PILOTA

Iker Irribarriak erretiroa hartuko du

Eskuineko belauneko minak ez dio uzten bete-betean aritzen, eta horregatik utziko du pilota, 26 urterekin, ia zortzi urtez profesionaletan aritu eta hiru txapel irabazi eta gero

Iker Irribarria, binakako honetan jokatutako lehen partidan. FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 21a
15:44
Entzun

Aramako (Gipuzkoa) aurrelariak bihar goizean emango du prentsaurrekoa Eibarren (Gipuzkoa), eta bertan emango ditu haren erabakiaren inguruko argibideak. Ezusteko albistea da, Irribarriak gaur jokatu baitu Tolosan (Gipuzkoa), Arkaitz Eskuzarekin, Danel Elezkanoren eta Aaron Arbizuren aurka; 18-11 irabazi dute. Joan den larunbatean, berriz, Binakako Txapelketan aritu zen, Iruñean, Labriten. Hark eta Beñat Rezustak 22-17 irabazi zieten Unai Lasori eta Iosu Eskirozi. Irribarria Peio Etxeberriaren ordez aritu zen. Aurretik, beste behin jokatu zuen ordezko gisa. Urtarrilaren 20an izan zen, Urdulizen (Bizkaia), ligaxkako bederatzigarren jardunaldian. Orduan, Aitor Elordiren ordez aritu zen, eta hark eta Jose Javier Zabaletak 22-11 irabazi zieten Joseba Ezkurdiari eta Julen Martijari. Bietan oso ondo aritu zen Irribarria. Horregatik ere bada ezusteko albistea.

Lehen aldiz ordezko gisa aritu aurretik, harekin hitz egin zuen BERRIAk, eta Irribarriak esan zuen «opari eta pizgarri» gisa hartu zuela Aspek hura aukeratu izana Elordi ordezkatzeko. Helburuaz galdetuta, esan zuen «ahalik eta lanik onena» egin nahi zuela, enpresari erakusteko «prest» zegoela behar zuenerako. Ez zen enpresak binakakotik at utzi zuen lehen aldia; duela bi urte ere ez zuen jokatu. «Ohitu? Ez nuke esango ohitu denik hitza. Halakoa da kirola: polita eta gogorra aldi berean; une politak bizitzeko, gogorrak ere bizi behar dira. Txapelketa batetik kanpo geratzea ez da gerta dakizukeen okerrena. Okerragoa da lesionatzea; nik badakit hori [zortzi hilabetez egon zen jokatu gabe 2021ean, eskuin belauneko lesio batengatik]. Baina ez da gozoa kanpoan geratzea. Horretarako ere prestatzen gara; lan fisikoa eta teknikoa ez ezik, psikologikoa ere egiten dugu», zioen.

Ez da ari jokatzen binakakoa, eta ez zuen jokatu lau eta erdikoa ere. Hark esan zion enpresari ez zuela bere burua prest ikusten; ez zuen nahi bezain ondo belauna. Eta lau eta erdian, Elordik eta Peio Etxeberriak finalerdiak jokatu zituzten, eta Asperi argi utzi zioten merezi zutela lehen aldiz binakakoa jokatzea. Irribarriak «inbidia pixka batekin» bizi izan zuen. «Norberak jokatu egin nahi du, baina norbera ondo ez badago, eta hobera egiteko erabaki zailak hartzen baditu, gauzak ondo egiten ari den seinale da. Hori egin nuen nik. Oso lasai egon nintzen. Ez naiz damutzen jokatu ez izanaz. Oraindik gerra ematen dit belaunak; ez dit uzten nahi bezainbeste entrenatzen. Baina astean bitan jokatzen ari naiz, eta eusten ari zaio». Baina, azkenean ez da hala izan.

Irribarriak profesionaletan ia zortzi urtez jokatu eta gero hartuko du erretiroa. 2015eko martxoaren 22an egin zuen debuta, Eibarren, Astelenan. Debutatu eta gutxira jokatu zuen lehen finala, Promozio Mailako buruz burukoa, Tolosan (Gipuzkoa) eta galdu egin zuen Victor Estebanen aurka: 22-15.

Hurrengo urtean, berriz, sekulako erakustaldia eman zuen Lehen Mailakoan. Hankapean ibili zituen aurkari guztiak, eta txapela irabazi zuen Bilbon, Mikel Urrutikoetxeari 22-13 nagusituta. 19 urte besterik ez zuen. Inork ez du horren gazte irabazi buruz buruko txapela.

Hurrengo urtean beste bi final jokatu zituen: binakakoa irabazi zuen Rezustarekin, Bilbon, Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Larunberen aurka (22-14), eta buruz burukoa galdu zuen Bengoetxea VI.aren kontra, Bilbon: 22-18. Bi urte geroago beste bi final jokatu zituen: binakakoa galdu zuen Zabaletarekin, Bilbon, Danel Elezkanoren eta Rezustaren aurka (22-19), eta buruz burukoa irabazi zuen, berriro Urrutikoetxearen aurka, Bilbon: 22-20.

Ordutik ez du finalik jokatu, eta gorabehera dezente izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.