Neguko triatloia

Erronkaribarreko neguko triatloia izango da larunbat honetan

Nafarroako eta Euskadiko Txapelketa izango da proba. Izaba herrigunearen inguruko errepideetan korrika egin, Larra-Belaguako iraupen eskiko pistetara bizikletan igo (22 km), eta estazioan bertan eskiatu: lasterketa gogorra izango dute 100 partaideek. 

Joan den urteko triatloiko irudia. LARRA-BELAGUA.
ramon olasagasti
2023ko otsailaren 20a
11:55
Entzun

Erronkaribarreko neguko triatloiaren XI. aldia egingo da larunbatean Izaban eta Larra-Belaguako iraupen estazioko pistetan. Nafarroako eta Euskadiko txapelketak hartuko ditu probak. Izen-emateak bart gauerdian itxi dira, eta 100 partaide inguru lehiatuko dira neguko triatloian.

Izabako Erminea pilotalekutik abiatuta, korrikako sektoreak 8 kilometro izango ditu. Hasieran, Izabako legarrezko pistetan, bidezidorretan eta herriguneko kaleetan izan behar zuen zirkuituak, baina, herrian izotz dezente dagoenez, errepidera eramatea erabaki dute. «Aurreko elurteko elurra eta izotza ez dira erabat urtu, eta, arriskurik ez izateko, errepidean egingo dugu korrikako sektorea. Beraz, errepidean korrika egiteko oinetakoak aski izango dira», jakinarazi digu Julen Garjon Larra-Belaguako eski estazioko zuzendari eta probaren antolatzaileak.

Hiru itzuli horiek osatu ondoren, pilotalekuan bertan egingo dute bizikletako trantsizioa. Bizikletako sektoreak ez du sekreturik. Partaideek Belaguako bailara zeharkatuko dute lehenbizi, Belaguako txokora iritsi arte, eta han hasiko dira San Martingo Harrira daraman mendatea igotzen, Larra-Belagua iraupen eskiko Ferialeko pistetara iritsi arte. «Aurreko egunetarako elur pixka bat ematen dute, baina ez dut uste arazorik izango denik errepidea garbi mantentzeko. Probaren egunerako, berriz, hotza eta lainoa ematen dute, partaideek kontuan izan dezaten», ohartarazi du Garjonek. Bizikletan, guztira, 22 kilometro izango dira, horietatik 12, Belaguako txokoraino, malda gutxikoak, eta beste 10, maldan gora. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, trafikoa irekita egongo da, eta, beraz, trafiko arauak bete beharko dira nahitaez. Sektore horretan, kategoria bereko partaideak baino ezingo dira joan besteen gurpilean.

Azken sektorea, iraupen eskikoa, Ferialeko pistetan osatuko dute partaideek. 10 kilometro izango dira guztira modalitate librean. Hau da, patinatzaile estiloan egin edo klasikoan egin, norberaren esku geratzen da, baina gehienek patinatzen egiten dute. «Elur baldintzen arabera, zirkuitua aldatu egin daiteke egunean bertan, baina ez da ohiko zirkuitutik oso aparte ibiliko. Triatloirako, beti saiatzen gara zertxobait leuntzen, gure pistak gogorrak baitira, eta triatletak nekatu samar iristen baitira azken sektorera. Hori dela eta, desnibel txikiagoko zirkuitu bat zapaltzen saiatzen gara», jakinarazi du Garjonek.

Taldekako kategoria

Banakako probaz gain, Erronkaribarreko neguko triatloiak badu berezitasun bat: taldekako edo txandakako modalitatea. Hala, hiru lagunek osatzen dute taldea, eta kide bakoitzak sektore bat egiten du. Emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak izan daitezke taldeak. Modalitate nolabait “herrikoiagoa” dela nabarmendu du Julen Garjonek: «Modu horretara, taldeka, Erronkaribarreko jendea ere animatzen da neguko triatloi hau egitera. Sarritan, Iruñerriko jendeak bailarako lagunengana jotzen du eski sektorea egingo duen lagun baten bila, eta oso giro polita sortzen da».

Egitaraua

Ostirala, otsailak 24

Dortsal banaketa. Izabako museoan bilera egin ondoren, 20:00ak arte. Eta probaren egunean, 8:30etik 10:00ak arte, Izabako Erminea pilotalekuan.

Larunbata, otsailak 25

8:30etik 10:00etara dortsal banaketa Izabako Erminea pilotalekuan.
9:00: Materialaren kontrola. Erminea pilotalekuko trantsizio eremuan.
10:30: Gizonezkoen kategorietako irteera.
10:33: Emakumezkoen kategorietako irteera.
10:40: Erreleboen kategoriako irteera.
14:00: Sariak banatzeko ekitaldia, Larra-Belaguako eski pistetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.