Mendiko eskia

Nahia Quincoces eta Jon Ander Aranburu Bandres-Karolo Memorialaren txapeldun

Euskal Herriko Mendiko Kopan eta Kronoigoera Txapelketan ere Quincoces eta Aranburu bera nagusitu dira. Aurtengo oroimenezkoa ikusgarria izan da, luzaroan oroitzekoa.

Jon Ander Aranburu eta Nahia Quincoces, Memorialaren bi txapeldunak. RAMON OLASAGASTI
ramon olasagasti
2023ko otsailaren 12a
13:28
Entzun

Hiru urteko hutsunearen ondoren, mendiko eskiatzaileak gogoz ziren berriro Izaban topo egiteko, aspaldiko lagunekin elkartu eta hain maitea duten kirolaz gozatzeko, eta Bandres-Karolo Memorialak horretarako aukera paregabea eman du. Eguraldia, elur baldintzak, ibilbideak, jendearen gogoa... dena aldeko izan da, edizio benetan ikusgarria osatzeko. Egiaz oroitzekoa.

Larunbateko lineako proba eta kronoigoera biak kontuan hartuta, Nahia Quincoces mendexarra eta Jon Ander Aranburu zumarragarra nagusitu dira Bandres-Karolo Memorialean, biak euskal selekzioko kideak. Nesketan, Igone Campos zumarragarra eta Montserrat Bacardit kataluniarra igo dira podiumera. Mutiletan, berriz, Asier Alonso oƱatiarra izan da bigarren, eta Wilfried Jumere eta Alberto Miron hirugarren, biak denbora berean. Atzoko lineako irabazlea, Noel Burgos, ez da atera gaurko kronoigoeran.

Gaurkoa, Memorialaren bigarren proba, Euskadiko Kronoigoera Txapelketa izan da. Izabako plazatik bertatik abiatu, eta Ardibidepikua tontorrera igo dira: 700 metroko desnibela gainditu behar izan dute partaideek 5 kilometroko ibilbidean. Nesketan, atzoko lineako probako ordena berean helmugaratu dira hiru aurrenekoak: Nahia Quincoces lehena, Igone Campos bigarren eta Montserrat Bacardit hirugarren. Euskadiko Txapelketari begira, podiumeko hirugarren postua Mayi Mujikarentzat izan da.

Mutiletan, Jon Ander Aranburu izan da kronoigoeran txapeldun. Igoera guztian lehia estuan ibili dira Aranburu eta Ander de Miguel iruindarra, eta azken metroetan hartu dio aurrea Aranburuk nafarrari. Hirugarren, esprintean eta denbora berean, Wilfried Jumere frantziarra eta Alberto Miron aragoiarra helmugaratu dira. Haien atzetik helmugaratu da Asier Alonso oƱatiarra. Euskadiko Kronigoera Txapelketari begira, Asier Alonso izan da bigarren, eta Ander Uriarte hirugarren.

Euskal Herriko Mendiko Kopako bigarren proba ere bazen Bandres-Karolo Memoriala. Kasu honetan, bi egunetako denborak kontuan izanda, nesketan, Nahia Quincoces, Igone Campos eta Lur Basterretxea izan dira hiru lehenak. Mutiletan, berriz, Jon Ander Aranburu, Asier Alonso eta Ander de Miguel.

Probaren ondoren, frontoian jarraitu du festak. Sariak banatzeko ekitaldia, artzain apurrak, lagunarteko solasaldiak mendiko eskiaz, Memorialeko ibilbideez... Biribila izan da aurtengo edizioa, luzaroan gogoan izatekoa.

Sailkapenak
Bandres-Karolo Memoriala
Neskak

1.- Nahia Quincoces 3.22:19
2.- Igone Campos 3:29:53
3.- Montserrat Bacardit 4.07:31

Mutilak
1.- Jon Ander Aranburu 2.59:05
2.- Asier Alonso 3.01:12
3.- Wilfried Jumere 3.01:57
3.- Alberto Miron 3.01:57

Euskadiko Kronoigoera Txapelketa (EMF)
Neskak

1.- Nahia Quincoces 44:36
2.- Igone Campos 45:41
3.- Mayi Mujika 53:50

Mutilak
1.- Jon Ander Aranburu 38:42
2.- Asier Alonso 40:13
3.- Ander Uriarte 41:16

Euskal Herriko Mendiko Kopa
Neskak

1.- Nahia Quincoces 2.37:43
2.- Igone Campos 2.44:12
3.- Lur Basterretxea 3.27:14

Mutilak
1.- Jon Ander Aranburu 2.20:23
2.- Asier Alonso 2.20:59
3.- Ander de Miguel 2.23:49

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.