Tortura

Egiari Zor-ek torturaren errealitatea argitara ateratzeko urratsak eskatu dizkie instituzioei

Torturaren erabilera «sistematikoa» salatu dute haiek jasan dituzten ehunka euskal herritarrek. 'Karpeta urdinak' dokumentalaren proiekzioei ekingo diete hurrengo astean.

Egiari Zor fundazioak antolatutako prentsaurrekoa, gaur goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 11
13:05
Entzun

«Tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara», adierazi dute Ixone Fernandez eta Patxi Arratibel eledunek, Donostiako Intxaurrondo auzoan egindako agerraldian. Haien atzean, torturak jasandako ehunka euskal herritar. Torturaren erabilera «sistematikoa» salatu dute, eta eskaera bat luzatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: «Torturatuon aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalaren bidean sakontzeko konpromiso eta ekimen irmoak eskatzen ditugu».

Egiari Zor fundazioak antolatutako ekitaldian, Fernandezek eta Arratibelek azaldu dute Euskal Herrian «modu masibo eta sistematikoan» torturatu dutela. Horren adibidetzat jo dute Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketa. Haren arabera, gutxienez 5.379 tortura kasu eman dira 1960tik 2015era bitarte: 4.113 tortura kasu zenbatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta beste 1.068 Nafarroan. Kopuru «lazgarria», eledunen esanetan, baina osatu gabea: «Kopuru izugarriaz mintzo gara gurea bezalako herri txiki batentzat».

Torturarena, baina, zenbakiez haratago doan errealitate bat dela adierazi dute, «zauri sakonago» bat baitago, praktika horiek eragindako «ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrei» erreparatuz gero. Ondorio horien guztien gaineko ezagutza falta «inpunitatearekin» lotu dute: «Inpunitatez aritutako erantzule ugari eta isiltasun gehiegi dago oraindik ere». Hala, gogoratu dute Espainiako Estatuak Guardia Zibila, Espainiako Polizia zein Ertzaintza erabili dituela militante politikoak torturatzeko.

Gauzak hala, kritikatu dute torturatuen aitortzarako eta erreparaziorako bidean hutsune «nabariak» eta «mingarriegiak» daudela. Hala nola, azaldu dute Kriminologiaren Euskal Institutuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako ikerketa «kaxoi baten barruan» geratu dela, eta Nafarroakoa argitara ateratzeko atzerapen asko egon direla. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari urratsak eskatu dizkiete «torturaren errealitatea itzaletik argitara» ateratzeko, aitortza bermatzeko eta ez errepikatzeko bermeak ezartzeko. Finean, «torturak gure herrian izan duen dimentsio osoa ezagutu ahal izateko». Horretarako lehen urratsa litzateke ofizialki jaso diren 5.379 kasuak «aintzat hartzea».

'Karpeta urdinak'

Torturaren errealitatea herritarrei hurbiltzeko ekimen politiko bat ere abiatuko dute: otsailaren 13tik aurrera, Karpeta urdinak dokumentalaren proiekzioei ekingo diete. Kriminologiaren Euskal Institutuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako ikerketaren emaitzak ditu hizpide, eta lan horren «garrantzia eta balioa» zabaltzea ditu helburu. Datorren astean, Zizurkilen (Gipuzkoa), Hendaian, Urruñan, Getarian, Baionan (Lapurdi) eta Leitzan (Nafarroa) ikusi ahal izango da. Beste zenbait emanaldiren berri ere eman dute www.karpetaurdinak.eus webgunean. Bertan, dokumentalaren inguruko informazio gehiago ere plazaratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.