Osasun sistema publikoa, langileen eta pazienteen begietatik

arantxa iraola
2023ko otsailaren 7a
17:21
Entzun

«Osasun publikoak politikaren lehen lerroan egon behar du»
Felix Zubia, mediku intentsibista

«Osasun sistema publikoak hamabost urterako plangintza behar du», adierazi du Felix Zubiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1974). «Egoera honek ez du urtebeteko konponbiderik; norbaitek hori badio, gezurretan ari da». Gauzak aldatzeko baliabide gehiago izatea eta osasun publikoan diru gehiago jartzea ezinbestekoa dela uste du. Donostia Ospitaleko medikua da, zainketa intentsiboetako zerbitzuburua. Garrantzitsutzat dauka talde politikoen elkarlana, baina ezin dira bakarrik aritu: «Sindikatuetako eta langile erakundeetako kideen ahotsak ere kontuan hartu behar dira».

Zubiak proposatu duen epe luzerako planak, batetik, pazientea jarriko luke artaren erdigunean, eta, bestetik, lotura zuzena izango luke gizarte zerbitzuekin. «Osasun arazoek menpekotasuna sortzen dute askotan, eta menpekotasun horren erantzunak gizarte sisteman egon ohi dira maiz», nabarmendu du. Horretarako, pazienteei erantzun zabal bat emango dien zaintza sistema egokitua eratzea da haren nahia, osasun sistema publikoaren oinarria zein den ahaztu barik: «Lehen mailako arreta».

Aldi berean, egungo gizartearen beharrak betetzeko arreta eredua garatu behar dela uste du: gero eta zaharragoa den gizarte batek darkartzan premiei begira jardun behar da. «Ospitaleetako jarduera ere handitu egin beharko da, betiere pertsona bakoitzaren egoera eta adina kontuan hartuta». Adibide bat jarri du: «80 urte dituen pertsona bati minbizia diagnostikatzen diotenean, ebakuntza bat egitea edota kimioterapia oso gogorra ematea ez da beti komenigarria izaten». Gaixo bakoitzaren beharrak aztertu eta horren arabera jokatzearen aldekoa da Zubia.

Ildo horretan, gaixoekin aritzen diren profesionalen iritzia aintzat hartzeko eskatu du, eta parte hartzea sustatzen duen kultura sortzeko. «Bilerak ez daitezela izan espedienteak betetzeko zerbait, baizik benetako konponbideak aurkitzeko bidea». Ideologiak ideologia, ezinbestekoa iruditzen zaio pazienteekiko konpromisoa bermatzeko gizarte hitzarmena, eta gizarte osoak eratu beharko duen zerbait da. «Osasun publikoak politikaren lehen lerroan egon behar du, baina borroka politikotik kanpo».

«Bizitzaren medikalizazioari konponbidea eman behar zaio»
Irene Tubia, famili medikua

Elizondoko osasun etxean egiten du lan Irune Tubia familia medikuak (Iruñea, 1985). Aldatzeko gauza ugari atzeman ditu gaur egungo osasun sisteman; horietako batzuk, «oso aspaldiko arazoak». Haren irudiko, COVID-19aren izurriak «erabateko haustura» eragin zuen osasungintzan: «Orain pixkanaka lehengora bueltatzen ari bagara ere, aurretik zeuden gabeziak indar handiagoz azaleratu dira». Sendagile eskasia da horietako bat: «Duela hogei urtetik ari zaizkigu horretaz ohartarazten: mediku asko erretiro adinera hurbiltzen ari zirela, eta beharrezkoa zela berritzea, baina arduradunek beste alde batera begiratu dute. Azkenean, heldu da denok espero genuena: ez dago profesional nahikorik».

Horri aurre egiteko, bide «zuzenena eta garestiena» aukeratuko luke Tubiak: «Mediku gehiago prestatu eta kontratatu, jada lanean direnei trebakuntza jarraitu hobea eskaini eta, ohiko lan deialdiez gainera, beste alor batzuetako profesionalak ere kontratatu; dietetikan, fisiologian... Egun, oso espezialista gutxi daude Osasunbidean alor horietan, eta halakoak kontratatzeak mesede eginen liguke familia medikuei, lan karga handia arinduko ligukeelako».

