Futbola

Homosexuala dela jakinarazi du Jakub Jankto futbolariak

Sparta Pragako jokalariak bideo baten bidez adierazi du. Europan hori egiten duen Lehen Mailako aurreneko gizonezko jokalarietako bat da. «Jada ez dut ezkutatu nahi».

Jakub Jankto futbolaria. CESARE ABBATTE / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko otsailaren 13a
16:07
Entzun

«Homosexuala naiz, eta jada ez dut ezkutatu nahi». Jakub Jankto jokalariaren hitzak dira. Futbolariak Spartak Pragan jokatzen du, Getafek utzita, eta bideo baten bidez plazaratu du homosexuala dela. Europan hori egiten duen Lehen Mailako aurreneko gizonezko jokalarietako bat da. «Beste guztiek bezala, nire indarguneak eta ahuldadeak ditut. Familia bat dut, lagunak, eta lan bat. Lan hori ahalik eta ondoena egiten ahalegintzen naiz: pasioz, profesionaltasunez eta seriotasunez. Nik ere nire bizitza bizi nahi dut. Beldurrik eta aurreiritzirik gabe, Indarkeriarekin gabe, maitasunez. Homosexuala naiz, eta ez dut ezkutuan ibili nahi», esan du.

Bideo horren bidez aurrerapauso bat eman nahi izan du, gutxi izan baitira homosexualak direla jakinarazi duten goi mailako futbolariak. Janktok berehala jaso ditu babes mezuak sare sozialetan. Besteak beste, Osasunarenak eta Realarenak. Txaloen eta LGTBI banderaren ikurra ipini du talde gorritxoak. Txuri-urdinek, berriz, futbola denentzat dela aldarrikatu dute. Hala egin dute beste hainbatek ere: Juventusek, UEFAk, Premier Leaguek, Shalckek, Getafek. «Gure errespetu eta babes osoa adierazi nahi diogu gure jokalariari», idatzi du. Bere herrialdean jokatzen hasi ostean, Italiara joan zen Jankto, Sampdoriara. Eta handik fitxatu zuen Getafek. Egun, Spartak Pragan dago, utzita. Denboraldi honetan, gainera, Txekiako Errepublikako selekzioarekin bi partida jokatu ditu Nazioen Ligan, eta titular izan zen Qatarko Munduko Koparako sailkatzeko bost partidetan, baina Txekiako Errepublikak ez zuen lortu sailkatzea.

Josh Cavallo jokalari australiarra izan zen halako iragarpena egin zuen lehen futbolaria, 2021ean. Adelaide United taldeko jokalariak ere bideo baten bidez egin zuen: «Oso pozik nago hartu dudan erabakiarekin. Gogorra izan da sei urte hauetan bizi izan dudana. Urteak eman ditut nor naizen ezkutatzen, nire ametsa betetzeko: futbolari izatea. Baina ez dut ezkutuan ibili nahi», esan zuen. Horrekin batera, izan dira futbola utzi eta homosexualak direla azaldu duten hainbat jokalari. Ezagunena Thomas Htzlsperger izan zen. Aston Villan, Stuttgarten, Lazion, Wst Hamen, Wolfsburgen eta Evertonen jokatu zuen, eta futbola utzi zuenean jakinarazi homosexuala zela. Alemaniako Gobernuak merituaren ikurra eman zion 2020an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.