Albistea entzun

Podcastak

Martiarena eta Torregarai ‘Harpa jotzen’ ibiliko dira podcast batean

EITBk astelehenean estreinatuko du umorezko podcasta. Zortzi atal izango dira, eta bakoitzean gonbidatu batekin gai jakin baten inguruan mintzatuko dira.

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai Gorka Ruio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko otsailak 9

Podcast bat baino, pozkasta egiten hasi dira Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristak. Harpa jotzen izena jarri diote egitasmoari, eta, astelehenetik aurrera, bi astean behin sareratuko dute, EITB Podkast atarian eta ohiko audio plataformetan. Zortzi atal grabatu dituzte, Hiru Damatxo ekoiztetxearen laguntzaz. Soinu teknikaria, berriz, Iñigo Etxarri da.
Podcastak bi zati izango ditu: lehenengoan, gai jakin baten inguruko solasaldia egingo dute bi gidariek. Besteak beste, honako gai hauek landuko dituzte umorezko tonuan: barrea, kuadrilla, sexua, lo egitea, mendia eta euskara. Bigarren zatian, gai horren inguruko elkarrizketa «xelebrea» egingo diote gonbidatu bati.

Asteleheneko estreinaldian, lehen gonbidatua Bea Egizabal aktore eta bakarrizketaria izango da. Hauek izango dira hurrengo elkarrizketatuak: Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Jon Plazaola aktorea, Manu Etxezortu Euskadi Irratiko esataria, Iñigo Antsorregi ETBko Biba zuek! saioko gidoilaria, Aitziber Garmendia aktorea, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea eta Joxe Rojas Tokikomeko IKT eta komunikazio zuzendaria.

Podcastaren aurkezpena Donostian egin dute, gaur, EITBren Miramongo estudioetan. «Elkarrizketatuei harrera gure estiloan egingo diegu: harpa jotzen», iragarri du Torregaraik. Martiarenaren arabera, «biktimak eta konplizeak» izango dira podcasteko gonbidatuak. «Ezagutzen gaituzte».

Ordu erdi inguru iraungo du atal bakoitzak. «Erraz entzutekoak dira», esan du Martiarenak. «Gainera, beste podcast batzuei ziria sartuko diegu».

Torregaraik nabarmendu du solaserako gaiak ez direla denak kontu mardulak izango: «Gauza txikiekin gozatu nahi dugu». Bestetik, umoristak azaldu du sare sozialetan atalek zabalpena izatea nahi dutela. Horretarako, #Harpajotzen traola sustatuko dute.

Podcastaren irudian, harpa bat ageri da. Horrekin atera dituzte argazkiak bi umoristek. Podcastaren irudia edo logoa, berriz, Unai Gaztelumendi marrazkilari eta bertsolariak sortu du.

«Umore faltan»
Aurkezpenean, EITB Podkasteko koordinatzaile Ainhoa Etxebestek eta EITBko Audio eta Digitaleko zuzendari Maite Goñik ere parte hartu dute. Etxebestek azaldu du ari direla EITB Podkast edukiz betetzen: «Baina Euskal Herrian umorez urri samar ez ote gabiltzan iruditzen zaigu, eta edukietan horren falta sumatzen genuen». Goñik, era berean, Euskal Herria «umore faltan» ez ote dagoen esan du: «Martiarena eta Torregarairen proposamena jaso genuenean, horren bila genbiltzan. Umorearen haria indartu nahi dugu», nabarmendu du Goñik. «Gainera, Martiarena eta Torregarai oso ezagunak dira euskararen ingurunean, han eta hemen bakarrizketak eta aurkezpenak egiten baitituzte. Barre egin nahi dugu haiekin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Arrizabalaga—ezkerretik hasita bigarrena— bisitariei azalpenak ematen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Altxor arkeologikoa

Amaia Jimenez Larrea

Paleolitoko indusketetarako bereziki «garrantzitsua» da Lezetxiki. Bertara egin duten bisita gidatuari esker, bisitariek aztarnategiaren egoera ikusi ahal izan dute.
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira umeentzako obrei esker»

Unai Etxenausia

Teatro Paraiso antzerki konpainiaren sortzaileetako bat da Lopez. Konpainia hori Gasteizko Abetxuku auzoan sortu zen, haurrentzako antzerkia egiteko. Singapur, Kanada, Norvegia... Mundu osoan zehar ematen dituzte antzezlanak.
Gazte batzuk sakelako telefonoa erabiltzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal gazteek egunean ordu ugari pasatzen dituzte Instagramen

Urtzi Urkizu

11-17 urte artekoak egunean 23 aldiz sartzen dira aplikazioan, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.