Etorkizuneko osasun sistema imajinatzeko tenorean, «gehiegizko burokraziari» ere konponbidea bilatuko lioke Tubiak: «Lehen arretan, denbora asko galtzen dugu garrantzi eskasa duten lanetan katramilatuta. Paper kontuetan, alegia. Denbora hori aprobetxatuko bagenu pazienteak ikusten, jendeak ez luke astebetez zain egon beharko familia medikua ikusi ahal izateko».

Azkenik, «bizitzaren medikalizazioaren arazoari» ere helduko lioke. «Urteak daramatzagu entzuten edozertarako jo behar dugula medikuarengana. Ez du zertan horrela izan. Ez da beharrezkoa 20 urteko batek anbula- torioan ordua eskatzea zintzurreko minarekin edo sukar pixka batekin esnatu delako». Halakoak gero eta maizago ikusten ditu: «Errua ez da jendearena, osasun langileok ere sustatu baitugu dependentzia hori». Proposatu du baliabideak jartzea «prebentzioan» eta «gizartearen formakuntzan», bizimodu osasuntsuago bat eta osasun sistema eraginkorrago bat lortzeko.

«Jendeak, ahal bada, ez du joan behar ospitalera; azken pausoa da»
Pilar Lekuona, erizaina

«Osasun sistema publikoaren etorkizuna zein den? Lehen mailako arreta». Zalantzarik gabe erantzun du Pilar Lekuonak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966), Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidenteak. Urteak daramatza erizain lanetan, baita erizainek egiten duten lana aldarrikatzen ere. «Unibertsitate ikasketak, masterrak eta doktore tesiak egiteko aukera dugu orain, eta gure lana medikuek egiten dutenaren osagarria da», argudiatu du. Horregatik uste du, hain zuzen ere, lehen mailako arreta erizainek ere kudeatu beharko luketen zerbait dela. «Hauxe da arta horretan jarduteko momentua; ez sendagileek egiten dutena egiteko, baizik eta prebentzio lanak arintzeko».

Izan ere, datozen hamarraldietan beharko den osasun sistema publikoa hobetzeko gakoa «prebentzioa» dela aldarrikatu du erizainak. «Jendeak, ahal bada, ez du ospitalera joan behar; azkeneko pausoa da hori, garestiena». Behar bezalako lehen mailako arreta izatea da horra ez iristeko neurririk onena, baita gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten etxez etxeko zerbitzuak hobetzea ere. «Osasun zentroetara doazen paziente askok ez dute osasun beharrik izaten, gizarte arazoak baizik». Ezinbestekoa da, beraz, zerbitzu bien artean behar bezalako «kohesioa».

«Diziplina anitzeko arreta» deritzo pertsona bat osasun etxera heltzearen atzean dauden aldagaiak aztertzeari, eta bestelako zentroetan ere kontuan hartzeko zerbait da, Lekuonaren ustez. «Zahar etxeetan, esaterako». Paziente bakoitzaren egoera eta errealitatea ikertzeko denbora izatea da halakoetan garrantzitsuena. «Erizainen lantalde guztiek beterik egon beharko lukete horretarako, eta baliabide gehiago ere behar lirateke».

Osasun sistema publikoaren inuguruan dituen nahiak utopiatik urrun daudela uste du Lekuonak, eta oinarrizko kontuak berritzea da, haren iritziz, garrantzitsuena: oinarri on batzuk jartzen hastea. Urteotan urratutako bide erratu asko pandemiak oraindik agerikoago utzi dituela uste du. Orain da gauzak aldatzen hasteko garaia: «Profesionalek lan egiteko gogoa dute, baina zaindu egin behar ditugu». Ematen den arta, bestela, ez da onak izango. «Guztion konpromisoa da».

«Gaixook ere asko daukagu emateko: parte hartu nahi dugu»
Olatz Mercader, pazientea

Olatz Mercaderren (Zarautz, Gipuzkoa, 1976) gurasoak minbiziak jota hil ziren biak, duela hamar urte baino gehiago. 2020an diagnostikatu zioten berari ere gaixotasun bera, baina gurasoek jasotako arta eta berak jasotakoa nahiko desberdinak izan direla esan du. «Aldaketa nabariena da zita orduak ez direla batere koordinaturik egoten; esaten diguten gauza bakarra da deituko digutela». Minbizia duen gaixo batek, ordea, ez du telefono dei bat itxaroteko denborarik izaten, eta, beraz, egoera hori salatzeko elkartea sortu du Mercaderrek, Onkologikoko beste hainbat pazienterekin. «Ez badugu sistema publikoa defendatzen eta ez baditugu gaurko galerak konpontzen, osasun publikoa pikutara joateko arrisku larrian egongo da».

