bereziki: 863 pertsona gehiago daude. Bizkaian, 796k eman dute izena Lanbiden, eta Gipuzkoan, 448k. Nafarroako Lansarek 388 gehiago zenbatu ditu. Iazko urtarrileko datuekin alderatuta ere Arabak ditu emaitzarik okerrenak. Lurralde horretan soilik handitu da langabeen kopurua: 327 pertsona gehiago. Beste guztietan gutxitu egin da. Bizkaian, 2.388 lagunek aurkitu dute lana iaztik, eta Gipuzkoan, 978k. Nafarroan, halaber, 3.858 gehiago daude lanean.

Kontratazioak, behera

Inflazio handia izateak eta horri aurre egiteko banku zentralek interes tasak handitu izanak hoztu egin du ekonomia, eta lan merkatuan nabaritu da horren eragina. 79.669 lan kontratu egin dira urtarrilean, iazko urtarrilean baino %22,4 gutxiago. Azken hamar urteetako urtarrilik okerrena izan da.

Kontratu motari dagokionez, baina, inoizko kontratu mugagabe gehien egin den urtarrila izan da. Aurreko urteko hil berean egindakoen halako bi dira. Iaz indarrean sartu zen lan erreformaren eraginez izan da hori. Hala, egoera irauli egin da, eta gaur egun egindako lau kontratutatik bat da halakoa (%26).

Dena den, lan erreformaren aurka azaldu direnek zalantzan jartzen dute nolakoak diren benetan kontratu mugagabe horietako asko. ELA sindikatuak aste honetan aurkeztutako azterketa batean nabarmendu duenez, erdiak baizik ez dira jardunaldi osokoak, eta horietako askotan langileak bota egiten dituzte sei hilabeteko probaldia amaitu ondoren.

Afiliazioetan galera, baina eusten

Ekonomiaren geldotzeak Gizarte Segurantzako afiliazioetan ere izan du eragina. Abenduan baino 12.237 gutxiago daude. Hala ere, langabeziaren datuekin gertatzen den moduan, aurreko urteko urtarrilean baino 15.035 gehiago daude, eta Gizarte Segurantzan afiliatuen kopurua inoizko handienetakoa da oraindik ere: 1,28 milioi.

Beste urtarril batzuekin konparatuta, afiliatuen kopuruan egon den galera oso antzekoa izan da urte hasiera honetan. Ohikoa izan da 10.000 afiliatu ingururen galera egotea urtarrilean eta hurrengo hilabeteetan berreskuratzea. Orain, ikusteko dago zer bilakaera izango duen udaberrira bitartean, egoera ekonomikoaren susperraldia ez baita uda arte espero.

Baikor, baina adi

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak urtarrileko enplegu datuen analisi baikorra egin du. Azaldu du «normala» dela langabeziak urteko lehen hilabeteetan gora egitea, Eguberriei begira egiten diren kontratuak amaitzen direlako. Dena den, nabarmendu du lan merkatuak lurzoru sendoa duela, langabeen kopurua eta afiliatuena inoizko onenen artean daudelako. Gainera, kontratuen kalitatea hobetu egin dela azpimarratu du, mugagabe gehiago daudelako. Hori guztia Espainiako Gobernuak iaz onartutako lan erreformaren emaitza dela adierazi du.

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak, berriz, langabeziaren balorazio «partzialki negatiboa» egin du, baina lan merkatua egonkor mantentzen dela azpimarratu du.

Antzera mintzatu dira CCOO eta UGT sindikatuak. Geldotze ekonomikoa «agerikoa» den arren, lan merkatua eusten ari zaiola azaldu dute, eta hori, hein handi batean, lan erreformagatik dela. Biek azpimarratu dute kontratuak «egonkorragoak» direla orain.

Oso bestelako analisia egin du ELAk. Adierazi du urtarrileko datuek «prekaritatearen errealitate gordina» erakusten dutela, eta kezkatuta agertu da datozen hilabeteetan enpleguak izan dezakeen bilakaerarekin. «Ziurgabetasun egoeran gaudela, aurreikuspen negatiboak ditugu, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izango du enpleguan».

LABek, berriz, salatu du egoera ez dela agintari politikoek dioten bezain ona. Azken urtean sortutako enpleguaren kalitatea ezbaian jarri du, eta gogorarazi du oraindik ere lau kontratutik hiru behin-behinekoak direla. «Probaldiko kaleratzeak neurrigabe igo dira, eta behin-behinekotasuna aldizkako finko gisa ezkutatzen ari dira. Enplegua sortu eta deuseztatu egiten da, sektore kalteberenen ezegonkortasuna agerian geratuta». Egoerak «neurri ausartak» eskatzen dituela nabarmendu du, «Euskal Herrian bertan erabaki eta beteko diren neurriak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. ©#BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER

LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Maddi Iztueta Olano

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.
Haur migratzaileak Donnan (Texas), AEBetara iritsi berritan. ©DARIO LOPEZ-MILLS / EFE

Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

M.I.O.

Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.
VWen lantegia, Nafarroako handiena, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Iker Aranburu

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Auto baten ihes hodia ©JULIAN STRATENSCHULTE (Efe)

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Jokin Sagarzazu

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.