GREBAK NAFARROAKO ADMINISTRAZIOAN

Nafarroako Gobernuaren abisua sindikatuei: «Ez dugu asmorik soldatak gehiago igotzeko»

Remirez lehendakariordea, Sindikatu Medikoaren grebaz: «Ahalegin guztiak egin ditugu; orain, esan behar dute gure eskaintza onartzen duten ala ez»

Javier Remirez, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 8a
14:29
Entzun

Atea apur bat ireki zuten Sindikatu Medikoaren eskaeretara hurbiltzeko, baina berehala itxi dute: Nafarroako Gobernuak ez du asmorik langile publikoei soldata igotzeko, dagoeneko hitzartua dagoen %2,5eko igoeraz gaindi. «Egin beharreko ahalegin guztiak egin ditugu», azaldu du Javier Remirez lehendakariordeak, gobernu bilkuraren ostean eginiko agerraldian.

Abisua bikoitza da: alde batetik, otsailaren 1etik greban den Sindikatu Medikoari mintzatu zaio Remirez, argi uzteko gobernuak ez duela eginen medikuen soldatari buruzko proposamen gehiago, mahai gainean den eskaintzaz harago [hilean 400 euroko igoera soldata oinarrian eta %10 gehiago guardia bakoitzeko]. Bestalde, administrazio publikoko sindikatuentzat ere bada ohartarazpena, otsailaren 15erako deitua duten grebaren harira: «Aurrekontuetan jasoa zegoen langile publikoen soldata %2,5 igotzea, eta horrek 60 milioi euroko inbertsioa dakar. Hori aintzat hartuta, gobernuak ez du asmorik soldatak are gehiago igotzeko».

Remirezek nabarmendu du urtarrilaren 1ean %2,5 handitu zituela bere langileen soldatak. Prezioak, ordea, horren gainetik handitzen ari dira, eta erosteko ahalmena galtzen ari dira Nafarroako administrazioko 29.000 langileak. Zehazki, Nafarroak %6,4ko inflazioarekin bukatu zuen 2022. urtea.

2022an ere, soldatak inflazioaren azpitik handitu ziren: 2022ko urtarrilean, Nafarroako Gobernuak ordainsaria %2 igo zuen, eta azaroan beste %1,5 onartu zuen, atzerako eraginez, prezioen igoera ikusita. Nafarroako Gobernua «diru publikoen zaindari eta begirale nagusia» dela gaineratu du lehendakariordeak. Prest azaldu da, hala ere, «adostasunerako bidean» negoziatzen segitzeko, elkarte sindikal guztiekin. «Ulertzen ditugu langile publikoen kezkak eta ezinegonak, baina eskura ditugun baliabideak mugatuak dira».

Mahai orokorra, otsailaren 17an

Nafarroako Sindikatu Medikoak deituta, Osasunbideko medikuek astebete daramate greban —Osasun Departamentuak emaniko datuen arabera, lanuzteen erantzuna %9,4koa izan zen lehen egunean, eta %6 ingurukoa hurrengoetan—. Sindikatu horrek hiru eskaera nagusi egin ditu orain arte: soldata hilean 1.000 euro igotzea —negoziazioen hasieran eskatzen zuen halako bi—; medikuen esklusibotasuna kentzea, sare publikoan nahiz pribatuan nahieran jarduteko —baina esklusibotasunagatik jasotzen duten diru sariari uko egin gabe—; eta gobernuaren solaskide bakarra izatea medikuei eragiten dieten auzietan, akordioak mahai sektorialaren eta mahai orokorraren galbahetik pasatu gabe.

Azken eskaera horri aipamena egin dio Remirezek, eta gogorarazi du Nafarroako Gobernuak «errespetu osoa» diela administrazioko ordezkaritza organoei eta, beraz, edozein sindikaturekin hitzartutako neurriak Osasunbideko mahai sektorialera eta Funtzio Publikoko mahai orokorrera eramanen dituztela, han eztabaidatuak eta berretsiak izan daitezen. Hain zuzen, otsailaren 17an bilduko da mahai orokorrak, eta bilera horretan izanen dira bai gobernua, bai sindikatu nagusiak: LAB, CCOO, ELA, UGT eta Afapna.

Sindikatu Medikoaren beste eskakizunei buruz, lehendakariordeak esan du Nafarroako Gobernuak egin dituela egin beharreko urratsak, eta, beraz, greba batzordeari dagokiola orain eskaintza hori onartu ala ez: «Ahalegin guztiak egin ditugu, eta ez gara gehiago mugituko. Orain, Sindikatu Medikoari dagokio zirt edo zart egitea: gure eskaintza onartzea edo atzera botatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.