Indarkeria matxista

«Hil egingo zaitut», oihukatu zion Azagrako erasotzaileak bikotekideari hura jipoitu aurretik

Emakumea hiltzat jo ondoren, Poliziarena joan zen erasotzailea 2021eko otsailean, bikotekidea hil zuela esanez. Gaur, Iruñean hasi den epaiketan deklaratu du «lasai» zeudela biak hizketan, bat-bateko haserrea izan zuen arte, baina biktimak gezurtatu egin du hori. 15 urteko zigorra kartzela eskatu dute akusatuarentzat.

Azagrako hilketa matxista saiakeraren epaiketa, gaur. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2023ko otsailaren 2a
16:30
Entzun

Duela bi urte bikotekideak hilzorian utzitako Azagrako 55 urteko emakumeak haren erasotzailearen aurkako epaiketan deklaratu du «hilko zaitut, kokoterqino nago hainbeste hitzez» oihuarekin sartu zela gizona hura zegoen gelara, makila metaliko bat eskuetan zuela. Lasaitzeko erregutu ziola esan du emakumeak, sakelakoa lurrera bota zuela, une horretan lagun batekin ari zelako hizketan, baina berehala jaso zuela lehen kolpea, kolpe handia buruan. Konorterik gabe utzi zuen lehen kolpe horrek.

Modu horretan gezurtatu egin du akusatuaren aurreko deklarazioa. Gizonak esan du «lasai» zeudela gelan hizketan, haien harremana konpondu nahian, baina bat-bateko haserrea izan zuela bikotekideak, lagun bati esan omen ziolako telefonoz «gizon honek hil egingo nau» esaldia. Horrek bultzatu omen zuen erasoa egitera. Emakumea hiltzat jo ondoren, Lizarrara joan zen, Foru Poliziarena, bikotekidea hil zuela esanez.

Azagrako biktimak kontatu du «urte askoan» egon zela harreman hura eten nahian. Banatu egin nahi zuen. Baina erasoa iritsi zen, eta hiltzetik oso gertu egon zen jasotako jipoia dela eta. Ondorio fisiko eta neurologikoak pairatzen ditu jasotako kolpeengatik, eta zenbait ebakuntza egin behar izan dizkiote. Ahizpa batek eta Biktimen Bulegoko profesional batek babesturik deklaratu du epaiketan, eta ez du ikusi behar izan erasotzailea.

Nafarroako Foruzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen Azagran (Nafarroa) 2021eko otsailaren 20ean, bikotekideari «bortizki» eraso egitea leporatuta, eta Lizarrako Lehen Auzialdiko eta 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion. Epaileak hilketa delitua, etxeko indarkeria, bortizkeria matxista, lesioak eta tratu txarrak egotzi dizkio erasotzaileari. 15 urteko kartzela zigorra jar diezaiokete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.