Maite Mutuberria ilustratzaileak diseinatu du Euskal Herriko Itzuliaren aurtengo kartela

Azken lau aldietan bezala, Euskadi literatura sariaren irabazleak egin du Itzuliaren kartela; Mutuberriak 'Irrimola' lanarekin lortu zuen saria.

Maite Mutuberria Euskal Herriko Itzuliaren kartela aurkezten, gaur. EUSKAL HERRIKO ITZULIA
Jone Bastida Alzuru.
2023ko otsailaren 6a
17:37
Entzun

Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du Euskal Herriko 62. Itzuliaren kartela. Gaur egin dute aurkezpena, Bilboko Arte Ederren Museoan, eta kartelaren xehetasunak azaldu ditu egileak: «Bueltatu, biratu, irauli. Lehen begi kolpean, kartelak itzuli hitzaren adierarik nabarienak irudikatzen ditu. Aldi berean, txirrindulariek lasterketan egiten duten ahalegin itzela islatu nahi izan dut. Sisiforen harkaitza balitz bezala, txirrindulariek bizikleta gailurrera bultzatzen dute, berriz ere haranera jaisteko, itzulinguru etengabean». Azken lau aldietan bezala, Euskadi literatura sarien irabazleak egin du Itzuliaren kartela; Mutuberriak Irrimola lanarekin eskuratu zuen saria.

Diseinuari eutsiz, Itzuliaren koloreak erabili ditu ilustratzaileak, «ohiko berde, gorri eta zuriak biziagotuz, gure kaleetan lasterketa egunetan bizi den giro alaia iradokitzeko». Maillotaren hori deigarria gehitu die kolore horiei.

Kartela egiteko, Itzuliaren sorburura jo du; hots, XX. mendearen hasierako urteetan murgildu da, Itzulia sortu zen garaian. Orduko euskal pintoreen lanei arretaz erreparatu diela onartu du, tradizioa irudikatzeko zuten modu eta tonu estilizatuetatik «zerbait ikasi nahian».

Mutuberria kartelaren egilea Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da, eta goi mailako teknikaria ilustrazioan. 30 liburu baino gehiago ilustratu ditu, tartean Barruko hotsak, Joemak eta polasak, Lilo eta Xomorropoemak. Lohia eleberri grafikoaren egilea ere bada, eta, besteak beste, Kirico, Lazarillo, Peru Abarka eta Etxepare sariak jaso ditu.

Aspaldiko ohitura da euskal artista ezagunek Itzuliaren kartela egitea. 36ko gerraren aurretik egiten zuten, eta 2019an berreskuratu zuten joera hori. Ordutik, Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek eta Javier de Isusik egin dituzte.

Aurtengo lasterketa Gasteizen hasiko da, apirilaren 3an, eta 8an amaitu, Eibarren (Gipuzkoa). Sei etapa izango dira. Berrikuntza moduan, ez da erlojupekorik izango, ezta Arrate santutegiko amaiera mitikorik ere.

Tourrekoa, Raisa Alabak

Frantziako Tourrari, berriz, Raisa Alaba ilustratzaile arabarrak jarri dio aurtengo irudia. Iragan urrian egin zuten aurkezpena, eta, egileak azaldu zuenez, «mugitzeko eta bizikletan ibiltzeko gogoa» islatu nahi izan du. Horretarako, lan koloretsu eta alai bat egin du. Euskal Irudigileak ilustratzaileen elkarte profesionalak antolatutako lehiaketa irabazi zuen Alabaren kartelak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.