Hondakinak

Zubietako erraustegiak ingurumen legea betetzen duela esan du Tapiak

Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak gezurtatu egin du Ekopolen txostenak dioena, eta «alarma soziala» zabaltzea egotzi dio. Datuak «gaizki interpretatu» dituela esan du.

Arantxa Tapia sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 14a
17:35
Entzun

Zubietako erraustegiak «modu egokian» funtzionatzen du, eta ingurumen baimen guztiak betetzen ditu. Instalazioetan irregulartasunak egon direla ukatu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta egin du agerraldia Ingurumen Batzordean; taldeak argibideak eskatu dizkio Zubietako erraustegiaren inguruan GuraSOS plataformak egindako salaketen inguruan, eta, gai zerrendan ez bazen ere, agerraldia baliatu du Ekopol taldeko kide eta EHUko irakasle Gorka Buenok ondutako azken ikerketan jasotako informazioaz ere galdetzeko.

Tapiak «alarma soziala» zabaltzea egotzi dio Ekopol taldeko kideari, eta txostenak jasotako datuak ezeztatu ditu. Ziurtatu du erraustegiak «baimen eta parametro legal guztiak» betetzen dituela. Are, azpimarratu du Jaurlaritzak beharrezkoak diren ikuskaritza guztiak egiten dituela erraustegian, ziurtatzeko legedia betetzen dela eta gasdenak onartutako mugen barruan isurtzen direla. Halaber, erantsi du eskaera egin duen pertsona, talde eta erakunde orori eman dizkiotela datuak. «Gardentasunez» ari direla esan du, eta herritarrei «lasaitasun mezua» bidali die: «Instalazio honek legea betetzen du».

Ekopolek egindako azken txostenaren harira, Tapiak iradoki du egileak ez duela ongi ezagutzen erraustegiaren funtzionamendua eta nazioarteko araudia, eta datuak «gaizki interpretatu» dituela horregatik. Izan ere, Ekopolek landu duen txostenak dio, besteak beste, erraustegiak 2020an 1.988 aldiz gainditu zuela isurketen gehieneko balioa (IGB). Datuok testuinguruan ipini nahi izan ditu Tapiak: azaldu du Europako araudiak «argi» zehazten duela kutsadura datuak erraustegia martxan dagoenean neurtu behar direla, eta ez probetan dagoenean edota martxan jartzeko prozesuan. Hori kontuan hartuta, «legez kanpoko» funtzionamendurik ez dela egon erantsi du Tapiak, eta ezeztatu egin du Ekopolen txostenak jasotako informazioa: «Erraustegiak ingurumen baimen bateratua betetzen du».

Ikerketak azaleratutako bestelako irregulartasun batzuk ere gezurtatu ditu Ingurumen sailburuak. Ahotan izan du joan den udan Zubietako erraustegiaren aldamenean den Arkaitzerreka errekastoan izandako kutsadura. Azaldu du analitikak egin zituztela Arkaitzerrekan eta 500 bat metro beherago, eta han kutsadura antzeman zutela, baina «eragin txikia» zuela bertako landare eta animalietan.

Drainatze sistemaz

Estoldarekin lotutako ur-drainatze sistemari buruz, berriz, Tapiak esan du ez dela legez kanpoko jarduerarik egon, eta ez dela tutu «klandestinorik» existitu; kontrara, zehaztu du drainatze sistemak Europako araudiaren arabera behar-beharrezkoak dituen hainbaten artean «beste hodi bat» dela. Sailburuak azaldutakoaren arabera, kondentsatuak biltzeko drainatze hodi bat dago, eta barneko zirkuitu itxi batean deskargatzen du, kanpoko irteerarik gabe, instalazioan bertan berrerabiltzeko. Drainatze horiek beharrezkoak dira horrelako instalazioetan, Tapiaren esanetan.

Gezurtatu egin du, era berean, tutua estolderian dagoela eta kutsadura errekara isurtzen dela. Hori guztia baieztatu zuten ikuskariek 2020. urtean egindako bi ikuskaritzetan eta baita ondoren egindakoetan ere, haren hitzetan. «Eusko Jaurlaritzak duen dokumentazio guztiak agerian uzten du drainatze sistema behar bezala baimenduta eta dokumentatuta dagoela Europako araudiaren arabera. Ez da isurketarik egin errekara».

Bestalde, Ekopolen ikerketak ondorioztatu duenez, Zubietako instalazioek ez daukate legeak eskatzen duen kutsaduraren kontrol automatikotik: besteak beste, erregistroen datuen ikerketari erreparatuta dio gehiegizko kutsadura gainditu den kasuetan labeak hondakinez hornitzen jarraitu izan dutela, nahiz eta araudiak ezarri geratu egin behar dela prozesu hori. Labea hiru kasutan geratu daitekeela azaldu du Tapiak: tenperatuta 850 gradutik gora igotzen denean, tenperatura horretara edozein arrazoirengatik iristen ez denean, eta kontrol jarraituek isurketa muga gainditzen dutela erakusten dutenean. Hala ere, zehaztu du Ekopolek egindako ikerketak aipatzen dituen gehiegizko isurketak proba garaian izan zirela, eta Europako araudiak dioela kutsadura muga ez dela proba garaian neurtu behar, «baldintza normaletan» baizik.

Oposizioa, zorrotz

Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk kritika zorrotzak egin dizkiote Jaurlaritzari. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak eraman du gaia legebiltzarrera. Nabarmendu du Zubietako erraustegiaren arazoek «ondoeza» piztu dutela, eta ukatu egin du gaia mahai gainean jartzeak «alarma soziala» sortzen duela. Gogoratu duenez, fiskaltzak zantzuak ikusi ditu Jaurlaritzaren kontrol faltaz. Gorrotxategik Ekopolen txostena aipatu du, esateko frogatutzat jotzen duela Zubietako funtzionamendua ilegala dela.

EH Bilduko Mikel Oterok, berriz, erraustegiaren gaineko kontrolik ezaz ohartarazi du. Nabarmendu du erraustegia eraikitzeko «presa handia» izan zutela instituzioek, eta arazoak detektatu ziren arren ez zirela konpondu, eta ondorioz gauza askok gaizki funtzionatu dutela. Kritikatu du erraustegiak kutsadura muga gainditzen jarraitzen duela, baina inork ez diola isunik jarri.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak «bazterrak nahastea» eta «alarma soziala» piztea egotzi die erraustegiaren ustezko irregulartasunak azaleratzen dituztenei: besteak beste, GuraSOS plataformakoei. «Antzezlan toxiko baten enegarren kapitulua da hau, eta, liburu bat balitz, Porrota izenburua izango luke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.