Osasun sistema

Osakidetzako oposizioetan egiten ari diren «lardaskeria» salatu dute

Arloko sindikatu guztiek deituta, mobilizazioak egiten ari dira gaur behin-behineko langileak Donostian, Gasteizen eta Bilbon

Goizeko manifestazioa, Donostia Ospitalearen inguruan. JON URBE, FOKU
arantxa iraola
2023ko otsailaren 10a
10:38
Entzun

Goiztiarrenak Bilboko eta Donostiako protestak izan dira. 08:15ean ehunka langile elkartu dira Basurtuko erietxearen aurrean, eta Donostiakoaren atarian; protestak egin dituzte. Gasteizen, Santiago erietxean, 11:00etan dute mobilizazioa. Arloko sindikatu guztiek bat egin dute deialdian, eta xede nagusia izan dute Osakidetzak martxan dituen LEP lan eskaintza publikoetan dagoen «kaosa» salatzea. Aldarrien artean, maizen errepikatu duten hitza «lardaskeria» izan da, kudeaketa oso «txarra» dela argudiatuta. Erizain, erizain laguntzaile, jagole, mediku... Osakidetzako kategoria guztietako langileak elkartu dira protestetan.

Donostiako mobilizazioan adierazpenak egiten aritu diren langileetako bat Maitena Larrañaga erizaina izan da, SATSE sindikatuko ordezkaria. «Gaur arrazoi bakar batengatik gaude hemen: Osakidetza LEPen kudeaketa penagarria egiten ari da». Horra haserrearen motiboetako bat: «Lehengo urtean lan eskaintza publiko bat izan genuen, milaka langilek lanpostu bat aterako dugu hor, baina, Osakidetza oposizio hori ebazteko gai ez denez, ez dugu jakingo, eta orain beste oposizio bat antolatu du, eta behartuta gaude, nahiz eta lanpostu bat izan aurrekoan, berriro aurkeztera». Uste dute ez dela aintzakotzat hartzen azterketa horien guztien atzean dagoen «sufrimendua», eta onartezina iruditzen zaie Osakidetzak berak aurreko deialdia «ebatzi» ez duelako milaka langile egoera horretara bultzatzea.

Ikusi gehiago: Astelehenean ez dute elkarretaratzerik egingo Donostia ospitalearen aurrean

Aterabiderik gabeko kalezulo batean sentitzen dira behin-behineko langileak. Izan ere, behartuta daude oposizio guztietara aurkeztera, baina guztiz bidegabea iruditzen zaie etsaminak prestatzen jardun beharra aurreko LEPa oraindik «ebatzi» gabe dagoenean. Osakidetzak horren harira eman dituen argibideekin ere suminduta daude: «Esaten ari dira ez direla operatiboak aurreko oposizioak ebazteko; ez daukatela gaitasun operatiborik horretarako. Alegia, gu behartzen gaituzte gure bizitzak hankaz gora jartzera, hurrengo oposiziorako prestatzera, berriz ikasten jartzera, eta beraiek ezin dute ebatzi aurreko oposizioa?». Guztiz «erreta» daude langileak egoera horrekin, eta hortik mobilizaziook: «Mesedez, pandemia bat pasatu dugu, eman dugu eman genezakeen guztia. Jendea zaindu, langileak zaindu. Ez dut uste hain zaila denik oposizio bat ondo bukatu eta hurrengoa hastea».

Badituzte kexurako beste motibo batzuk ere. «Orain deitu duten deialdi honetako oinarriak guztiz baztertzaileak iruditzen zaizkigu. Esaterako, soilik formakuntzako azken hamar urteak hartzen dituzte kontuan». salatu du Larrañagak. «Eta kontuan izan behar dugu pandemia bat bizi izan dugula: igaro bi urteotan, langileok ez dugu astirik izan formatzeko». Era berean, uste dute oinarri horiekin ez direla aintzat hartzen haurrak izan ostean lanean edo formakuntzan etenak egin behar izan dituzten langileen egoerak. «Guk, erizainok, adibidez, karrera egiten dugunetik formakuntza bat jasotzen dugu, eta gero beti jarraitzen dugu formatzen». Prozesu oso hori aintzat hartuko duen oposizio eredu bat nahi dute.

Protesta gehiago

Protestekin jarraitzeko asmoa dute. «Hurrengo asteazkenean Gasteizera joango gara, eta jarraitu egingo dugu, jendea oso haserre baitago», azaldu du Larrañagak. Gaurko mobilizazioetan entzun ahal izan diren aldarriak horren erakusgarri izan dira: Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren dimisioa eskatu dute, Osakidetzako buruzagien jokatzeko era «lardatsa» kritikatu dute, eta enplegu publikoa babesteko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.