Euskal Eskola Publikoaz Harro-k «kezka» adierazi du matrikulazio prozesuko aldaketen inguruan

Besteak beste, ohartarazi dute ikasle zaurgarriak banatzeak horiek estigmatizatzeko arriskua eragiten duela. «Egungo eredu duala blindatzea» egotzi diote Jaurlaritzari.

Euskal Eskola Publikoa Harro-ren agerraldia, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko otsailaren 2a
16:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi aste eskas barru hasiko da, otsailaren 13an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2023-2024ko ikasturterako matrikula egiteko epea. Aldaketak izango dira prozesuan; Eusko Jaurlaritzaren esanetan, segregazioa murrizte aldera. Alabaina, mesfidati mintzatu da Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma gaur goizean Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Dozena bat eragile baino gehiago biltzen dituen talde horrek bi norabidetan hitz egin du: batetik, «kezka» adierazi dute ikasleak onartzeko prozesu berriaz; bestetik, seme-alabak sare publikoan matrikulatzera animatu ditu gurasoak.

Aparteko beharrak dituzten ikasleentzat ikasgeletan leku kopuru bat derrigorrez gorde beharra: horixe da Eusko Jaurlaritzak aurtengo matrikulazio prozesuan egin dituen aldaketen artean nabarmenena. Topagunearen esanetan, neurri honek erakusten du Jaurlaritzak «azkenean» onartu duela «gizarte justiziako arazo bat» dagoela —segregazioa, alegia—. Baina: «Arazoaren kausari aurre egin beharrean, sintomari baino ez dio heltzen». Izan ere, Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren irudiko, bi sareen arteko ikasleen banaketa «onartezina» ez da sintoma bat baino, eta horren atzean dagoen arrazoia «pribatu-itunduaren presentzia izugarria, ituntze maila ia erabatekoa, eta bere praktika txarren gaineko kontrol falta» da. Gainera, ikasle zaurgarriak itunpekora bideratuta, ziurtatu dute horiek diru gehiago jasoko dutela. Hortaz, taldeak beste konponbide bat proposatu du: «Kontua ez da mota bateko edo besteko ikasleak banatzea, horrek dakarren estigmatizazio arriskuarekin, egungo eredu duala blindatzen jarraituz, baizik eta eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea».

Halaber, eskola leku gehiegi eskaintzen direla uste dute, eta, azaldu dutenez, ikasleen onarpenari buruzko dekretuak bazekarren gehiegizko eskaintza saihesteko asmoa; hura garatzeko gerora atera zuten aginduak, ordea, ez. «Horrek zuzenean kalte egiten dio sare publikoari, eta murriztu egiten du, leku publikoak sortu beharrean itunpeko sareari nahi adina hazten utzi zaiolako».

Egungo egoeraren balorazioa egitearekin bat, gurasoak animatu dituzte seme-alabak sare publikoan matrikulatzera: «Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde». Horretarako zenbait arrazoi eman dituzte: besteak beste, unibertsala izatea, euskalduna, askotarikoa eta inklusiboa.

Dozena bat eragilek baino gehiagok babestu dute Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren dokumentua: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Donostialdeko eta Lasarte Oriako plataformek; Ordiziako euskal eskola publikoko komunitateak; Amurrioko hezkuntza publikoaren sareak; Debagoieneko Goieskolak; EHIGEk, Heizek; Ikasle Sindikatuak; Ikasle Abertzaleak taldeak; Ikamak; Ikasle Ekintzak; Gazte Komunistak; Steilasek; CCOO irakaskuntzak; eta ESK sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.