Reala 1-1 Celta

Kolpe latza jaso du Realak, azken unean berdintzeko gola jasota

Txuri-urdinek bi puntu galdu dituzte luzapenean, Le Normandek bere atean egindako gol baten ondorioz. Celta hamar jokalarirekin aritu da azken hogei minutuetan

Carlos Fernandez. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2023ko otsailaren 18a
18:23
Entzun

Inauterietan, festarik ez Anoetan. Realeko zale asko mozorrotuta joan dira estadiora, baina ustezko ospakizunak giro petralduari egin dio lekua partidaren amaieran. Izan ere, txuri-urdinei ihes egin die garaipenak, Celtaren aurka, hiru puntuak zakuratzear ziren unean. Robin Le Normandek bere atean egindako golak ezerezean utzi du aurrez lortutako errenta, eta puntuak banatu dituzte azkenean.

Donostiarrek gozotik ekin diote neurketari. Ordutegia gora-behera, 29.000 lagun baino gehiago bildu dira harmailetan, eta taldeak enegarren pozaldia eskaini nahi izan die zaleei. Esanahi handiko garaipena lortu nahi zuten txuri-urdinek. Ez alferrik, lortuz gero hobetu egingo baitzuten 2002-2003 sasoian 22. jardunaldirako lortutako garaipen kopurua. Denboraldi hartan bigarren amaitu zuen Realak, eta postu horren peskizan abiatu du norgehiagoka.

Neurketa ondo hasi da, gainera. Mikel Oiartzabalek berandu baino lehen aurreratu ditu etxekoak, bosgarren minutuan. Take Kubok ondutako jokaldi batean, japoniarraren pasea jaso du eibartarrak, eta hark egindako jaurtiketa indartsua ezin izan du geratu Ivan Villar bisitarien atezainak. Norgehiagoka traza oneko jarri da hasi eta gutxira.

Abantailaren patxadak on egin dio Realari, baina Celta ere ez da denbora-pasa aritu. Egiari zor, partida ondratua egin dute galiziarrek. Markagailuan atzetik egoteak suspertu beharra eragin die, eta ausart aritu dira neurketako zenbait unetan. Horren adibide da erasoan egindako jokaldi sorta; makina bat bidez estutu dute Alex Remiro atezaina.

Lehen zatian, minutuek aurrera egin ahala indartu egin dira talde baten eta bestearen posizioak. Kubok gidatu ditu, beste behin, etxekoak. Real Madrileko jokalari ohiak estreinako urtea du Donostian, baina erabat etxekotua dago. Haren jokoari erreparatu besterik ez dago taldekideekin zer ondo moldatzen den hautemateko. Aldez edo moldez sortu ditu aukera arriskutsuak. Halere, aurrelariek ez dituzte aukerak probestu, eta gol bakarreko aldearekin iragan da lehen erdia. Atsedenalditik bueltakoak norgehiagoka hasieraren tankera izan du. Celtak bizitu du jokoa estreinako minutuetan, eta Realak izan ditu abagunerik argienak.

Hain justu ere, Kubo izan da berriz ere  bigarren golerako bidea zabaldu duena. Hark Oiartzabal golegileari emandako pasea ez du probestu harrobikoak. Japoniarrak ondo hautsi du Celtaren defentsako lerroa, jokalarien artetik pasea emanda, baina Oiartzabalek ez du asmatu kontrola egiterakoan, eta errematerako tarterik gabe geratu da. Jokaldi hori izan da Realak egindako neurketaren laburpenik onena. Nahia agerian utzi arren, azken metroetako argitasun faltak galarazi dio hiru puntuak biltzea.

Bien bitartean, bisitariek beren gidoia segitu dute. Ahal zuten heinean eutsi, eta erasora egiterakoan hozka egiten saiatu. Ordea, 75. minutuan kolpea jaso dute galiziarrek, epaileak Renato Tapia kaleratu duenean. Celtako jokalariak txartel horia ikusi du lehendabizi, falta bat egiteagatik, eta segidan izandako purrustaldiarengatik bigarrena ikusi du. Kalera.

Realak ez du jakin nagusitasun hori zelaian islatzen. Galiziarrak ez dira kikildu, eta Iago Aspas gidari hartuta, txuri-urdinen aterako saialdiak egin dituzte. Hala, neurketa joan-etorrikoa bilakatu da: oraintxe batek aukera, oraintxe besteak. Bi areatan izan dira gol aukerak.

Harik eta, luzapenean, Celta Realaren atera jo eta su gerturatu den arte. Berdinketa nahi zuten kosta ahala kosta. Alex Solak justu antzean aldendu du baloia, 92. minutuan, baina Realak hurrengo ekinaldian jaso du kolpea. Aspasek bere eskuin aldetik egindako jaurtiketa bat urruntzen saiatu da Le Normand, baina bere atean sartu du baloia. Agur garaipenari, azken unean.

Neurketa amaitu eta berehala, honakoa esan du atzelariak berak: «Min egiten du, azken jokaldian izanda. Haiek ere gauzak ondo egin dituzte, baina hiru puntuak lortzeko moduan ginen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.