BAKEGILEAK

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' aurkako deliberoa

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan errepidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte.

11 ekintzaileak, Baionako auzitegi aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko otsailaren 2a
16:12
Entzun

Epaileak martxoaren 9an emango du 11 bakegileren aurkako epaiketaren erabakia. Stephanie Veyssiere prokuradoreak 950 euroko isuna galdegin du hamar auzipeturentzat, gibelapenarekin, eta hamaikagarrenarentzat gibelapenik gabe, aurrekariak dituelako. Uztailaren 23an Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten ehunka herritarrek, eta horren harira epaitu dituzte Baionako Auzitegian; zehazki, egotzi diete uztailaren 23an, 13:45ean, Baiona eta Hendaia artean autobidera oinez sartzea, autobidean objektuak jartzea, zirkulazioa oztopatzea, eta manifestazio debekatu batean parte hartzea. Ekintzaileak errugabetzeko eskatu du defentsak.

Ekintza parte hartu izana onartu dute 11 auzipetuek, eta egindakoa justifikatu dute. «Ekintza egiten ez bagenuen murru baten parean aurkituko ginen euskal gatazkaren konponbideari begira», erran du Oihana Driolletek. Ana Iriartek erran du 2001ean sortu zenetik preso ezagutu dituela Esnal eta Parot. «Beste anitz bezala presoen gaiari buruz sentsibilizatua izan naiz». Horregatik parte hartu zuen ekintzan, Euskal Herriko gazteei «bake iraunkor batean» bizitzeko aukera emateko. Haritz Agirrek zehaztu du uztailaren 23koa aitzin beste ekintza andana egin zituztela, eta Parisek «entzungor» egin zuela. «Azken aukera zen baldintzapeko askatasuna lortzeko». 1990ean sortua da Agirre, Esnal eta Paroten atxilotze urtean. Haize Goñik «txikitatik» ezagutzen ditu bi presoak. «Ezin nintzen deus egin gabe gelditu». Ekintzaren zilegitasuna aldarrikatu du Unai Arkauzek«Dena entseatu dugu Esnal eta Parot askatzeko». Luxi Detxartek Frantziako Gobernua interpelatzeko beharra azpimarratu du. «Hemen gauden guziak gazte belaunaldikoak gara. Egoeraz kezkatuak ginelako parte hartu genuen ekintzan. Sustengatuak izan ginen». Bakoitzak bere hitzekin, azken urteetan gatazkaren konponbide prozesuan emandako urratsak azpimarratu dituzte. Bi aldeetako biktimen aitortza eta preso guzien etxeratzeko beharra azpimarratu du batek baino gehiagok.

Uztailaren 23ko desobedientzia ekintzaren ondotik iragaten den bigarren auzia da Baionako auzitegian iragan dena. 26 pertsona atxilotu zituzten egun hartan. Aireportuko aireratzen pistara sartu zirenek ez dute segida judizialik izan, eta Baiona eta Bordele (Okzitania) blokeatu zutenak abenduan epaitu zituzten Akizeko Auzitegian. 800 euro isuna eman diete bederatzi ekintzaileei, gibelapenarekin.

Akizen bezala, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Daniel Olzomendi elkargoko turismo sailburuak deklaratu dute auzi saioan, lekuko gisa. Lehenak, 2011ko Aieteko konferentziatik gatazkaren konponbide prozesuan emandako urratsak esplikatu ditu, 2017ko armagabetze egunean azpimarra eginez. Frantziako eta Espainiako Estatuen parte hartze eskasa, eta terrorismoren aurkako Frantziako fiskaltzak azken urteetan izandako jarrera deitoratu ditu. Bigarrenak, uztailaren 23ko eguna antolatzeko hartu zituzten neurriak zehaztu ditu: Ipar Euskal Herriko eragile eta erakunde guziei jakinarazi zieten ‘bakegileek’ ekintza eginen zutela, eta elkarlanean aritu ziren etengabe.

«Interes orokorrekoa»

Azken urteetako urratsak oroitu, eta Esnal eta Paroten egoera esplikatu ditu Alain Larrea abokatuak. «Euskal Herrian zerbait badakigu: Frantziako Estatuan indar harremana baizik ez du ulertzen», adierazi du. «Uztailaren 23ko ekintzak ahalbidetu du bi preso hauek askatzea».

Gatazkaren konponbidean Bake Bideak eta Bakegileek azken urteetan egindako lana esplikatu du Amaia Rekartek: «Elkarrizketa espazio bat sortzen saiatu dira, gatazkaren ondorioei heltzeko». Gatazkaren konponbidea koadro politiko batean lantzen ahalko zela erran du, «ez da hala izan». Baldintzapeko askatasun eskaerak ukatzeko fiskaltzaren «printzipiozko jarrera» aipatuta, «karrika itsu» horren aitzinean Bakegileen ekintza «interes orokorrekoa» izan zela baieztatu du.

Uztailaren 23an manifestazio oro egitea debekatu zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Hori legez kanpokoa dela alegatu du Maritxu Paulus Basurcok, eta akusazio hori bertan behera uzteko eskatu dio epaileari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.