Indarkeria matxista

PSOEk bere kabuz erregistratu du sexu askatasunari buruzko legea aldatzeko proposamena

Patxi Lopez bozeramailearen arabera, helburua da «lege on» baten «nahi gabeko ondorioak zuzentzea». Zigor tarteak moldatu dituzte, «jokabide batzuen larritasuna» jasotzeko.

Patxi Lopez PSOEko bozeramailea eta Andrea Fernandez Berdintasun idazkaria, gaurko aurkezpenean. DANIEL GONZALEZ / EFE
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 6a
13:05
Entzun

Soilik baietz da baietz legea aldatzeko prozesuan, bere kabuz arituko da PSOE, Unidas Podemoseko gobernu bazkideen eta Berdintasun Ministerioaren adostasunik gabe. Asteburuan negoziatzen ibili ostean, akordiorik ez dute lortu, eta sozialistek gaur erregistratu dute Espainiako Kongresuan sexu indarkeriari buruzko araua aldatzeko lege proposamena. Aurreko Zigor Kodean jasotako zigor tarteak berreskuratu nahi ditu PSOEk: batetik, ez du berreskuratuko abusu delitua, eta ez du ezabatuko emakumeen onespenaren ideia; bestetik, zigorren tarteak zabaltzea eta igotzea proposatu du.

Indarrean den legearen arabera, sexu erasotzat hartzen dira «beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka haren onespenik gabe egiten diren jardun guztiak»; indarkeria, larderia edo nagusitasuna erabiliz egiten direnak, baita biktimaren borondatea baliogabetuta dagoenean ere, denak dira eraso, Soilik baietz da baietz legearen testuaren arabera. Printzipio horren gainean ezartzen dira zigorrak, kontuan hartuta erasoan sarketarik izan den ala ez: sarketarik gabeko erasoek urtebete eta lau urte arteko zigorra jasoko dute, eta bi eta zortzi urte artekoak, larrigarririk badago; sarketarik bada, lau eta hamabi urte arteko zigorra jarri ahalko da, eta zazpi eta hamabi urte artekoa, larrigarririk bada.

Ikusi gehiago:Nafarroako Probintzia Auzitegiak ez du arinduko Iruñeko talde bortxaketako espetxeratuetako baten zigorra

PSOEk proposatu duen erreforman, zigor tarte horiei mailaketa bat erantsiko diete, indarkeria edo larderia erabiltzen den edo biktimaren borondatea baliogabetzen den kasuetarako: asmoa da «zigor markoa egokitzea, arauak adieraz dezan jokabide batzuk larriagoak direla», gaur Kongresuan erregistratutako testuak dioenez. Hortaz, sarketarik gabeko erasoetan, zigorra urtebete eta lau urte artekoa izango da, orain bezala; baina halako eraso batean indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea baldin badago, zigorra urtebete eta bost urte artekoa izango da —aurreko Zigor Kodeak jasotzen zuen bezala—. Erasoan sarketa badago, zigorra lau eta hamabi urte artekoa izango da, orain bezala; baina indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea baldin badago, sei eta hamabi urte arteko zigorrak ezarri ahalko dira.

Patxi Lopez PSOEren bozeramailearen arabera, Kongresuan aurkeztu duten testuaren helburua da «lege on» baten «nahi gabeko ondorioak zuzentzea», eta zigor murrizketek eragin duten «alarma soziala» desagerraraztea. Berdintasun Ministerioak, ordea, deitoratu egin du PSOEk bere kabuz aurkeztu izana lege proposamena: «ulertezintzat» jo du akordiorako aukerak «haustea», eta PPren «proposamen bera aurkeztea». Horren inguruan, Lopezek adierazi du ez dutela inorekin negoziatu gobernu koaliziotik kanpo, «eta are gutxiago eskuinarekin».

Lege proposamena «urgentziaz» tramitatu nahi du PSOEk, eta horrek epeak laburtuko lituzke: testua hiru asteren barnean atera daiteke Kongresutik Senatura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.