Osasuna 0-2 Real Madril

Berdinketa ontzat jotzen zuenean galdu du Osasunak Real Madrilen aurka

Federico Valverdek eta Marco Asensiok egin dituzte neurketako bi golak; biak ere bigarren zatian. Osasunak izan ditu bere aukerak, baina Courtois sendo aritu da.

jarraia224525.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 18a
23:13
Entzun

Neurketa ona bai, baina Osasunak ez du punturik eskuratzea lortu. Gorritxoek 0-2 galdu dute Sadarren, Real Madrilen aurka. 80 minutuan neurketa osoa egin du Osasunak, baina azkeneko hamar minutuetan joan zaio partida Jagoba Arrasateren taldeari. Federico Valverdek sartu du lehen gola, 80.minutuan, eta Marco Asensiok bigarrena, partidaren ondarrean.

Lehen zatia oso parekatua izan da. Real Madril saiatu da partidako erritmoa ezartzen, baina ondo eutsi dio Osasunak. 10.minutuan, baina, gertu izan du gola Viniciusek. Sakonean jasotako pasearekin Sergio Herreraren aurrean gelditu da bakar-bakarrik. Atezainak, baina, ondo egin du bere lana, eta hankarekin gelditu du errematea. Partidako protagonista nagusietako bat izan da atezaina.

Osasunak ere izan ditu aukerak lehen zatian. Moi Gomez saiatu da lehendabizi, baina area kanpotik egindako errematea arazo handirik gabe atera du Thibaut Courtoisek. Atsedenaldira iritsi baino lehen, berriz, Ante Budimir izan da lehen gola sartzeko aukera garbia izan duena. Presioa egiterakoan baloia lapurtzea lortu du Ez Abdek, eta Budimirri eman dio baloia arearen erpinean. Hark buelta erdia eman du, eta errematea egin, baina zutoinaren ondo-ondotik joan da baloia kanpora.

Bigarren zatia beste energia batekin hasi dute madrildarrek. Viniciusek eta Rodrygok arriskua eraman dute Sergio Herreraren atera. Rodrygok gertu izan du lehenengoa bigarren zatia hasi eta berehala, baina kanpora bidali du jaurtiketa. Viniciusek, aldiz, lortu du baloia sareetara bidaltzea, baina jokoz kanpo zegoen baloia jaso duenean, eta marrazainak balio gabe utzi du gola.

Hala ere, Osasunak berean jarraitu du. Sasoi honetan lortu du Arrasateren taldeak etxeko neurketetan talde sendoa izaten, eta gaur ere begietara begiratu dio Real Madrili. Jo eta jo, halako batean iritsi da Osasunaren erantzuna. Kontraerasoa Lucas Torrok eraman du, eta Budimerrek jaso du pasea area barruan. Kroaziarrak atzean zuen Moi Gomezi eman dio baloia, eta hark, ezkerrez, zutoinera bidali du errematea.

Aukera horrekin, Sadar piztu du Moik, eta zaleen aupadarekin aurrera egin du Osasunak presioan. Real Madrilen zelaian baloiak lapurtzen hasi da Arrasateren taldea, eta Moncayolak beste aukera bat izan du lehenengo gola sartzeko. Boleaz egindako errematea, ordea, kanpora joan zaio, gutxigatik.

Pixkanaka nekatzen hasiak ziren 22 protagonistak, eta aurreneko aldaketak egin dituzte bi prestatzaileek. Aldaketa horiekin, partida pausatu egin da zertxobait, eta lasaitasun horretan azaldu da Vinicius, beste behin. Lehenbiziko goletik gertu izan da brasildarra. Bakarrik gelditu da Herreraren ate aurrean, eta ,atezainari izkin egin dion arren, besoa ateratzea lortu du Herrerak aurrelariaren gola eragozteko. Bost minutu aurrerago, ordea, area barruan jaso du baloia Viniciusek, eta ederki ikusi du atzetik zetorren Valverde. Pase bikaina eman dio Uruguaiko erdilariari, eta hark ez du barkatu area barruan: 0-1 80. minutuan.

Osasunak aurrerapausoa eman behar izan du, berdinketaren golaren bila, eta horrela zuloak ere utzi ditu atzean. Hori baliatu du Real Madrilek bigarrena sartu eta partida biribiltzeko. Alvaro Rodriguez harrobiko gazteak Unai Garciari baloia lapurtu dio, eta Asensiori eman dio baloia area barruan. Hark, erremate gurutzatu bat egin, eta sareetara bidali du baloia, eta lasaitasunaren gola sartu.

Jagoba Arrasatek ez du nahi zuen emaitza eskuratu, baina pozik egoteko moduan da entrenatzaile bizkaitarra. Taldeak neurketa ona jokatu du Real Madrilen aurka, baina bi areatan erakutsitako sendotasunak erabaki du partida. Sevilla izango da gorritxoen hurrengo aurkaria; datorren igandean izango da hori, hilaren 26an, Ramon Sanchez Pizjuan estadioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.