ESPANYOL 2-3 REALA

Realak irabazi egin du Espanyolen zelaian

Talde txuri-urdina oso nagusi izan da 70 minututan, eta hiru gol sartu ditu. Baina sufritu egin du gero, etxekoek bi gol sartu baitituzte azken txanpan. Garaipenari esker, Realak tinko eutsi dio hirugarren postuari. Lau puntu ateratzen dizkio laugarrenari, eta zortzi bosgarrenari.

Alexander Sorloth, Realak sartutako bigarren gola ospatzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 13a
23:08
Entzun

Realak arindu egin du Anoetan Valladoliden aurka galtzeak eragindako mina. Espanyolen zelaian irabazita egin du: 2-3 hartu du mendean Herrialde Katalanetako taldea Cornella-Prat estadioan. Horri esker, tinko eutsi dio hirugarren postuari. Ezin zuen huts egin, aurkari zuzenek irabazi egin baitzuten asteburuan. Eta ez du huts egin. Ondo eutsi dio presioari.

Partida hori irabazi eta gero, lau puntura du laugarren sailkatua, Atletico Madril, eta zortzira bosgarren sailkatua, Betis. Hau da, zortzi punturen aldea du Txapeldunen Ligako postuetatik kanpo dagoen lehen taldearekiko. Abantaila ederra da, baina ez erabakigarria, hamazazpi partida falta baitira jokatzeko. Hala ere, garaipenak indarra emango dio helburu handi hori lortzeko bidean.

Sustoa jasota hasi eta bukatu dute partida txuri-urdinek. Partida hasi eta berehala, Calerok buruz errematatu du area barruan, eta Remirok kostata urrundu du baloia. Baina jokaldi bakartu bat izan da. Baloia bereganatu, eta partidaren aginte makila hartu du Realak.

Berehala hasi da arriskua sortzen: Zubimendi, Oiartzabal, Brais Mendez, Kubo eta Sorloth saiatu dira hasieran, baina ez dute asmatu. 23. minutuan, ordea, nagusitasunaren saria jaso dute bisitariek: Oiartzabalek eta Illarramendik jokaldia egin dute, eta mutrikuarrak erdiratu egin du. Sorlothek ez du jaso baloia, baina Kubok bai, eta ezker boleaz gol ederra sartu du. Merezitako saria izan da.

Golak txuri-urdinen nagusitasuna areagotu du. Hainbat minutuz nahieran aritu dira, eta oso erraz sortu dituzte gol aukerak. Baina ez dira fin aritu azken metroetan. Gol bakar baten aldeak ez zuen lasaitzeko astirik ematen. Edozein jokalditan berdin zezakeen Espanyolek. Geldikako jokaldiren batean izan behar zuen, etxeko taldea nekez iristen baitzen baloiarekin Remiroren areara. Sendo ari zen Realaren defentsa.

Espanyol gogotsu zelairatu da bigarren zatian, berdindu nahian, baina txuri-urdinek kolpetik eten dute etxekoen susperraldia. Lehen golean etenda geratu den jokaldia egin dute berriro Illarramendik, Oiartzabalek eta Sorlothek, eta, oraingoan, norvegiarrak ez du huts egin, eta gola sartu du. Bederatzigarren gola du ligan; datu ederra da.

Golak jota utzi du Espanyol, suspertzeko indarrik gabe. Hori gutxi ez, eta zorigaiztoko jokaldian jaso du hirugarren gola, 61. minutuan. Kubok eskuinetik erdiratu du, Cabrera baloia buruz urruntzen saiatu da, baina bere atean sartu du. Ordu erdi falta zen partida bukatzeko, baina erabakita zirudien neurketak.

Ez da hala izan. Darderrek gola sartu du 73. minutuan, eta Brian Olivanek 86.ean. Hala, txuri-urdinek sufritu egin dute azkenean irabazteko. Mesede egin die epaileak azken txanpan Cabrera kanporatu eta etxeko taldea hamar jokalarirekin geratu izanak. Zorionez, ez da gol gehiago egon, eta hiru puntuak eskuratu ditu Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.