Iban Gonzalez

«Harrigarria da jendeak ez jakitea nor izan zen Elbira Zipitria»

Elbira Zipitriari «aitortza bat» egin nahi izan dio Iban Gonzalezek ‘Elbira’ hari buruzko dokumentalaren bidez. Zipitriaren ingurukoei egindako hainbat elkarrizketarekin eta fikziozko zatiekin osatu du lana.

Iban Gonzalez zuzendaria. IBAN GONZALEZ.
Miren Garate.
2023ko otsailaren 17a
12:57
Entzun

Abenduaren 26an estreinatu zuten Elbira Zipitria Irastortzari (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) buruzko dokumentala, Donostiako Kursaalean, hil zenetik berrogei urte bete ziren egunean. Orain, Gipuzkoako 35 udalerritan baino gehiagotan egongo da ikusgai. Zipitriak, Donostiako Fermin Kalbeton kaleko bere etxean, dozenaka haur eta heldu hezi eta alfabetatu zituen hainbat urtean, euskaraz eta klandestinitatean, frankismo garai betean. Baleuko ekoiztetxeak egin du dokumentala, eta Iban Gonzalez Pagaldaik (Arrasate, 1973) zuzendu du. Arlo pedagogikoan egin zuen lanaz gain, haren alderdi euskaltzalea, abertzalea eta emakume gisa egindakoak ere nabarmendu nahi izan dituztela esan du.

Ikusmina sortu zuen Elbira Zipitriari buruzko dokumentalaren estreinaldiak, eta Kursaaleko areto nagusia bete egin zen. Espero al zenuten halako harrerarik?

Oso hunkigarria izan zen, ez dokumentalagatik bakarrik, baizik eta ikusteagatik zenbat jendek zuen Elbira gogoan eta zer jakin-min zegoen haren inguruan.

ETBn ere eman zuten asteartean. Zer bide egingo du hemendik aurrera?

Hainbat babesle ditu dokumentalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundia da nagusia. Ikusi zuenean, esan zuen: ‘Honek herriarentzat izan behar du’. Gipuzkoako udal guztiei eskaini die lana, doan. Momentuz, 35-40k esan dute baietz, Aizarnabazal eta Eskoriatza bezalako herri txikietatik hasi, eta handiagoetara. Ikastetxeei ere egingo zaie dokumentala ikusteko gonbidapena. Herritarrek, gainera, aukera dute dokumentala beren herrian jar dezatela eskatzeko, eta beti doan izango da.

Dokumentalean, alde batetik, haren inguruko jendeari egindako elkarrizketak ageri dira.

Elbiraren alboan lan egindako Mari Karmen Mitxelena eta Kontxita Beitia andereñoak, haren ikasle izandako Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Mari Karmen Garmendia irakasle eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia ageri dira. Elkarrizketa gutxi egin ditugu, gustatzen baitzait elkarrizketatuek denbora eta espazioa edukitzea gauzak kontatzeko.

Dokumentalaren erdia baino gehiago fikzioa da. Zergatik?

Elkarrizketen bidez jaso dugun informazio guztia fikziora eraman dugu, eta esaten zaigu nola hitz egiten zuen, zer esaten zuen, nondik nora zebilen, mototsa nola egiten zuen, bi koloretako zapatak nola janzten zituen… Gerra etorri eta alde egin behar izan zuenean, Saran [Lapurdi] bizi izan zen, Prefetenea etxean, eta etxe hori ere grabatu dugu. Donostian, Fermin Kalbeton kaleko bere etxean sortu zuen ikastola. Etxe hori oso txikia da, eta ez da posible izan han filmatzea, baina etxe horretako argazkiak hartu, eta plato batean sortu dugu ikastola hori. Uste dut fikzioaren bidez ere kontatzen direla gauzak eta ematen dela informazioa.

Behin dokumentala eginda, nola definituko zenuke zeuk Elbira Zipitria?

Uste dut laburbiltzen duen adjektibo nagusia zorrotza dela, eta burugogorra ere bai, eta borrokalaria. Dokumentalean kontatzen da nor izan izan zen Elbira Zipitria, baina ez bakarrik pedagogo berritzaile bezala, baita euskaltzale, abertzale eta emakume bezala ere.

Irakasle gisa egin zuen lana da batik bat ezaguna. Zer esango zenuke beste alderdi horiei buruz?

Iparraldera joan zenean, Europan askoz aurreratuago zeuden, eta ikerkuntza lan sakona egin zuen. Korronte askotatik edan zuen. Donostiara etorri zenean, berrikuntza horiek gure nortasunera ekarri zituen, eta hemengo neska-mutikoekin martxan jarri. Pedagogia hori zen, justu, eskola frankistaren kontrakoa. Ez bakarrik euskaraz erakusten zelako, baizik eta umea jartzen zelako bere ikasketa metodoaren ardatzean. Pertsonak izaten lagundu behar zitzaien, ez bakarrik eduki bat ikasten.

Gaur egungo ikastolaren hazia ikusten da. Neskek eta mutilek ardura berberak zituzten, eta ez bakarrik lanak egiterakoan, baita gela garbitu behar zenean eta abarretan ere. Berdintasunaren aldeko borroka sutsua egin zuen; feminismoa praktikatzen zuen, baina feminismo hitza erabili gabe, beste garai batzuk baitziren.

Triste eta nahiko bakarrik hil omen zen. Hori ere aipatzen duzue dokumentalean?

Aipatzen da, baina ez sakonki. Azken finean, Elbira Zipitria ez dugu heroi bezala erakutsi nahi izan. Elbirak lan oso gogorra egin zuen garai oso zailean, frankismoaren garaian. Frankismoaren indar hori ahultzen joan zenean, jendearen bultzada eta poza etorri zirenean, Elbira ez zen egokitu garai horretara. Tristura sartu zitzaion, eta gaixotu egin zen. Bere burua ez zuen hain premiazko ikusten, eta haren gainbehera etorri zen.

Dokumentalean, batik bat zertan jarri nahi izan duzu indarra? Zertan saiatu zara?

Gure helburua izan da aitortza bat egitea Elbira Zipitriari. Ekarpen oso garrantzitsuak egin ditu gure herriarentzat, baina emakumea izan zen, eta historian ez diegu modu berean eta justuan aitortza egin gizonei eta emakumeei. Oso berandu gabiltza, baina egiten den edozein egitasmo da garrantzitsua eta justua. Gaur egun, hari esker eta haren inguruko andereñoei esker daukagu daukaguna, eta harrigarria eta penagarria da jendeak ez jakitea nor izan zen Elbira Zipitria; nik neuk ere ez nekien orain dela urte batzuk arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.