Gizarte zerbitzuak

Zaintza Demokratizatu egitasmoa eratu dute, zaintzari buruz «eztabaida kritiko kolektiboa» bideratzeko

Hainbat elkartek bat egin dute egitasmoan, eta gaur atera dira plazara, Donostian; propio Gipuzkoara begirako hainbat eske ere egin dituzte agerraldian.

arantxa iraola
2023ko otsailaren 22a
15:42
Entzun

«Zaintza Demokratizatu ekimenak zaintzaren etorkizunari eta inplikazioei buruzko eztabaida kritiko kolektiboa sustatu nahi du», adierazi dute gaur goizean Donostian egin duten agerraldian egitasmoko ordezkariek. Gipuzkoako Senideak, Malen Etxea, Irauli Zaintza, Zaintza Babesten egoitzen erabiltzaileen eta senideen federazioa eta Zestoako 3Z elkarteak batu dira egitasmoan. Zuztarreko aldaketak eskatu dituzte: «Erakundeetan ikusten ditugu lan gatazkak, langileentzat eta mendekotasuna duten pertsonentzat desegokiak diren ratioak, laguntza ekonomiko oso eskasak, gehiegizko koordainketa, erabiltzaileen eta senideen parte hartzerik eza, itxaron zerrenda onartezinak, eta abar», azaldu dute. Malen Etxearen izenean Silvia Carrizok hitz egin du, Gipuzkoako Senideak elkartearen izenean Irene Coulon egon da agerraldian, eta Zaintza Babesten Federazioarenean, Xanti Ugarte.

Ugartek azaldu du zergatik den beharrezkoa zaintzak «demokratizatzea». Aurren-aurrena uste du argi utzi behar dela egungo zaintza sistemak «porrot» egin duela: «Nahiz eta hainbatek propaganda asko egiten jardun, porrot egin du». Aldaketa handiak behar direla uste du. Esaterako, egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zaintza lanak, oro har, aldundien esku daude: «Guk uste dugu, ordea, gai hau gaizki dagoela aldundietan kokatuta». Erantzun global baten falta ikusten du, herrialde guztietara begirakoa: «Ikusten dugu Jaurlaritza gai honetatik kanpo dagoela, eta udalak ere daudela kanpo. Honi aurre egiteko, ordea, kontsentsu zabal bat behar da, guk izena jarri diogu: Zaintza Demokratizatu».

«Demokratizatze» horren premia ikusten dute zentzu askotan. Lege aldetik: «Demokratizatzeak esan nahi du zaintzaren euskal sistemaren inguruko lege bat izatea. Osasunak badu ba lege bat, edota hezkuntzak berak... Bada, zaintzak ere behar du». Eskubideen aldetik: «Demokratizatzea da, baita ere, langileek eskubideak izatea, gainerako langileen eran: beren lan baldintzek izan behar dute gainerakoen antzekoak». Zaintza behar duten pertsonen eta haien senideen parte hartzeari begira ere badituzte eskeak: «Legean jartzen du eratu behar direla parte hartze organoak, baina gero benetan ez daude; ez zentroetan, ez herrialdeka. Arloko organoetan, ordea, beharrezkoa da erabiltzaileen eta senideen parte hartzea». Laugarren eremua berrordainketari begirakoa da; ahantzitako gaia dela esan du Ugartek, isildua, tapatua: «Diskriminazio izugarria dago alor horretan. Adinarengatik jendea baztertu egiten da; soilik era horretan uler daiteke berrordainketaren ardatza izatea zuk zure ondare guztia jarri behar izatea zerbitzu bat jasotzeko. Inori ez zaio burutik pasatzen pertsona gazte batek, egoera terminal batean egonda ere, duen diru guztia erabili beharko duenik behar dituen zerbitzuak pagatzeko...». Zahar etxeetan eta zaintza zerbitzu askotan hala da, ordea, eta horren atzean «adinkeria» dagoela salatu du, eta guztiz arbuiagarria dela: «Hau dena zergekin pagatu behar da. Izan ere, pertsona batek, adin handikoa izanda ere, eta mendekoa izanda ere, pertsona izaten jarraitzen du, ume jaioberri baten gisan, eskubideekin; hemen ukatu egiten dira».

