OSASUN GREBA NAFARROAN

Greba bertan behera utzi du Sindikatu Medikoak, gobernuarekin akordioa lortuta

Akordioaren gakoak: hilean 400 euroko soldata igoera, egunean 32 paziente gehienez eta esklusibotasunari eustea

Osasun langile bat Nafarroako ospitale unibertsitarioan, grebaren lehen egunean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 17a
17:30
Entzun

Sindikatu Medikoak bertan behera utzi du greba. Nafarroako zenbait sendagile otsailaren 1etik ari ziren lanuztea egiten, lan baldintza hobeak exijitzeko. Alta, akordioa lortu dute Sindikatu Medikoak eta Nafarroako Gobernuak, eta sindikatuko arduradunek erabaki dute greba «behin-behinean» etetea gaur gauerditik aurrera, afiliatuek akordioa berretsi arte. Astelehenean izanen da hori.

Osasun Departamentuak eman du akordioaren berri, Funtzio Publikoko mahai orokorraren bilera bukatu berritan. Hala ere, mahai horretan ordezkaritza duten sindikatuek —LAB, CCOO, ELA, UGT eta Afapnak— salatu dute gobernuak ez dizkiela akordio horren xehetasunak eman, eta ezin izan dutela eztabaidatu. Hori zen, hain zuzen, Sindikatu Medikoaren eskaera nagusietako bat: medikuei eragiten dieten akordioak ez zitezela mahai orokorrean eztabaidatu —sindikatu horrek ez baitu ordezkaririk mahai horretan—. Gobernuak esana zuen lan kontuekin zerikusia duten afera guztiak mahai sektorialera eramanen zituela baina, azkenerako, Sindikatu Medikoaren nahiari men egin dio.

Ikusi gehiago: Osasungitzaren inguruko kezkak gora egin du, Soziometroaren arabera

Akordioaren mamia, berez, Nafarroako Gobernuak grebaren hasieran aurkeztutako bera da: hilean 400 euroko soldata igoera fakultatibo guztientzat; mediku bakoitzak gehienezko paziente kopuru bat izatea egunean (32) eta esklusibotasunari eustea.

Soldata oinarria. Medikuen oinarrizko soldata igotzeko konpromisoa hartu du Osasunbideak. Ospitaleetakoentzat, igoera hori 406 eurokoa izanen da hilean. Lehen Arretakoentzat, berriz, 389 eurokoa.

Guardiak. Medikuek legez egin behar dituzten aparteko orduak dira guardiak —ez dira hautazkoak—, eta horien konpentsazio ekonomikoa hobetzea proposatu dute Osasunbideko buruek: %10eko igoera.

Arta hobea. Sendagileek pairatzen duten lan gainkarga arintzeko, gehienezko paziente kopurua murriztuko dute: egunean 32, gehienez, eta paziente bakoitzari 12 minutuko kontsulta bermatuta.

Esklusibotasuna. Sindikatu Medikoaren eskaera nagusietako bat zen esklusibotasuna kentzea, sare pribatuan ere jardun ahal izateko, baina esklusibotasunagatik jasotzen zuten soldata osagarriari uko egin gabe. Azkenik, hori ere ez dute ukituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.