Oier Aranzabal

«Sormena saihetsezina da nire egunerokoan: ezinbestekoa»

Bi dokumental egin ditu Oier Aranzabalek, Lou Topet musika taldeko kide da eta Zart kolektiboa sortu du. Euskaraz sortzen du. Haren Ulu Mediaren 'Artxipelagoa' podcastak Ondas sarietako bi izendapen jaso ditu.

jarraia224194.jpg
Mireia Galarza Bastida - Gipuzkoako Hitza
2023ko otsailaren 10a
12:29
Entzun

Ikasketaz kazetaria da, eta egun podcasten munduan dabil buru-belarri Oier Aranzabal zarauztartua (Bilbo, 1988). Ulu Mediako kidea da, baina beste hedabide askotan ibilitakoa da. Madrilen bizi izan zen 3 urte bete arte, baina barruraino sartuta dauka euskara.

Ulu Mediak ekoizten duen 'Artxipelagoa' podcastak Ondas sarietako bi izendapen jaso berri ditu; bata, soinu diseinu onenarena, eta, bestea, hizkuntza koofizialetan ekoiztutako podcast onenarena. Nola jaso duzue berria?

Lanean harrapatu gaitu, eta ez genuen espero. Bagenekien EITB gure lanaren hautagaitza aurkeztekoa zela, baina sorpresa izan da guretzat. Bereziki, soinu diseinuko hautagaitzarena. Izan ere, sail horretan Latinoamerikako eta Espainiako beste proiektu dezente daude, eta pozgarria da ikustea gure euskarazko proiektu hau ere kontuan hartu dutela.

Lantalde handia biltzen duen proiektua da 'Artxipelagoa'. Zer esan nahi du tamaina horretako lan bat aurrera eramateak?

Denboraldi bakoitzak pertsona askoren lan izugarria dauka atzean, eta, egia esan, izerdi asko bota dugu gauden lekura iristeko. Azken finean, mundu bat sortu dugu bertan. Telesail baten parekoak dira gidoiak, eta grabaketak ere konplexuak izaten dira, ahots asko elkartzen baitira. Muntaketari dagokionez, erritmoak zehaztu behar izaten dira, eta horrek ere denbora asko eskatzen du. Niretzat, orokorrean, lan polita eta izugarrizko esperientzia ari da izaten proiektu hau. Gainera, aitortza jasotzeak indarra ematen du aurrera jarraitzeko, ez baita erraza izaten aitortza lortzea.

Hala ere, 'Artxipelagoa' ez da parte hartzen duzun podcast bakarra, eta soinu fikzioa ere ez ukitzen duzun estilo bakarra.

Egia esan, ULU Median fikzioa lantzen dugu gehiago, baina betidanik gustatu izan zait elkarrizketa formatua podcastetarako. Horregatik sortu nuen Barruan gaude. Elkarrizketatuaren etxera sartzen gara atal bakoitzean, bi mikrofonorekin, eta dagoeneko ia 70 etxetan izan gara. Donostia Kultura eta Elhuyarrentzat egindako irratsaioa da Ispilu beltza, kultura magazin bat bezalakoa. Tabakalerarekin elkarlanean ere egin genuen Tabakalera hotsak podcasta. Bertan, espazio horretatik igarotzen ziren pertsona nahiz gertakariei buruz jarduten genuen. Eta ezin aipatu gabe utzi Harresi ikusezina, joan den urteko proiekturik azpimarragarriena. Bertan, Irundik Frantziara muga gurutzatzen zuten migranteen esperientziak bildu genituen, sei kapitulutan. Eduki guztiek ez dute erritmo bera eskatzen, eta saiatzen gara istorio bakoitzarentzat erregistro egokia bilatzen.

Irrati konbentzionalarekin alderatuta, indarra hartu du formatu horrek. Zergatik?

Orokorrean, izugarrizko gorakada izan dutelako eskari bidezko produktuek eta plataformek. Erreparatu Netflixi; orain dela urte batzuk ez zegoen, eta begira orain nolako arrakasta duen. Horrek eragina izan du irratiaren munduan ere. Podcastak 2004an sortu ziren, baina garai hartan formatu hori blogekin lotzen zen gehiago, eta beste ezaugarri batzuk zituen. 2014tik aurrera, ordea, nahierako edukien sugarrak hauspotuta, izugarrizko gorakada izan dute podcastek. Gainera, pentsa liteke podcastek irratia ordezka dezaketela, baina ez dauka zertan hala izan; osagarriak dira. Beste herrialde batzuetara begiratuz gero, podcastik arrakastatsuenak irratiak ekoiztutakoak direla jabetu gaitezke.

Euskarak behar al ditu plataforma berri horiek?

Sentitzen dut euskarak ez duela jakin izan nahikoa aprobetxatzen eskari bidezko produktuen trena. Ez dakit erantzuleak zein diren, baina aukera handi bat galdu dugu hor. Nolabait, olatu hori aprobetxatzen jakin duen bakarrenetakoa EITB izan da, EITB Podkast plataformarekin. Euskaraz ere behar dira kalitatezko edukiak podcast munduan, eta, agian, iritsi da garaia gure hizkuntzan produktu berritzaileak egiteko. Bestela, beste plataformekin gertatu den moduan, edukiak beste hizkuntzetan sortzen hasiko da jendea.

Zein plataformari buruz ari zara hizketan?

