Albistea entzun

KRISIA OSASUNBIDEAN

Dozenaka lagun Iruñean, «esklusibotasunaren alde eta osasunaren pribatizazioaren kontra»

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, Osasunbidearen egoitzaren aurrean elkartu dira dozenaka pertsona, «osasun publikoa parasitatu nahi dutela» salatzeko

ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko otsailak 4

«Zirt edo zart egin behar dugu, eta erabaki: herritarren eskubideen eta osasun unibertsalaren alde gaude, ala negozio pribatuen alde?». 200 bat pertsonak osasun sistema publikoaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Osasun Plataformak deituta. Zehazki, kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren arteko negoziazioetan mahai gainean jarri dela medikuen esklusibotasuna kentzea. Plataformako kideen esanetan, «osasunaren pribatizaziora daraman bidea» da hori: «Herritarrak kezkatuta gaude, Nafarroako Gobernuak interes korporatiboei men egin nahi dielako, horrek ez baititu konponduko osasun sistema publikoak dituen arazo ugariak. Esklusibotasuna kentzea beste bide bat da osasun sistema publikoa pribatizatzeko, hondatzeko eta, baliabide publikoak espoliatuz, etikoak ez diren praktika irregularrak orokortzeko», azaldu du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko kide eta plataformako ordezkari den Iñaki Moreno Sueskunek. Zehazki, sendagileak sare publikoan eta pribatuan nahieran aritzearen ondorioak, luzera, «oso kaltegarriak» izanen liratekeela gaineratu du: «Horrek ekarriko luke herritarrek eskubideak galtzea eta, neurri hori aplikatu duten autonomia erkidegoetan ikusten ari garen bezala, sistema publikoaren kalitatea okertzea. Ondorioetako batzuk dira itxaron zerrendak handitzea eta osasun unibertsalerako sarbidean dauden desorekak eta gizarte arrakalak handitzea».

Nafarroako Osasun Plataformak «zalantzan» jarri du administrazio publikoek izurri garaian txalotutako lankidetza publiko-pribatua: «Osasun Departamentuak sinetsarazi nahi digu, harreman horretan, bi aldeek jasotzen dituztela onurak; gure iritzian, ordea, sistema publikoa parasitatzea da, negozio pribatuei mesede egiteko».

Morenok azaldu du sistema publikoaren gainbehera ez dela oraingoa, eta kritika gogorra egin dio orain Sindikatu Medikoaren aldarrikapenen alde azaldu den UPNri: «Zenbait gobernuk ezarritako murrizketen eragina sumatzen ari gara oraindik. Gobernu horiek bidea itxi zieten profesional berriei, erretiro adinean ziren langileen ordezkatzea zailduz, aurrekontu publikoak blokeatu zituzten eta gure lanbideak prekarizatu. Hortaz, konponbidea ez da etorriko politika horiek sustatu zituztenen aldetik».

Sare publikoa indartze aldera, zenbait neurri proposatu ditu plataformako ordezkariak: «Lantaldea egonkortu behar da, paziente bakoitzak mediku edo erizain bera ikus dezan artatzen duten bakoitzean; lan baldintza duinak behar dira osasun arloko langileek ez dezaten alde egin; eta horrek guztiak eskatzen du osasun sistemaren eta, bereziki, lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea, kalitatezko arta presentziala bermatzeko».

Morenok eredutzat jo ditu azken asteetan Nafarroako hainbat herritan egin dituzten protestak, osasun sistema publikoaren alde. «Sakana, Bortziriak, Baztan... Hainbat eskualde hasiak dira mobilizatzen, eta eredu hori hedatuko da pixkanaka».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...