Etorkizunean Onkologikoko pazienteek behar bezalako arta jasotzea nahi dute, bai eta osasun publikoan paziente horiek guztiz integratuta egotea ere. «Hemendik hamabost urtera egoera ideal bat irudikatu beharko bagenu, minbizia sendatzea ez litzateke helburu bakarra izango», nabarmendu du. Bestelako xede batzuk ere bete beharko lituzke osasun sistemak: «Osasungarriak diren ohiturak eta kultura sustatzea, batetik, eta ikerketa publikoak egin ahal izateko baliabide gehiago bideratzea, bestetik».

Osakidetzako 2018ko eta 2023ko plan onkologikoek bat egiten dute haien eskaerekin, teorian behintzat. «Hainbat ate jo ditugu, eta zuzendariekin, arduradunekin eta alderdi politikoetako buruekin bildu gara. Arrazoia ematen digute, baina ez dute egoera aldatzeko bide eraginkorrik jorratzen», salatu du. Egoera horrek ezinegona sentiarazten die, nahi duten bakarra sistema publikoa sendotzea delako. «Gaur egun, gaixotasun onkologiko bat izatea ginkana bat da».

Mercaderrek amesten duen etorkizun horretan, pazienteen ezinbesteko partaidetza da beharrezkoa, haien bizipenak, esperientzia eta beharrak kontuan har daitezen. «Gaixook ere asko daukagu emateko. Askotan, entsegu klinikoetan parte hartzen dugu, eta parte hartu nahi dugu, tratamendu berriak garatzeko». Hala, osasun sistema publikoaren etorkizuna esfortzu kolektiboan dagoela azpimarratu du: «Eta horixe falta da, hain zuzen ere».

«Baliabide gehiago behar ditugu: ez dakit non dauden»
Marga Saenz Herrero, psikiatra

«Osasun mentala gainerako gaitzetatik bereizita egoteak kalte egiten die emakumeei eta genero aniztasunari», salatu du Marga Saenz Herrerok (Kanariak, Espainia, 1968), Gurutzetako Ospitaleko (Bizkaia) mediku eta psikiatrak. Duela hamazazpi urte hasi zen Euskal Herrian mediku lanetan, aurrez Bartzelonako, Madrilgo eta New Yorkeko osasungintzan aritu ostean. Osakidetza atzerriko ereduetatik urrun dagoela uste du, buru osasunari dagokionez bereziki: «Osasun mental eta fisikoa banatzeak, hain zuzen, are gehiago estigmatizatzen ditu buruko gaixotasunak».

Genero ikuspuntua gehiago landu beharko litzatekeela uste du Saenzek, estigmatizazio horrek emakumeengan eragin handiagoa duelako, bereziki. Hala, osasun mentalean jarduten duten zentroak bereizita egotearen kontrakoa da. «Lehen mailako arretan eskaintzen den osasun mentaleko paziente gehienak emakumeak dira, baina desintoxikazio zentroetara joaten diren ia denak, esaterako, gizonak dira». Desoreka horrek zer pentsa eman behar lukeela uste du.

Osasun sistema publikoak pertsona bakoitzaren beharrak asetzeko gaitasuna izan behar duela uste du, eta horretara bideratu behar direla baliabideak. «Agian, bi umeren ama den eta haurdun dagoen emakume alkoholiko bat ez da psikologoarenera joango, haur txikiak non utzi ez duelako, edota haur horiek galtzeko beldur delako». Haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko baliote, seguruenera, egoera bestelakoa izango litzatekeela adierazi du.

Hala eta guztiz ere, etorkizunean Osakidetzan onbidean urratsak egin daitezkeela uste du; hori bai, lurralde historiko bakoitzak dituen baliabideak egonkortzen baldin badira. «Berdintasuna eta ekitatea ez dira kontzeptu bera». Genero aldagaiei, hain zuzen, arazo sozialak gehitzen zaizkie, eta horrek izugarrizko eragina du osasun sisteman. «Ez da gauza bera Barrualdeko erakunde sanitarioan lan egitea, edo Ezkerraldekoan. Lehenengoan, handiagoa da familia euskarria; bigarrenean, pobrezia handiagoa dago».

Baliabideetan gehiago inbertitzea da, Saenzen iritziz, gakoetako bat: «Giza baliabide eta baliabide material gehiago behar ditugu; ez dakit non dauden».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.