Albistea entzun

Saskibaloia

NBAren historian puntu gehien sartu dituen jokalaria bihurtu da LeBron James

39 puntu lortu ditu Oklahomaren aurkako partidan, eta Kareem Abdul-Jabbarren errekorra hautsi du: denera, 38.390 puntu saskiratu ditu denboraldi erregularrean. Abdul-Jabbarrek berak pasatu dio lekukoa.

Lebron James errekorra lortu berritan, bart, Los Angelesko Staples Centerren (AEBak).
Lebron James errekorra lortu berritan, bart, Los Angelesko Staples Centerren (AEBak). Allison Dinner / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria - Paulo Ostolaza -

2023ko otsailak 8 09:16

Lortu du King James-ek: NBAren historian puntu gehien sartu dituen jokalaria bihurtu da. Azken asteetan errekorra noiz iritsiko zain zeuden zaleak; bart zuen benetako lehen aukera, eta ez du hutsik egin Los Angeles Lakerseko izarrak: 39 puntu sartu ditu Oklahoma City Thunderren aurkako partidan (37 falta zitzaizkion errekorra gainditzeko). Hirugarren laurdenaren amaieran, LeBron Jamesek 37. puntua sartu duenean, neurketa eten dute, mitoaren lorpena ospatzeko eta omenaldi txiki bat egiteko. «MVP!, MVP!» oihuen artean, Los Angelesko (AEBak) Staples Center estadioa betetzen ari ziren 19.000 zaleen txalo zaparrada jaso du.

Tartean zen orain arte errekorraren jabea zena ere: Kareem Abdul-Jabbar. Bere ibilbidean 38.387 puntu sartu zituen hark. Lakerseko eta Milwaukee Buckseko jokalari ospetsuak LeBron jaio zen urtean ezarri zuen errekorra, 1984an. 37 urte zituen orduan, eta ordura arte Wilt Chamberlainek zeukan marka hautsi zuen: 31.419 puntu. Bart, lekukoa balitz bezala, baloi bat eman dio Jamesi. Gauza bera egin zuen berarekin Chamberlainek duela 39 urte. Horren ostean hartu du hitza Jamesek, eta, nagusiki, bere ingurukoei eskerrak emateko baliatu du unea.

1. LeBron James: 38.390
2. Kareem Abdul-Jabbar: 38.387
3. Karl Malone: 36.928
4. Kobe Bryant: 33.643
5. Michael Jordan: 32.292
6. Dirk Nowitzki: 31.560
7. Wilt Chamberlain: 31.419
8. Shaquille O'Neal: 28.596
9. Carmelo Anthony: 28.289
10. Moses Malone: 27.409

Hala ere, fase erregularra eta kanporaketak kontuan hartuz gero, LeBronek bazeukan ligako saskiratzaile nagusiaren errekorra. NBAko sailkapen ofizialek, ordea, denboraldi erregularra bakarrik zenbatzen dute. Batezbestekoei erreparatuta, are ikusgarriagoak dira Jamesen zenbakiak: Abdul-Jabbarrek baino 150 partida gutxiago behar izan ditu zifra horretara heltzeko.

Denbora luzea darama NBAko izar nagusietako bat izaten. Lakerseko jokalaria 2003an aukeratu zuen Cleveland Cavaliersek NBAko draftean, eta hogei denboraldi daramatza saskibaloi ligarik ospetsueneko errekor guztiak hausten. Jamesen gau ahaztezinen zerrenda oso luzea da, eta lorpen ugari ditu. Lau aldiz irabazi du NBA; bi aldiz Miami Heatekin (2011-2012an eta 2012-2013an), behin Cleveland Cavaliersekin (2015-2016an) eta beste behin Los Angeles Lakersekin (2019-2020an); lau aldiz izan da NBAko finaletako jokalaririk baliotsuena; eta beste lau aldiz NBAko denboraldi erregularreko jokalaririk baliotsuena.

2006-2007 denboraldian lortu zuen lehen aldiz NBAko finaletara iristea, Cavaliersen historian lehendabizikoz, baina San Antonio Spursek irabazi zuen: 4-0. Clevelandeko taldean hiru sasoi gehiago egin zituen, zazpi guztira, eta saskiratze erregistroak hautsi zituen bertan. Baina kontratua amaitu ondoren agente aske bihurtu zen, eta Clevelandetik Miamira egin zuen saltoa. Dwyane Wadekin eta Chris Boshekin hirukote beldurgarria osatu zuen han.

2011-2012an, bere konferentziako bigarren postuan amaitu ondoren, Jamesek NBAko bere lehen eraztuna lortu zuen Kevin Duranten Oklahoma City Thunder 4-1 garaituta. Finaleko jokalari baliotsuena izendatu zuten lehen aldiz. Hurrengo denboraldian ere joko maila izugarria erakutsi zuten Miamikoek, eta bigarrenez jarraian irabazi zuten txapelketa. 2013-2014koan ere finalera iritsi ziren, baina ezin izan zuten hirugarren eraztuna jarraian irabazi. San Antonio Spurs gailendu zitzaien.

