Ardogintza

Arabako Errioxako ardoaren esportazioak %17 gutxitu dira 2022an, baina fakturazioari eutsi dio

Dirutan, AEBak dira orain lehen merkatua. 97 herrialdetara esportatu dira jatorri izen horretako ardoak.

Samaniegoko (Araba) upategi bateko langileak 2021eko mahats bilketan. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko otsailaren 11
15:01
Entzun

Arabako Errioxako ardoaren kanpoko salmentak 21,2 milioi litro izan ziren iaz, 2021ean baino %16,9 gutxiago, baina batez besteko prezioa %18,6 handiagoa izan zenez, fakturazioa apenas murriztu zen: 146,7 milioi euro guztira. Arabako Errioxako ardo litroaren batez besteko prezioa 6,92 euro izan da 2022an.

Barietateen arabera, ardo zuriaren esportazioak gehiago apaldu ziren beltzarenak eta gorriarenak baino. Arabako Errioxako ardoa munduko 97 merkatutara esportatu zen. Bolumenean, Erresuma Batua izan da, beste behin ere, merkatu nagusia, baina beherakada «nabarmena» izan dute hara egindako esportazioek. Aldiz, AEBetara gehiago bidali da, azken urteetako joerari jarraituz: laugarren postutik bigarrenera igaro da, Suitza eta Alemania gaindituz. AEBen hazkundea are handiagoa izan da balioari dagokionez, eta Erresuma Batua eta Suitza gainditu ditu lehen merkatu gisa.

Datu horiek Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak jakinarazi ditu larunbat honetan, Lapuebla de Labarcan (Araba) ardogileekin batera eginiko ekitaldi batean.

Tapiak nabarmendu duenez, merkatuetan bilakaera bat gertatzen ari da, salmentak Europatik AEBetara igarotzen ari baitira; igoera handia izan dute, halaber, Kanadan eta Mexikon egindako salmentek. Bestalde, behera egin dute Erresuma Batukoek, Suitzakoek, Alemaniakoek, Irlandakoek, Suediakoek, Norvegiakoek eta Herbehereetakoek.

Sailburuak gogorarazi duenez, pandemiaren krisia gainditu eta 2021ean marka historikoak izan ostean, munduko ardo merkataritzak «ziurgabetasun handiko» urtea pasatu du 2022an.

Ukrainako gerrak, garraioaren eta materialen horniduraren krisiak eta energiaren eta erregaiaren garestitze handiak eragin dute munduko ardo esportazioak bolumena galtzea, baina fakturazioan irabaztea, prezioen igoeragatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.