«Demokratizatzea» beharrezkoa egiten duen beste motibo bat, horra: «Herrialdez herrialde, prezioak eta sarbideak aldatu egiten dira, guztiz. Eta gure ustez, unibertsalizatuta dauden gainerako zerbitzuetan bezala, baldintza igualak behar lukete herrialde guztietan. Hori, ordea, ez da betetzen, eta areago: okertzen ari da». Eta aldaketarako zio behar lukeen azken motibo gisara honako hau zerrendatu du: «Botoen %30 besterik ez duen alderdia ari da eredua ezartzen. Ez dago gaiaren gaineko eztabaidarik, eta horretan ari dira, urtez urte. Hori ez da demokratikoa». Eta aldatu egin behar da:«Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak gidatu behar dute zaintzen sistema: hori litzateke demokratikoa».

Populazioaren zahartzeak ekarriko dituen errealitateei begira, arlo horietan aurrera egiteak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du Ugartek. «Ez dugu, ordea, alerta hori igartzen talde politikoetan».

Emakume migratzaileen egoera

Malen Etxean andre migratzaileekin lan egiten dute, haien eskubideen alde. Usu, zaintza lanak egoera aski txarretan egiten behar izaten dituzte emakume horiek, eta egoera hori konpontzeko urratsak egin behar direla defendatu du, bereziki, Carrizok. Bi eske nagusi egin ditu. Bat: «Zaintzak antolatu behar dira justizia soziala eta demokrazia aintzat hartuta». Bi: «Indar politiko guztiek diote bizitza erdian jartzen dutela, baina zaintza lanetan ari diren langileen bizi kalitatea ez dago erdian. Zer esan nahi dugu horrekin? Gutxieneko soldatak ezin du izan zaintzak aintzatesteko neurria; uste dugu debate bat behar dela gai honen inguruan, eta instituzioei dagokie, kontratuetan, batez ere erakunde publikoak tartean badaude, bermatzea kontratuak egokiak direla; alegia, langileek soldata duinak eta lan baldintza onak dituztela. Zaintza ezin da izan enpresentzat irabazi eremu bat».

Gipuzkoako egoera ezagutzen du ondoen Carrizok, eta kezkatzeko moduko errealitatea deskribatu du: «Zaintzen sistemaren oinarrian daude andre migratzaile esplotatuak. Azken hogei urteotan, hori horrela izan da». Gipuzkoako Foru Aldundiak pertsona mendekoen zaintzarako laguntzak ematen ditu, eta zaintzan ari diren langileak propio horretarako prestakuntza bat izatera ere behartzen ditu, baina gero kontratuen kalitatea ez du kontrolatzen: «Kualifikazio jakin bat eskatzen du, bai, baina gero bost axola zaio zer lan erlazio ezartzen den». Horiek horrela, mendekotasunerako ematen diren laguntzekin, laguntza publiko horiekin, «lan esplotazioa finantzatzen» dela kritikatu du. Malen Etxean artatzen dituzten emakume asko ikusi ditu baldintza oso gogorretan lanean: «24 ordu, astean zazpi egunetan. Eta hori ordaintzen da, hein handi batean, diru publikoarekin. Hori da mahai gainean dugun arazoa, eta hori eraman behar da zaintza sistemaren gaineko debatera, bestela iruzur bat izango da». Tartean dagoen arazoa, gainera, usu, hainbat enpresaren «irabazi asmoa» dela ohartarazi du.

Sistema irauli egin behar dela argudiatu du: «Egin dezagun ekonomia solidarioaren alde, 0 kilometro ekonomiaren alde... Erruz hitz egiten da egun 0 kilometroaz. Bada, gaur egun Euskal Herriko herri gehienetan antola daitezke zaintza zerbitzuak, langileek antolatuta». Administrazioen politikek halakoak sustatzera egin behar luketela esan du.

Hainbat eske zehatz

Autonomia erkidego osora begirako eskeak dituzte, baina udal eta foru hauteskundeak hurbil dira, eta propio Gipuzkoan hainbat «gutxieneko» eskatzen hasteko asmoa dute, justu «demokratizazioaren» bide horretan aurrera egiteko, langileei lan baldintza onak bermatzeko, mendekoen zaintzarako baliabideak ugaritzeko, erabiltzaileen eta senideen parte hartzea bermatzeko eta udalak ahalduntzeko arloan ere ekarpenak egiteko.

Era berean, zainketen sistema publikoaren lege bati buruzko akordio bat eskatuko dute Batzar Nagusietan. Horiez jarduteko talde politiko guztiekin bilerak egingo dituzte, eta mahai inguru batean parte hartzera deituko dituzte apirilaren 27rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.