'Egunkaria'-ren itxiera

'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Murua Uriak

'Euskaldunon egunkaria' itxi eta hurrengo egunean bertan kalean jartzea lortu zen kazeta bat izan zen; lau hilabete egin zituen kioskoetan.  

'Egunero behar genuen' liburuaren aurkezpenean, ezker eskuin, Martin Anso, Imanol Murua Uria eta Irune Lasa. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2023ko otsailaren 17a
12:27
Entzun

Egunkaria-n ari zen Imanol Murua Uria 2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilak agerkariaren kontrako operazioa egin eta hura itxi zuenean. Liburu bat idatzi du orain Egunero kazetari buruz: Egunero behar genuen. Hain zuzen, Egunkaria itxi eta hurrengo egunean bertan kalean jartzea lortu zen kazeta bat izan zen; Egunkaria-ko langileek itxierari emandako erantzuna. Murua Uria ere lehen lerroan egon zen egunkari hori sortzeko prozesuan.

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ari da egun Murua Uria, eta, justu, unibertsitatean bidea hasi zuenean egindako lan akademiko bat da liburuaren sorburua. Kazetaritza lan bat da orain; agerikoa da kazetariaren begirada kontatzeko eran. «Lehen pertsonan» idatzita daude hainbat pasarte. Gainerakoek, baina, Oskar Angulo, Andres Gostin, Joanmari Larrarte, Pilar Mendibil, Mikel Sorozabal, Igor Sota eta Manex Txopeitia kideei egin zizkien elkarrizketak dituzte oinarri; guztiek ardura postuak zituzten orduan, eta denen ikuskerak josita osatu du kontakizuna. Dokumentazio eta hemeroteka lana ere aski fina da liburuan.

Ikusi gehiago:'Egunero behar genuen'-en liburu aurrerapena

Aleka liburu bildumaren ale berria da liburua. BERRIAren, Jakinen eta Elkarren arteko elkarlanaren emaitza. Martin Anso editorea izan du ondoan Murua Uriak aurkezpenean; Irune Lasa kazetaria ere mintzatu da, Egunero egiten jardun zuen kazetarietako bat. Martin Ugalde kultur parkean izan da aurkezpena, Andoainen (Gipuzkoa). Hantxe zuen erredakzioa Egunkaria-k, eta hantxe dago BERRIA ere.

Murua Uriak gogoratu du «bidegabekeria izugarria» izan zela Egunkaria-ren itxiera. «Alde positibo bat» izan zuela gaineratu du: «Erantzuna». Erantzun horren parte izan zen Egunero. «Izan ere, katea ez eteteari garrantzia eman genion». Nabarmendu du bidean ezinbestekoa izan zela itxieraren inguruan sortu zen «elkartasuna». Langileen «atxikimendua» ere funtsezkoa izan zen, «ziurgabetasun» egun haietan ere apustua egin zutelako egitasmoaren alde.

Ikusi gehiago: Lau dokumental 'Egunkaria'-z

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.