Albistea entzun

Lehengaien eta energiaren prezio handiak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi

2023an Gipuzkoako ekonomia %0,5 eta %2 artean handituko dela aurreikusten du Adegik. Enpleguaren inguruko datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla gehitu dute.

Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan.
Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko otsailak 3

Pandemiak eta Ukrainako gerrak baldintzatutako urteen eraginez, produkzio kostuak handitu izana da Gipuzkoako enpresarien kezka nagusia, Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak egindako inkesta baten arabera. Lehen lekuan, lehengaien eta energiaren prezio handiak jarri dituzte, baina diote bigarren buruhausterik handiena «lan kostu handiak eta soldata igoerak» direla. Horien ostean, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera daude.

Bestalde, Gipuzkoako ekonomiak 2023an izango duen hazkundearen aurreikuspena ere egin du Adegik. Haien kalkuluen arabera, herrialdeko barne produktu gordina %0,5 eta %2 artean handituko da aurten, eta 2.000 eta 2.500 enplegu artean sortuko direla uste dute. Hazkunde «apala» egongo dela uste du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak: «Hazkundea bai, baina hazkunde apalagoa». 2022an ekonomiak izan duen hauspoaren azpitik dago aurtengo aurreikuspena, %4 handitu baitzen BPGa iaz. Hein handi batean, ulergarria da aurten hazkundea jaistea, 2020. eta 2021. urteak oso zailak izan baitziren, pandemiaren ondorioz izandako geldialdiagatik, eta 2022an urte horietan galdutako zati handi bat errekuperatu zen.

Oro har, Gipuzkoako enpresen konfiantzak «pixka bat» gora egin duela adierazi du Aierzak. Hori dela eta, enpresen erdiak baino gehiagok diote euren merkatua normaltasun egoeran dagoela, eta %34k diote berraktibazioa ikusten dutela.

2022ko azken hiruhilekoan %5,8 handitu zen enpresen fakturazioa, urte bereko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Igoera hori bi faktore nagusirengatik gertatu dela iritzi du Adegik: lehenik, metalaren industriak kanpoko merkatuan izan duen «erreboteari esker», eta, bigarrenik, prezioen igoerari esker.

Enpresarien kezken artean, lan kostuen igoera bai, baina langileen erosteko ahalmenaren galera agertu ere ez da egiten. Horri buruz, Aierzak dio enpresari guztiak daudela kezkatuta inflazioarekin, baita orokorrean produkzio gastu igoerarekin ere. Industrian soldatak KPIaren arabera igo direla gogorarazi du Aierzak, eta iritzi dio enpresek «esfortzu handia» egin dutela langileen erosteko ahalmenari eusteko.

2020ko kopuruetara gerturatzen

Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak adierazi du egun jada pandemiaren aurreko datuetara iritsi dela Gipuzkoa enpleguan. Arlo horretan, egoera pandemiaren aurretik baino %1,3 hobeto dagoela dio Sasigainek. Hala ere, adierazi du oraindik ez dela lortu pandemiaren aurreko BPGa berreskuratzea, baina dio 2023rako aurreikuspen baikorrena (+%2) betetzen bada 2020 hasierako datuetara iritsiko dela. Hala ere, aurreikuspen ezkorrena (%0,5) betetzen bada, «nekez» lortuko da 2020 hasierako BPGa, Sasigainen hitzetan.

Metaleko hitzarmena

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena berritzeko akordioaren ostean, Gipuzkoaren txanda da orain. Sindikatuak hasi dira euren proposamenak egiten, eta negoziazioen garaia dator datozen asteetan. Negoziazioak hasi besterik ez direla egin adierazi du Aierzak, horregatik ez du oraindik baloraziorik egin nahi. Hala ere, azken negoziazioetan bezala, akordioa «gatazkarik gabe» lortzea espero du: «Negoziazio prozesu bat hasten dugun bakoitzean, akordio bat lortzeko jarrerarekin hasten dugu, eta, nola ez, modu ordenatu eta gatazkarik gabeko batean. Enpresentzat eta bertako pertsonentzat akordiorik onena lortzen saiatuko gara».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. ©#BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER

LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Maddi Iztueta Olano

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.
Haur migratzaileak Donnan (Texas), AEBetara iritsi berritan. ©DARIO LOPEZ-MILLS / EFE

Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

M.I.O.

Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.
VWen lantegia, Nafarroako handiena, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Iker Aranburu

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Auto baten ihes hodia ©JULIAN STRATENSCHULTE (Efe)

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Jokin Sagarzazu

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...