Youtuben, adibidez, jendeak jarraitzaileak eta arrakasta lehenetsi ditu, eta, zalantzarik gabe, hori lortzeko, logikoena da jende gehiagok hitz egiten duen hizkuntza bat erabiltzea; gaztelania edo ingelesa, kasurako. Dena da zilegi, baina helburuak beharko luke, nire ustez, komunitateari ekarpen bat egitea, eta, alde horretatik, sarean sortu diren logika asko ez zaizkit gustatzen. Interneten bizi garen garaiotan, euskal komunitateak hainbat esparrutan influencer-ak baino gehiago behar ditu erreferenteak.

Bi hitz horiek ez al dira sinonimoak?

Hiztegian begiratu beharko litzateke, baina niretzat ez da gauza bera. Lehenengoa, daukan eraginetik bizi da, eta erreferentea, egiten duena ondo egitetik; gero lortzen du erreferentzialtasuna. Futbolari bat erreferente bat izan daiteke, futbolean ona delako, eta horregatik da garrantzitsua berak azalpenak euskaraz ematea, horrek eragin egiten duelako gero. Hor dago ñabardura, nire ustez.

Zure ibilbideari helduta: Bilbon jaio zinen, eta Madrilen bizi izan zinen 3 urte bete arte. Handik Zarautzera joan zinen gero. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Euskaraz. Madrilen bizi ginela, adibidez, osaba-izebek VHSak ekartzen zizkidaten marrazki bizidunak gure hizkuntzan ikusteko. Haurtzaindegira joaten nintzen, eta gaztelaniaz aritzen ziren han, baina niretzat euskara beti izan da nire ama hizkuntza. Zarautzera etorritakoan esan nuen lehen gauzetako bat zera izan omen zen: “Ama, hemen ume denek euskaraz egiten dute!”. Etxetik jaso dut euskararekiko miresmena, baina niretzat inoiz ez da izan meritu bat. Hizkuntza horretan sortzen dut, eta ez dut arrazoirik eman behar.

Kazetaritza ikasketak egin zenituen gero, Bilbon.

Bai, baina hori baino lehenago Biologiako gradua hasi nuen, zientzietako batxilergoa egin ondoren. Hala ere, niri gustatzen zaidana da istorioak kontatzea, eta euskarri batean edo bestean hala egin izan dut gaur arte. Podcastekiko interesa, berriz, AEBetan piztu zitzaidan, bikotekidearekin hilabete igaro nuenean. Formatu oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta egiten zituzten kontakizunak ere oso freskoak ziren.

Bi dokumental ere egin dituzu jada, ezta?

Garoa liburu denda utzi nuenean, autonomo bihurtu nintzen, eta Mikel Urdangarin musikariarekin topo egin nuen. Nik aurretik baneukan gogoa ikus-entzunezko batean musikari profesional baten bizitza nolakoa zen biltzeko, eta hortik sortu zen Margolaria dokumentala. Apaiz kartzela, berriz, enkarguz eskatu zidaten. Lau apaizen istorioa kontatzen dugu bertan, diktadura frankistaren aurka egiteagatik Zamorako [Espainia] apaiz kartzelan egon ziren lau apaizenak. Baina berriro diot: gaur egun oso katigatuta nago audioarekin, eta iruditzen zait ez daukadala irudiaren beharrik istorioak kontatzeko. Irudi asko dauzkagu inguruan, eta gogaituta nago jada.

 

 

MARGOLARIA LANA

‘Margolaria’ dokumentala. Hainbat esparrutan aritu izan da lanean Oier Aranzabal, baita dokumentalak egiten ere. Irudian, 2018an, kamerarekin, Mikel Urdangarin abeslaria ondoan duela.

Musikak ere eduki du pisua zure bizitzan.

Bai. Lou Topet taldeko kide naiz. Nahikoa geldirik gaude azkenaldian, denerako denborarik ez daukadalako, baina niretzat ondo pasatzeko bide bat izan da musika, duintasunez gauzak egitea lortu dudan afizio bat. Aitortu beharra daukat taldean proiektu politak egin ditugula orain arte.

Zart kolektiboan ere bazaude. Zer helburu dituzue?

Pandemia aurretik, oso ahul ikusten genuen diskogintzaren mundua, eta elkar ezagutzen genuen sortzaile batzuek ez genuen bat egiten errealitate horren alternatibarekin; autoekoizpenarekin, alegia. Norberak bere burua eta zilborra defendatzeaz harago joan nahi genuen: elkartu egin nahi genuen. Gauza politak egin ditugu gerora, baina elkarri babesa ematea izan da gure helburu nagusia.

Garbi dago ez zarela geldirik egotekoa. Zuretzat zer da sormena?

Familiarengandik jaso dut kulturarekiko interesa, baina ez dakit hori zenbateraino den genetikoa. Beti aritzen naiz gauzak pentsatzen. Sormena saihetsezina da nire egunerokoan: ezinbestekoa. Egia da gauza batzuek aurrera egiten dutela eta beste batzuek ez, baina, zorionez, aurrera egiten duten gauzengatik ezagutzen gaituzte, eta bizi gara. Beti martxan egoten da nire burua, eta jarrai dezala horrela; asko kezkatuko naiz martxan ez dagoenean.

Esku artean badaukazu bestelako proiekturik?

Oraingoz, Ulu Median egin nahi dut indarra. Proiektu sendoa da, hartu du gorputza, eta lankideak ere apartak dira. Horrez gain, aita ona izan nahiko nuke, hori ere garrantzitsua da eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.