Albistea entzun

Mendia

Mendiko eskiaren festa bueltan da Izaban

Bandres-Karolo oroimenezkoa egingo da asteburu honetan Erronkariko mendietan, hiru urteko hutsunearen ondoren

Bandres-Karolo probaren aurreko edizio bateko irudia.
Bandres-Karolo probaren aurreko edizio bateko irudia. Ramon Olasagasti Tamaina handiagoan ikusi

Ramon Olasagasti -

2023ko otsailak 8

Mendiko eskian Euskal Herrian den topaketa nagusia, Bandres-Karolo oroimenezkoa, bueltan da: asteburu honetan, otsailak 11-12, jokatuko da, proba Belagua inguruko mendietan, hiru urteko hutsunearen ondoren. COVID-19aren pandemia eta elur falta tarteko, azken hiru urteotan ezin izan da egin proba. Aurten, ordea, elurra bai eta COVIDaren mugarik ez, mendiko eskiaren proba nagusia Erronkarira itzuliko da. Izen emateak aspaldi osatuta eta itxita daude, eta, beraz, osagai guztiak ditu aurtengoak bete-beteko festa izateko.

Ohikoa denez, bi proba jokatuko dira asteburuan. Batetik, lineako lasterketa, eta, bestetik, kronoigoera. Bietan lortutako sailkapenaren baturatik aterako da oroimenezkoaren irabazlea. Azken aldian, 2019koan, Igone Campos zumarragarra eta Ivan Cuesta kantabriarra izan ziren txapeldun. Zer egunetan jokatuko den lineakoa eta zer egunetan kronoigoera, eguraldiaren araberakoa izaten da. Bi egunetarako eguraldi iragarpenak onak balira, larunbatean lineako lasterketa jokatuko litzateke, eta igandean kronoigoera, baina hori, asteburua gerturatu ahala, eguraldi iragarpen zehatzen arabera erabakiko du antolakuntzak.

Bandres-Karolo oroimenezkoak, gainera, hainbat txapelketa hartuko ditu. Batetik, lineako proba Euskal Herriko Mendiko Eskiko Koparen egutegiko proba denez, Koparako puntuagarria izango da, eta, aldi berean, Nafarroako Txapelketa ere bai. Kronoigoera, berriz, modalitate horretako Euskal Herriko Txapelketa izango da.

‘Into the ice’ proiekzioa, bertso-poteoa...

Mendiko jardunaren ondoren, arratsaldean festak Izabako zineman eta kaleetan jarraituko du. Antolatzaileek urtero aitortza egiten diote mendiko eskiatzaile bati edo kirol honen hedapenean lan handia egin duen norbaiti. Aurten, Jumere aita-semeek jasoko dute Bandres-Karolo saria. Hutsik egin gabe, Wilfrid semea urtero-urtero izan da Bandres-Karolo oroimenezkoan, eta hainbatetan proba irabazi du gainera; eta aurten ere partaideen artean izango da. Aita, berriz, iraupen eskiko eskiatzaile handia izandakoa, semearen ondoan izaten da beti, laguntzen.

Zineman bertan, Eñaut Izagirre glaziologoak Into the Ice proiekzioa emango du. Darwin mendikatera eginiko bidaia azaltzen du ikus-entzunezkoak. Hego Amerikako muturrean dagoen ia esploratu gabeko mendikatea da Darwin, urrunekoa eta basatia. 2022ko martxoan eta apirilean, zazpi lagunek nabigatu, eskalatu eta esploratu zuten beste inork zapaldu gabeko lurralde hori. Helburua: bertako glaziarrak klima aldaketari nola erantzuten ari diren ikertzea, eta Roncagli eta Cerro Sara mendien lehen igoera egitea.

Ikus-entzunezkoaren ondoren, bertso-poteoa izango da, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin. Kirolaren ondotik, beraz, lagunartea eta festa giroa nagusituko dira Izabako kale eta tabernetan.

EGITARAUA
Ostirala, otsailak 10
17:30etatik aurrera. Dortsal banaketa eta ibilbideari buruzko bilera informatiboa Izabako Hotelean.

Larunbata, otsailak 11
9:00. Probaren irteera.
12:00. Antolakuntzak eskainitako luntxa.
17:00. Proiekzioa Izabako zineman: INTO THE ICE, Eñaut Izagirreren eskutik.
18:00. Bertso-poteoa, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin.
19:30. Bilera informatiboa hurrengo eguneko ibilbidea azaltzeko.

Igandea, otsailak 12
9:00. Probaren irteera.
13:00. “Artzain-migak” frontoian.
14:00. Sari banaketa ekitaldia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urrezko aro berria

Lur Gil

Lesakako Beti Gazte sokatira taldea gorenera iritsi da. Lehen aldiz eman dio euskal selekzioari urrezko domina bat Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan, eta, gainera, lehenengo aldiz izan da munduko txapeldun maila mistoan, lur gainean eta goma gainean.
Maria Iantzi eta Karmelo Mitxelena Beti Gazteko tiratzaileak, Lesakako plazan, Ipar Irlandatik ekarritako sariekin. ©LUR GIL
 ©JON URBE / FOKU

«Denboraldian izan ez dugun konfiantza daukagu orain»

Julen Etxeberria

Bidasoa Sporting Lisboaren aurka ariko da gaur Artalekun, Europako Ligako final-zortzirenetako joanekoan (20:45, ETB4). Gorka Nietok esan du «bete-betean» aritu behar dutela, «gauzak ondo edo gaizki joan».
Txirrindulari bat Okabe mendiaren gailurrean. Iratiko basoaren behatoki ezin hobea da. ©IVAN RUIZ

Iratiko mendietan zehar, basoari so

Ivan Ruiz

Besteak beste, Okabe mendira igoko gara mendi bizikletarako ibilbide honetan, eta baso handi horren ikuspegirak ederrenez gozatuko dugu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.