Kareem Abdul-Jabbar LeBron Jamesi baloia ematen, bart, Los Angelesen (AEBak). Allison Dinner / EFE

Miamin lau sasoi egin ondoren, LeBron Cavaliersera itzuli zen. Clevelandeko bigarren aroko lehen denboraldian beste final batera eraman zuen taldea, baina Golden State Warriors 4-2 gailendu zen. Bi final jarraian galdu zituen LeBronek, San Antonioren eta Warriorsen aurka, baina 2015-2016an hirugarren eraztuna irabazi zuen –Cavaliersek lehen aldiz irabazi zuen NBA–. 1-3 galduz joan ostean irauli zuten kanporaketa. Ondorengo bi sasoietan ere finalera iritsi zen Clevelandekin, baina biak galdu zituen Warriorsen aurka.

2018-2019koan Los Angelesera egin zuen, Lakersera. Lehenengo urtean ez ziren kanporaketetarako sailkatu ere egin, baina bigarren urtean eraztuna irabazi zuten —LeBronen laugarrena— Miami Heati irabazi ostean.

NBAn bakarrik ez, AEB Ameriketako Estatu Batuetako selekzioarekin ere hainbat garaipen eskuratu ditu askorentzat inoizko jokalari onena denak. Bi aldiz kolkoratu du urrezko domina Olinpiar Jokoetan —2008an Pekinen eta 2012an Londresen—, eta behin brontzezkoa —2004ean Atenasen—. Gainera, Munduko Txapelketa ere irabazi zuen 2006an Japonian.

Gaur egun 38 urte ditu Jamesek, eta 30 puntuko batezbestekoa dauka sasoi honetan. Los Angeles Lakers 13. postuan dago NBAko mendebaldeko ligan, eta kanporaketetarako sailkatzea da taldearen helburua. Atzo 130-133 galdu zuten Oklahomaren aurkako norgehiagoka.

Aita-semeen ametsa

LeBron Jamesek hainbat aldiz esan du bere ibilbidean geratzen zaion helburuetako bat bere seme Bronny Jamesekin batera edo haren aurka lehiatzea dela. Duela hilabete ESPN kateari emandako elkarrizketa batean esandakoaren arabera, NBAko draftean aukeratuko duten unea noiz iritsiko zain dago: «Pistara salto egin behar dut Bronnyrekin. Edo talde berarekin edo bere aurkako partida batean. Ezin hobea izango litzateke, zalantzarik gabe. Ni hemen nago, haren zain».

Bronny Jamesek 18 urte ditu, Sierra Canyonen jokatzen du gaur egun, eta Estatu Batuetako High Schooleko saskibaloiko Gold Coast mailan lehiatzen da. Senior denboraldia du aurtengoa; hau da, High Schooleko laugarren urtea. Hori amaitzean, NCAAra egingo du salto. NBAko egungo arauak mantenduz gero, Jamesek 2024ko Draftean parte har dezake, NCAAko lehenengo urtea amaitzean. Ordurako 40 urte izango ditu LeBronek, eta 20 Bronnyk. Esan izan duenez, oraindik ez du erretiratzeko asmorik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile batzuk Tourreko elastiko bat jartzen, gaur, Bilboko eraikin batean. ©Luis Tejido / EFE

Bilboko etxebizitza turistikoen prezioa gaueko 8.000 euroraino helduko da Tourraren aurreko egunetan

Paulo Ostolaza

EH Bilduk eskatu du «beharrezkoak diren mekanismoak» ezartzeko etxebizitza horien legezkotasuna kontrolatzeko eta «prezioen igoera indiskriminatua» eragozteko. Bihartik aurrera hainbat ekitaldi antolatuko dituzte lasterketari ongietorria emateko.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Hiru urre lortu nahi ditut Espainiako Txapelketetan»

Unai Ugartemendia

Euskal Herrian iraupen eskiatzaileen artean atera diren azken harribitxietako bat da Alaia Juaristi. Jakako Mayencos taldean hasi zuen ibilbidea. Azken urteetako gorakadaren ondoren, Espainiako selekzioko jarraipen taldean ari da.
Jose Luis Mendilibar Sevillan (Espainia), gaur eguerdian. ©David Arjona / EFE

Jose Luis Mendilibar da Sevillaren entrenatzaile berria

Paulo Ostolaza

Iaz Alaves entrenatu zuenetik talderik gabe zen Zaldibarko prestatzailea. Mailari eusteko lehian dabil Sevilla, eta Europa Ligako final laurdenetan Manchester Uniteden aurka jokatuko du.

'Harri jasotzaile onenen lurraldea?'

Martins Licisek argitaratu du Euskal Herrian grabatutako dokumentalaren lehen atala

Paulo Ostolaza

Munduko gizonik indartsuena izandakoak argitaratu duen ikus-entzunezkoak 'Harri jasotzaile onenen lurraldea?' izena du. Euskaldunen historiaz hitz egin du, eta, besteak beste, Iñaki Perurenarekin izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.