Eusko Legebiltzarra

Urkulluk uste du euskararen aurkako epaiek ez dutela zalantzan jartzen hizkuntz politika

Urteko lehen kontrol saioa egiten ari dira Eusko Legebiltzarrean. Osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana babestu du lehendakariak.

Urkullu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 3a
12:09
Entzun

Eusko Legebiltzarrak urteko lehen kontrol saioa egin du gaur. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk zenbait gairen inguruko erantzunak eman behar izan ditu; besteak beste, euskararen erabileraren aurkako azken epaien, Osakidetzako langileen esklusibotasunaren eta De Miguel auziaren inguruan mintzatu da.

EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek adierazi du auzitegiek azken asteetan eman dituzten ebazpenak «oztopo» eta «eraso» direla euskararen erabilera normalizatzeko bidean: «Errealitate bat da atzerapausoek eta euskararen aurkako erasoek ez dutela etenik». Hala, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio euskara gai zentral gisa tratatzeko, eta jarrera proaktiboa eskatu dio gai horretan. Eskatu dio euskalgintzarekin dituen harremanak indartzeko horretarako, eta euskara erdigunean jarriko duen herri akordio bat proposatu dio lehendakariari. Izan ere, Iriarteren esanetan, «erronka handiak» ditu euskarak, eta horiek aukera moduan jorratu behar dira, zenbait eragilek eta auzitegik jar ditzaketen «galgen» aurrean.

Urkulluren esanetan, Irunen (Gipuzkoa), Laudion (Araba), Barakaldon (Bizkaia) eta Gasteizen judizializatu diren auziak tokiko erakundeen esparrura mugatzen dira, eta lanpostu publiko jakin batzuk ondo zehaztu diren ebaztera mugatzen dira: «Horietako bakar batek ere ez du zalantzan jarri hizkuntza normalizazioaren prozesua». Halere, azaldu du euskararekin zerikusia duen gai orok «kezkatzen» duela Jaurlaritza, eta lan egiten ari dela euskara biziberritzeko prozesuaren aldeko «hizkuntza politiko progresiboa eta tokian tokiko ezaugarrietara egokitua» aplikatzeko. Hala, azaldu du berme juridikoak areagotuko dituztela, eta gaiari arreta berezia jarri diotela tramitazio bidean den dekretu berri batean, zeinak herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duen.

Esklusibotasuna

Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaile Miren Gorrotxategiren esanetan, «bizirik» dago osasun publikoko medikuen esklusibotasunaren inguruko eztabaida, eta horren adibide da Nafarroako kasua. EP-IUk urtarrilean aurkeztu zuen esklusibotasuna bermatzeko proposamena. Hartan, proposatu zuen beste modu batera arautzea Osakidetzako zerbitzuburuen bateraezintasuna, zerbitzu publikoen eta pribatuen arteko «interes gatazkak» sortu daitezkeelakoan. Hala, eledunak Urkulluri eskatu dio Jaurlaritzaren jarrera argitu dezala, EAJko eta gobernuko zenbait kidek erantzun kontrajarriak eman dituztelakoan.

Lehendakariaren ustez, ordea, eztabaida ez dago mahai gainean. Haren ustez, esklusibotasuna ezartzeak «lehia gogor bat» eta «kostu handiago bat» eragingo lituzke, langileak falta direlako. Hala, osasun sistema publikoaren eta pribatuaren arteko harremana defendatu du, esanez «normalizatuta» eta araututa dagoela bien bizikidetza: «Biak aurrez aurre jartzeak ez dio inori mesede egingo». Urkulluren hitzetan, Osasun Sailaren aurrekontuaren %5 bideratzen da sistema pribatuak ematen dituen zerbitzu horietara: «Gure eredua nagusiki publikoa da».

'De Miguel auzia'

De Miguel auziaren ingurukoak ere erantzun behar izan ditu Urkulluk. Lehendakariak azaldu du bera izan zela Alfredo de Miguelen aurkako neurriak hartzen lehena, EAJren Buru Batzarreko presidente zela, eta EAJk ez duela zerikusirik auziarekin: «Hamahiru urteko ikerketaren ostean, ez dago EAJren kontrako ezer». Era berean, azaldu du alderdi edo gobernu batek ezin duela bermatu «legezkotasunaren aurkako jarduerarik» ez gertatzea, baina gehitu du Jaurlaritzak prebentzio neurriak hartu dituela.

PP-Ciudadanoseko eledun Carlos Iturgaizek galdetu dio gaiaz, eta De Miguel babestu izana leporatu dio Urkulluri: «Zure alderdiak beso zabalik hartu zuen». Hazi fundazioan izandako ardurak ere kritikatu ditu, eta EAJri leporatu dio ustelkeria «saritzea». Epsilon, Alonsotegi, Osakidetzako LEPak eta abar aipatu ditu. PPren ustelkeria kasuei erreferentzia eginda, Urkulluk alderaketak egitea «saihestu» du, Iturgaiz «ataka batean» ez jartzeagatik.p>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.