TXIRRINDULARITZA

Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea zehaztu dute

Sei etapatan 992 kilometro egingo dituzte, eta lasterketak 18.000 metroko desnibel metatua izango du. Gasteizen hasiko da, apirilaren 3an, eta Eibarren amaituko, 8an. Ez da erlojupekorik izango.

Itzuliko antolatzaileak eta Eibarko Udaleko ordezkariak, gaur, ibilbidearen aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Berastegi.
2023ko otsailaren 15a
13:37
Entzun

Apirilaren 3an Gasteizen hasi, eta sei lasterketa egun geroago Eibarren (Gipuzkoa) amaituko da 2023ko Euskal Herriko Itzulia. Ohikoa duen moduan, sei etapaz osatuta egongo da lasterketa, baina aurten ez da erlojupekorik korrituko. «Ezin dira erlojupeko luzeak egin, ezta kronoigoerak ere. Asmoa da 15 kilometroko erlojupeko bat egitea, baina ezin dira hiriak bost orduz moztu. Frantziako Tourrak izan dituen erraztasunak izan bagenitu, bai pentsa genezakeela erlojupeko bat egitea», esan du aurkezpenean Julian Eraso OCETAko presidente eta lasterketako zuzendari nagusiak.

Orotara, 992 kilometro —iaz baino 92 kilometro gehiago— egin beharko dituzte txirrindulariek, eta 26 mendate puntuagarri igo. «Lasterketa gogorra izango da, eta, beraz, podiumeko lehen postuan txirrindulari on bat ikusiko dugu», nabarmendu du Roberto Laiseka lasterketako zuzendari teknikoak Euskadi Irratian. Gogortasun horren adierazle da 18.000 metroko desnibel metatua izango duela Itzuliak.

Gasteiz eta Bastida (Araba) artean lehiatuko da lehen etapa. 165 kilometroko eguna da, eta esprintean amaitzeko «aproposa» izan liteke. Opakuako mendatea gaindituta, ibilbide estu eta bihurgunetsuak igaroko dituzte, eta haizea ere «protagonista» izan litekeela uste du Roberto Laisekak.

Bigarren etapak Viana eta Leitza (Nafarroa) lotuko ditu. Iaz ere bi herri horien artean jokatu zen Euskal Herriko Itzuliako bigarren etapa, baina aurtengo aldian irteera eta helmuga trukatu dituzte. Itzuliko etaparik luzeena da, 193,8 kilometrorekin. «Etaparen bigarren zatia zirkuitu antzeko bat da, eta liderrek aurrean kokatu beharko dute. Izan ere, errepideak bihurgunetsuak dira, eta eguraldia ere erabakigarria izan daiteke».

Hirugarren saioan tropela Errenteriatik abiatuko da, eta, 154 kilometro egin ondoren, Villabona-Amasan izango dute helmuga. Gipuzkoako kostaldeko zati handi bat igaroko du lasterketak. «Tentsio handiko» eguna aurreikusten du Laisekak. «Errepide estuak izateaz gain, gora eta behera ibiliko dira etengabe, eta, ondorioz, liderrak ondo kokatzeko tentsio handia egongo da tropelean. Azken kilometroa ere oso gogorra izango da».

Santurtzin hasi eta amaituko da laugarren etapa. 175,7 kilometro izango ditu Omar Frailek diseinatutako ibilbideak. Ihesaldiarentzako etapa «egokia» izan daiteke. «Etaparen azken zatian La Asturiana mendatera igo eta Zugaztietara jaitsi beharko dute, eta ibilbidearen zati hori erabakigarria izango da eguneko irabazlea jakiteko», azpimarratu du lasterketako zuzendari teknikoak.

Apirilaren 7an, ostiralez, Amorebietarekin elkartuko da Itzulia. Lasterketa irabazi nahi duten taldeentzat eta txirrindularientzat etapa «zaila» izango dela uste du Laisekak. «Paresira arte mendate garrantzitsurik egongo ez bada ere, ibilbidea egokia izango da amaierara begira estrategiak probatzeko. Azken kilometroetan zirkuitu batean sartuko dira, non aurrean egotea oso garrantzitsua izango baita sailkapen nagusiari begira aukerak mantentzeko».

Eta, azkenik, Eibarko etapa. Etaparik laburrena, baina, agian, gogorrena, zazpi mendate igo beharko baitituzte 137 kilometrotan: Elkorrieta, Azurki, Gorla, Krabelin, Trabakua, Isua eta Urkaregi, Eibarko Untzaga plazan amaitu aurretik. «Itzuliako etapa nagusia da, eta hasiera-hasieratik bakoitza bere tokian jarriko du ibilbideak. Aurreko aldietan ikusi dugun bezala, lasterketa kontrolatzeko oso talde indartsua beharko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.