Osasun sistema

Donostia ospitaleko langileak Osakidetzak emandako erantzuna aztertzen ari dira

Abenduaren hasieran zerbitzuburuek abiatutako protestari atxikita egin ziren eskarien inguruan, «idatziz eta sinatuta» eskatu zituzten langileek konpromisoak, eta jasotako bermeak aski sendoak diren aztertzen ari dira orain

arantxa iraola
2023ko otsailaren 8a
17:32
Entzun

BERRIAk baieztatu ahal izan du Donostia ospitalean abenduaren hasieratik protestan ari diren langileak aztertzen ari direla egin dituzten eskeen harira Osakidetzako buruek emandako erantzuna. Hainbat dokumentu trukatu dituzte bi aldeek igaro egunotan.

Urtarrilaren 23an langileen ordezkariek azaldu zuten zuzendaritzarekin zituzten harremanetan aurrerapausoak onartuta ere ez zituztela etengo protestak. Eta mobilizatuta jarraitu dute: aste honetan bertan egin dute azken protesta. Astelehen goizean, igaro asteotan ohikoa bihurtu den irudia berritu dute: elkarretaratze bat egin dute erietxeko atarian.

Langileak batzar batean elkartuta ari dira protestotan; hainbat arlotako profesionalak batu dira batzar horretan, baina protestaren hasieratik aparteko oihartzuna hartu dute erietxeko zerbitzuburuek egindako eskariek, eta aparteko bereizgarria horixe izan du gatazka honek.

Langileek urtarrilaren 23an esan zutenez, krisia konponbidean jartzeko oinarriak adostu zituzten hilaren 18an Osakidetzako zuzendaritzako buruekin egindako bileran. Batzarrean batuta, ordea, langileek erabaki zuten mobilizazioekin jarraitzea. Langileen ordezkariek orduan esan zuten Osakidetzarekin hitzartutako aurreakordioak betetzeko bermeak jartzen direla egiaztatu nahi dutela. Alegia, bileran «ahoz» adierazitako konpromisoak «idatziz eta sinatuta» nahi zituztela nabarmendu zuten. «Aurrez aurreko konpromisoa adierazi ziguten, baina horren akta nahi dugu, sinatua, bilera hartan onartu ziren aurrerapausoak gauzatuko direla ziurtatzeko», azaldu zuen medikuen ordezkari Felix Zubiak.

Hain justu ere, eskari horri erantzunez jaso dituzte orain hainbat proposamen, eta horien inguruan zer egin erabakitzen ari dira.

Abenduaren hasieratik

Abenduaren 2an hasi zen krisia Donostialdeko ESIan: Osakidetzak kargutik kendu zituen Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa, eta ESIko hainbat langilek egun hartan bertan egin zuten elkarretaratzea erietxeko atarian, haiei babesa emateko. Kide kargugabetuak euren postuetara itzultzeko eskea egin zuten. Kontrara, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen kargugabetzeak «antolakuntza aldaketa» soilak zirela.

Abenduaren 28an agerraldi bat egin zuten langileen ordezkariek beren eskariak bost puntu nagusitan jasotzeko, eta horietan oinarrituta ari dira orain Osakidetzako ordezkariekin elkarrizketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.