Albistea entzun

ESPANYOL 1-1 OSASUNA

Osasunak puntu gazi-gozoa lortu du Espanyolen zelaian

Aurrea hartu du atsedenaren aurretik, baina itzali egin da gero, eta ezin izan du berdinketa saihestu. Bi taldeak hamar jokalarirekin aritu dira bigarren zatian

Pablo Ibañez Osasunako jokalaria, baloiarekin.
Pablo Ibañez Osasunako jokalaria, baloiarekin. Alejandro Garcia / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko otsailak 4

Kopako ajea nozitzen ari da Osasuna. Lehiakor jarraitzen du, baina txinparta puntu bat falta zaio puntu gehiago bildu ahal izateko. Gaur, bakarra bildu du Espanyolen zelaian, markagailuan aurretik jarri eta neurketaren zatirik handienean baloiaren jabe izan den arren. Zalantzati itzuli da aldageletatik, eta banako gola jaso ondoren berpiztu izanagatik, berdinketarekin konformatu behar izan du. Nafarrek bi puntu batu dituzte bakarrik azken hiru partidetan; hots, lausotzen ari zaie Europako postuen ametsa.

Arrapaladan ekin dio neurketari Espanyolek. Joseluren azken orduko hutsuneak ez du uzkurtu, eta aukera ona izan du hasi orduko, korner batean, Braithwaiteren bidez. Bakar-bakarrik zegoen danimarkarra, baina erdira errematatu du. Estualdiak ez du askorik iraun Osasunarentzat, baloia mantenduz etxekoen abaila apaltzea lortu baitu. Hori gutxi ez, eta lehen gola egitear izan da 8. minutuan: sukalderaino sartu da Abde, David Garciaren pase sakona jasota, baina marokoarraren jaurtiketa hankarekin gelditu du Alvaro Fernandez atezainak. Hasiera frenetikoa izan du norgehiagokak.

Zelai-erdian jokalariak pilatu eta ezker hegaletik jokoa sakontzen saiatu dira gorritxoak. Itzaletan zegoen hegal hori, baina aukerarik argienak bertatik abiatuta sortu dituzte bi taldeek. Aleix Vidalek erdiraketa arriskutsua egin du 19. minutuan, eta David Garciak atetik gertu moztu du. Ondorengo kornerrean, Puadoren burukada zutoinera joan da.

Nafarrak ere mehatxari aritu dira aireko jokoan, Ante Budimirren garaiera baliatuz. Kroaziarra setati ibili da area barruan, eta talka gogorrak izan ditu atzelariekin. Buruz erdira errematatu du lehenik, eta atsedenaren atarian markagailuan aurretik jarri du Nafarroako taldea. Korner baten ondorengo jokaldian iritsi da gola: Chimyk talka egin du arean aurkari batekin, eta aldaratzean bizi eta fin ibili da Budimir. Hanka luzatu, eta oinaren kanpoko aldearekin egin du errematea. Bigarren gola du ligan; Espanyoli berari egin zion bestea, Sadarren.

Bukaera zalapartatsua izan du lehen zatiak, luzapenean bigarren txartel horia erakutsi baitie Gil Manzanok Abderi eta Pierre-Gabrieli. Buruz buru aritu dira lehen zati osoan zehar, eta jokaldi baten osteko ika-mika zorrozki zigortu du epaileak. Jokalariekin hitz eginez konpon zitekeen egoera.

Hori horrela, bi taldeak jokalari bat gutxiagorekin aritu dira atsedenetik bueltan. Egoerak Espanyoli egiten zion mesede; partida ahalik eta irekiena izatea komeni zitzaion, banako gola sartu ahal izateko. Gainera, Diego Martinez teknikariak sendotu egin du etxekoen zelai-erdia, Osasunari baloia kentzeko intentzioz. Hala gertatu da, eta Jagoba Arrasateren mutilek galdu egin dute neurketaren kontrola. Sufritzen hasi dira beren zelaian, Aitorrek esku miragarri bat atera behar izan du, eta azkenean, ezin izan dute berdinketa ekidin. 59. minutuan iritsi da, nafarrek gaizki defendatu eta Braitwhaitek oin puntarekin sareratu duen erdiraketa batean.  

Larri zebilen Osasuna, eta hala jarraituz gero, Iruñera punturik gabe itzultzeko arriskuan zegoen. Alabaina, suspertu egin zuten Arrasateren aldaketek. Atsedenean Torro kentzeak ez dio onik egin taldeari, baina Ruben Garciak eta Pablo Ibañezek indartu egin dute zelai-erdia. Hartara, baloiaren jabe bihurtu da berriro Osasuna, eta Espanyolen zelaian jokatu du minutu luzez. Darderrek distiratsu segitu du, baina etxekoak ez zaizkio gehiago hurbildu Aitor Fernandezi.

Iruindarrek garaipenaren bila jo dute, baina argitasuna eta fintasuna falta izan zaie aurkariaren azken lerroak gainditzeko orduan. Atera jaurtiketa bakar bat ere ez dute egin bigarren zati osoan. Garaitzeko gola urrun izan dute, eta ondorioz, ezin izan dira Europako postuetara gerturatu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baionako zaleak Anoeta inguruetan. ©A. CANELLADA / FOKU

Donostia are txuri-urdinago

Ainara Arratibel Gascon

Baionaren milaka zale izan dira Anoetan, taldea animatzen. Aurretik giro ederrean ibili dira Donostiako kaleetan, Paueko zaleekin batera egun polit bat igaroz.
Baionako eta Paueko jokalariak, nor baino nor gehiago, atzo, Anoetan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Anoetan galdu du lehenengoa

Iñaki Berastegi

Baionak denboraldiko lehen partida galdu du etxean, Paueren kontra. Txuri-urdinen hamabostekoan lau euskal jokalari aritu dira. 38.646 zalek bete dituzte harmailak
Take Kubo jaurtiketa bat egiten, aurreko igandean, Elxen aurkako norgehiagokan. ©JUAN HERRERO / EFE

Gereziondoa loretan nola

Jon Ander De la Hoz

Take Kubo izan da orain artean Realean gehien nabarmendu diren jokalarietako bat. Lehen sasoia osatzen ari da japoniarra Donostian, eta eroso ari da: bost gol sartuta, garrantzitsu bilakatu da.
Guillaume Rouet—eskuinetik hasita hirugarrena—Baionak Anoetan azken aldiz jokatu zuenean. Lapurtarrak berriz arituko dira gaur Donostian. ©BAIONA

Anoetan, etxean bezala

Iñaki Berastegi

Baionak Paueren aurkako Top14 ligako partida jokatuko du gaur Anoetan (17:00). Gaurkoarekin, baionarrek bosgarrenez jokatuko dute Donostian etxeko talde gisa: aurreko lau neurketak irabazi ditu. Sarrera guztiak agortuta daude.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...