Emari: erreferenteak diren emakumeen inguruan ikasteko jokoa
Egunero, emakume baten izena asmatu behar dute erabiltzaileek, eta horretarako bost arrasto izanen dituzte.

Erreferentea den zientzialari, mediku edo idazle baten izena galdetzean, maiz gizonezkoak soilik aipatu ohi dira. Hori ez da gertatzen ez dagoelako arlo horietan buru-belarri lanean aritu den emakumerik, baizik eta gehienetan ezezagunak direlako. Arazo horri irtenbide bat eman nahian, Kalaka enpresak Emari jokoa kaleratu berri du.
Edozein gailutan instalatu daiteke aplikazioa, eta honela funtzionatzen du: egunero, emakume erreferente baten izena asmatu behar dute erabiltzaileek, eta horretarako bost arrasto izanen dituzte. Laguntza horiek askotarikoak izan daitezke: emakumearen bizitzari edo ogibideari buruzko datuetatik hasi, eta haren argazki bateraino. Erantzuteko denbora mugatua dago: 90 segundo.
Emakundek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek babestutako proiektua da. Gainera, Emariak proiektuaren barruan garatu da jokoa. 2018an, Emariak izeneko liburua sortu zuen Kalakak: erreferenteak diren hamar emakumeren eta bi kolektibo feministaren biografiak eta ilustrazioak txertatu zituzten bertan. Bi urte geroago, Emariak karta jokoa egin zuten: 39 emakume biltzen zituen, hamahiru arlotakoak.
Euskarazko joko gehiago
Emari bezala, badira euskarazko bertze zenbait joko: Egunean Behin, WorldlEH, Wikitribia eta Berbaxerka. Azken hori BERRIAren webgunean dago eskura joan den urtearen erdialdetik: hemen jokatu daiteke.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.