Albistea entzun

Industria

Makina-erremintaren fakturazioa %9,7 handitu zen iaz

Italiako merkatua eta autogintzaren susperraldia dira datu onen eragile nagusietako bi. Aurtengo aurreikuspenak apalagoak dira, %5 ingurukoak.

Makina Erremintaren Biurteko iazko Azokan ikusgai egon zen makinetako bat.
Makina Erremintaren Biurteko iazko Azokan ikusgai egon zen makinetako bat. Oskar Matxin Edesa / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2023ko otsailak 9

Makina-erremintaren sektorearen fakturazioa %9,7 handitu zen iaz. Negozio bolumena 1.723 milioi eurokoa izan zen, 2021ean baino 202 milioi euro handiagoa, hain zuzen. Esportazioei esker lortu da igoera, %9,9 igo baitziren. Alde horretatik, Italian lortutako «salmenta kopuru izugarria» nabarmendu du AFM sektoreko enpresen elkarteak; izan ere, 2021ean erosketen %8,5 egin zituzten, eta iaz, berriz, %14,2. Are gehiago, iaz Italia izan zen makina-erremintaren arloko enpresen bezerorik onena, Alemaniaren aurretik. Aurtengora begira, dena den, sektorea zuhurragoa da, uste baitute inflazioa kontrolatzeko arrazoien ondorioz merkatua moteldu egingo dela, eta gutxi gorabehera %5eko handituko dela.

«Iazkoa urte oso konplexua izan zen. Urtea lan karga ederrarekin hasi genuen, baina lehenagotik pairatzen ari ginen prezio gehikuntzek eskakizunen egitura kostuak astindu zituzten. Dena den, urtea jarduera egokiarekin amaitu dugu». Jose Perez Berdude AFM klusterreko presidenteak horrela laburbildu du iazko urtea. Zalantzen artean baikortasuna ageri da, urtea ona izan zelako sektorearentzat, eta, orban bat aurkitzearren, barne merkatuan —AFMk Hego Euskal Herria eta Espainia elkartzen ditu— eginiko salmenten jaitsiera litzateke: -%9,6.

Barne merkatu hori, baina, AFMren salmenten herenak baino gutxiago dira, eta esportazioak %9,9 igo ziren iaz. Esan bezala, Italiako eskarien handitzea izan zen daturik nabarmenena, baina Alemania —%9,7tik %12,9ra— eta Txinako merkatuek ere bilakaera positiboa izan zuten, besteak beste. Sektoreka, autogintza «suspertu» egin zela ondorioztatu du AFMk, «indarrez tira egiten ari zaielako deformazio azpisektoreko gure fabrikatzaileei». Azpisektore hori bigarren handiena da, eta %8,64 handitu zen iaz.

Berdudek esan du urtea egoki amaitu zela, eta, horregatik, aurtengo aurreikuspenak «baikor samarrak» dira, batez ere enpresek eskari zorro «interesgarriak» dituztelako. Argazki orokorra, baina, zuhurragoa da; hala uste du behintzat Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak. «Inflazioa kontrolatzeko neurriak ekonomia hoztuko dute, eta litekeena da eskaerek behera egitea». Datuak eskatzen hasita, %5eko hazkundea iragarri du aurtengo. Fakturazioa, baina, ez da kontuan hartu beharreko datu bakarra, errentagarritasunari ere erreparatu behar zaio, eta hori izango da aurten «zaindu beharreko» alderdia. «Gudu handia izango da bidean ditugun eskariak garaiz eta modu eraginkorrean ekoiztea», onartu du AFMk.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE
Credit Suisseren akzioen azken egunetako bilakaera erakusten duen grafikoa, atzo, Zuricheko burtsan. ©E. L. / EFE

Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz

Imanol Magro Eizmendi

Credit Suissek porrot egin ostean adostu dute akordioa, eta banku gehienek kolpea saihestu dute
Burgen Kingek inoizko moto eskari handiena egin zion iaz. ©Nuuk

Nuuk enpresaren kapitalean sartu da Eusko Jaurlaritza

Aitor Biain

Hiru milioi euroko inbertsioa egin du, Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez.

Budapesten martxan dauden CAFek egindako tranbiak. ©CAF

CAFek 100 milioi euroko bi kontratu erdietsi ditu Hungarian eta Espainian

Aitor Biain

Budapesterako 31 tranbia egingo ditu, eta sei Sevillako Alcala de Guadairarako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...