Indarkeria matxista

Indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak, eskumenetan korapilatuta

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, laguntza baten baldintzak aldatzeko eskatuz, baina EAJk eta PSEk erantzun dute Madrilek ezartzen dituela irizpideak. Laguntza jasotzeko, salaketa judiziala jarria izan behar dute biktimek, EAEko Berdintasun Legeak kontrakoa dioen arren.

Etxebarrieta legebiltzarkidea hizketan, Urkullu eta Arrizabalaga begira dituela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2023ko otsailaren 16a
15:24
Entzun

Genero indarkeriaren biktimentzako laguntzak eztabaidagai izan dituzte gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Eusko Jaurlaritzak diru laguntzen deialdi bat zabaldu du, eta eskatzaileei baldintza gisa jarri die tratu txarrak salatu izana, nahiz eta iaz onartutako Berdintasun Legeak baldintza hori ezabatu zuen. EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Berdintasun Sailak deialdia alda dezan eskatzeko, baina ez dute onartu; EAJk eta PSE-EEk argudiatu dute Espainiako Gobernuak duela diru laguntza horiek arautzeko eskumena.

Diru laguntza ekonomiko batek piztu du eztabaida: ordainketa bakarrekoa da, urtean 2.880 eta 11.520 euro artekoa, eta helburu du bikotean bortizkeria jasaten duten emakumeen independentzia eta gizarteratzea bultzatzea. Genero indarkeriaren aurka Espainiako Kongresuak 2004an onartutako legeak arautzen ditu, baina berriki jarri dira martxan, eta Jaurlaritzak dauka kudeatzeko ardura. Beatriz Artolazabalek urtarrilean iragarri zuen deialdia irekitzekoak zirela, Berdintasun eta Justizia sailburu zela —gaur izan du lehen oso bilkura Nerea Melgosa kontseilari berriak—. Laguntza hori jasotzeko, biktima izaera egiaztatu behar dute andreek, babes agindu, kondenazko epai edo fiskalaren txosten baten bidez; EAEko Berdintasun Legeak, ordea, kontrakoa hobetsi zuen, hau da, salaketarik ez eskatzea biktimentzako laguntzak aktibatzeko.

Hori dela eta, «Berdintasun Legea urratzea» eta salaketarik jarri ez duten biktimak «diskriminatzea» egotzi dio Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari. EAEko arauaren irizpideak errespetatzea galdegin du, eta halako laguntzak bortizkeria matxistaren biktima guztiei zabaltzea. Hala, deialdia moldatzea proposatu du Etxebarrietak: «Gutxienez adabaki bat jartzeko aukera izan dugu, besteek egiten ez dutena egiteko, baina ez dugu lortu, eta laguntza horiek ez dituzte errespetatuko gure legearen oinarriak».

Izan ere, Elkarrekin Podemos-IUk baino ez du haren mozioa babestu, beraz, ez da aurrera atera. Aldiz, EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketa bat onartu du legebiltzarrak: beharrezko jo dute instituzio guztiek lan egitea biktimen arretarekin eta babesarekin lotutako tramiteak bizkortzeko. Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak berretsi du Madrilen eskumena dela laguntza horiek arautzea, baina gogora ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «baliabide askotan» ez dela salaketa judizialik eskatzen. Ildo horretan, Gloria Sanchez PSEko ordezkariak erantsi du Espainiako Gobernua «pausoak ematen» ari dela araudia aldatzeko eta salaketaren baldintza kentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.