Ezbeharra

Estela Dominguez Sopela Women's Team taldeko txirrindularia hil da, kamioi batek harrapatuta

Kamioi batek harrapatu du, N-620 errepidean, Salamanca (Espainia) parean.

Estela Dominguez. ESPAINIAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA
2023ko otsailaren 10a
10:45
Entzun

Estela Dominguez, Sopela Women's Team txirrindularitza taldeko ziklista espainiarra, atzo arratsaldean zendu zen. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, N-620 errepidean –Salamanca (Espainia) parean– bizikletan zihoala kamioi batek harrapatu zuen. 19 urte zituen. Larrialdi zerbitzuak ezbeharraren lekura bertaratu ziren arren, heriotza baieztatzea soilik lortu zuten.

Txirrindularitza taldeak gertatutakoa gaitzetsi du sare sozialen bidez, eta familiari elkartasun osoa adierazi diote. Espainiako Txirrindularitza Federazioak ere adierazpenak egin ditu: «Biziki sentitzen dugu Estela Dominguezen heriotza. Gure doluminik zintzoenak senideei, hurbilekoei eta taldekideei. Espainiako txirrindularitza guztia doluz dago. Mesedez, beti errespetatu txirrindularia errepidean. Bizikleta bakoitzean bizitza bat doa».

Iscarkoa (Espainia) zen jaiotzez Dominguez, baina urteak zeramatzan Bizkaiko taldeetan korritzen. Emaitza oso onak lortu zituen errepidean, ziklo-krosean eta pistan, eta horri esker fitxatu zuen Sopelak iaz, profesionalen maila nagusian aritzeko. Denboraldi honetan ziklo-krosean nabarmentzen ari zen: zazpigarren postuan sailkatu zen Espainiako Txapelketan, eta, horri esker, Espainiako Federazioak Benidormen (Herrialde Katalanak) jokatu zen Munduko Koparako hautatu zuen. Aurki hasi behar zuen errepidean lehiatzen. Sopelak jakinarazia zion jada zein lasterketetan ariko zen.

Haren aita, halaber, txirrindulari izan zen: Juan Carlos Dominguez. Hainbat urtez lehiatu zen goi mailan, eta etapa bat irabazi zuen 2002ko Italiako Giroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.