Artzen Letona eta Eztitxu Berho

«Gure sarea egina dugu Amikuzeko lurralde honetan»

Bost urte bete ditu aurten Amikuzeko Irratiak, Euskal Irratietako gazteenak. Herriko eragileek eta Irulegiko Irratiak sustatu zuten, eta badu orain bere lekua Donapaleutik hedatzen dituen uhinekin.

Artzen Letona eta Estitxu Berho, Amikuzeko eta Irulegiko irratiko langileak. JOANES ETXEBARRIA - IPARRALDEKO HITZA
Joanes Etxebarria.
2023ko otsailaren 10a
11:23
Entzun

Euskal Irratiei eta Irulegiko Irratiari hertsiki lotua bada ere, Amikuzeko Irratiak badu bere bizia, Donapaleuko estudiotik lekuko berriak lantzen baitira egunez egun. Duela bost urte sortu zelarik, Artzen Letona (Sohüta, 1986) izan zen hango lehen langilea; gaur egun, Irulegiko Irratia eta Amikuzeko Irratiaren koordinatzaile da. Duela urte bat, berriz, Letonaren lekuan hasi zen Eztitxu Berho (Domintxaine, 1992); egun oroz zuzenean ari da Donapaleutik, eta egun oroz lantzen du Amikuzeko aktualitatea ere.

Euskal Irratien federazioko irrati gazteena da, eta bosgarren urtebetetzearen ospakizunek ekitaldi anitz ekarriko dituzte Amikuzera. Urtarrileko azken ostiralean hasi ziren, etxez etxe diru bilketa egiteko kanpainari hasiera emanez zuzeneko saio bereziarekin, Donapaleuko merkatutik. Otsailaren 11rako kantaldia antolatu dute Saint Louis antzokian, lehenik Claudine Arhantzet eta Maika Etxekoparrekin eta ondotik Erramun Martikorenarekin. Berantago, antzerki bat eta besta egun bat ere antolatuko dituzte, langile eta laguntzaileekin.

Hastapenetik bada zuberotar bat Amikuzeko irratian.

ARTZEN LETONA: Xiberoko Botza utzi nuen beste irrati batean aritzeko, Zuberoa utziz. Amikuzeko Irratiaren proiektua hasi zelarik, dena egitekoa zen: lurralde bat ez nuena ezagutzen; enetako Amikuze zen zeharkatzen nuen lurralde bat. Lanari esker ikasi dut badela santibate, badela libertimendua…; badela kultura aberats bat. Ene burua aurkeztu nuelarik, Irulegiko Irratia baitzen eramaile, Xiberoko Botzatik ezagutzen ninduten, eta hartua izan nintzen. Lehenago Kattalin Indaburu zen Amikuzeko erreferente, eta badira hogei bat urte entseatzen zirela Amikuzen zerbait sortzen. Irulegiko Irratiko ekipoan ohartu ziren estudio bat behar zela hemen, eta zuzenekoak proposatu. Zuzenekoak diren ber, hemen egotera bortxatuak gara.

Hastapenean, herritar eta hautetsiak sustatzaile ziren.

LETONA: Irulegiko Irratiko langile eta administratzaileek lan handi bat eraman zuten hemen zerbait zutik ezartzeko, baina hautetsien eta herritarren artean. Eskakizuna hemendik horra zen. Berriki egin dugu bost urteen ospatzeko etxez etxe kanpainaren abiatzea, eta gomitatu genituen euskalgintzako eragileen artean AEK-ko Bixente Claveriek erraten zuen tresna interesgarria dela, hurbiltasunak gauzak errazten dituelako. Ikastolan ere tresna gisa baliatzen dute. Egun oroz bada kronika bat eta aktualitate gai bat Amikuzeri lotua.

EZTITXU BERHO: Eskola elebidunak ere etorri dira irratia bisitatzera, eta, ikusirik euskaraz lan egin daitekeela, zerbait pizten zaie. Beharbada, gogo edo zentzu handiagoa ematen die euskara ikasteko.

Elkarrizketak egitera joaten zarelarik, jendeek badakite zein hedabiderentzat ari zaren? Bost urtez irratiak hartu duen lekuaren adierazgarri izan daiteke…

BERHO: Konturatu naiz orain, gehienetan, informazioa errezibitzen dudala. Sare bat sortu da, eta ene agenda fite betetzen da ni informazioaren xerka joan gabe. Urtero sarea handitzen doa. Amikuzeko elkarte edo instituzio guztiek ezagutzen gaituzte.

LETONA: Gure sarea egina dugu. Donapaleuko kontseiluan lehengo herriko etxearekin, ez ginen onartuak; orain, bai, eta Elkargoaren poloan ere bai. Gainera, ohartzen dira euskarazko hedabide bat garela, zeren eta frantximantekin ere galderak beti euskaraz ere egiten ditugu.

BERHO: Hori arrunt normaltasunean sartu da; beharbada, beste urrats bat da euskararentzat.

Mikroa termometro ona da euskararen erabilpena neurtzeko.

BERHO: Ez gaude oraino Garazi aldean, baina euskaldunak badira. Xerkatu behar dira batzuetan. Kanpokoek uste dute Amikuze biziki frantsestua dela, eta horregatik zaila da erantzutea; hori uste dutenentzat, bai, euskaldunak badira.

LETONA: Nik sorpresa ona ukan nuen hona jitean, pentsatzen nuelako euskara aldetik egoera okerragoa zela. Zuberoaren berdintsua da, Amikuzen geroz eta gehiago dira kanpotik jinak, transmisioan huts bat izan da…, baina ostiraletan merkatuan euskara entzuten da. Adinekoak euskaraz ari dira, baina belaunaldi hutsune bat izan da, eta ikusten ditugu gazteak entseatzen. Amikuzen eskola haboroxeak elebidunean dira, eta euskara sartua da sektore gehienetan.

BERHO: Egiten ahal genuke irratia osoki euskaraz, baina mamia hobesten dugu, eta gai batzuetan elkarrizketak frantsesez dira, informazio zehatzagoak ukaiteko.

Zein da lotura Amikuzeko Irratia, Irulegiko Irratiaren eta Euskal Irratien artean?

BERHO: Nik, langile gisa, ez dut lotura zuzenik. Lekuko animazioan ari naiz, eta batzuetan ene gaiak landuak dira Euskal Irratietan.

LETONA: Amikuzeko Irratian ez gara teknikoki autonomoak; beste irratiek ez dituzte gure uhinak zuzenean hartzen ahal. Hastapenean, kantu eskaintzak hemendik egin izan nituen, baina orain soilik modu zenbakizko moduan egin daiteke irratien arteko lotura.

Nolako oihartzunak dituzue entzuleen partetik?

BERHO: Ezagunek, hemen ari naizenetik, erraten didate irratian entzuten nautela. Egia da irratian ari garenean ez dakigula nor ari den entzuten, baina karrikan ohartzen gara jendeak entzuten gaituela, eta uste baino gehiago dira, gainera.

LETONA: Erranen nuke jende bat hasi dela berriz Irulegiko Irratia eta Euskal Irratiak behatzen. Euskaldun batzuek galdua zuten usaia hori, eta hurbiltasun horrekin berriz lotu dira. Gure sarea egina dugu Amikuzeko lurralde honetan, eta ez gara arrotz.

Programazio ala langile kopuru aldetik, handitzeko xederik bai?

LETONA: Xedea eta gogoa hor dira handitzeko, baina betikoa: ahalak… Ez gaude momentu hoberenetan hedabideetan, baina gogoetak badira dozenaka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.