Komunikabideak

2022an Hekimeneko webguneek 37 milioi bisita jaso zituzten, aurreko urtean baino %3,3 gehiago

Hamalau artikulu eta hiru eranskin osagarri bildu dituzte Euskal hedabideen urtekaria 2022-2023 lanean. Euskaraz daude lan guztiak, eta ingelesez itzulita ere plazaratuko dituzte artikuluak hemendik gutxira.

Urtekariraen ikerlarietako batzuk, Leioan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 23a
12:40
Entzun

Aurreko urteak emandakoaz gain, aurten mahai gainean izango diren hainbat gai mahai gainean jarri ditu Behategiak. Horrenbestez, bi urteren aipamena egin dute Euskal hedabideen urtekaria 2022-2023 lanean. Ostegun eguerdian egin dute lanaren aurkezpena, Leioan (Bizkaia), EHUko campusean. Behategiaren webgunean deskargatzeko moduan da jada; laster, ingelesez ere emango dituzte artikuluak webgunean.

«Iazkoa bildu, aztertu, dekantatu eta aurtengo zimenduak jarri, egiteke eta egiteko dauden atazei elkarlanean ekiteko». Modu horretan definitu du urtekaria Behategiko ikerlari Hibai Castrok.

Libe Mimenza Behategiko koordinatzaileak, berriz, 2023ko nazioarteko komunikazio joerak: aldaketarako mandatua artikulua idatzi du. Reuters institutuaren hiru ikerketa lan aintzat hartuz, 11 gako bildu ditu. Honako hauek dira: herrialde guztietan etengabeko beherakada dago komunikabide tradizionalen irismenean; albisteetan «oso» edo «izugarri» interesatuta daudela dioten pertsonen ehunekoa nabarmen murriztu da; albisteak batzuetan edo sarritan saihesten dituztela dioen ehunekoa bikoiztu egin da 2017az geroztik, herrialde batzuetan; hedabideekiko konfiantza maila jaitsi egin da; hedabideek ahaleginak areagotu dituzte erabiltzaileek harpidetza, bazkidetza edo dohaintzen bidez sareko edukiaren truke ordain dezaten, publizitate sarreren menpekotasuna murrizteko asmoz; enpresak lehen eskuko datuak biltzen saiatzen ari dira, publizitate enpresentzako esanguratsua den informazioa eskuratu eta tarifak igotzeko bidea aurkitu nahian; 2019az geroztik, sare sozialek gainditu egin dituzte webguneak eta aplikazioak; albisteen kontsumoari dagokionez, sare sozialen arteko erreferentzia garrantzitsuena da oraindik ere Facebook —nahiz eta 12 puntu jaitsi den 2016tik hona—; TikTok da bizkorren hazten ari dena; kontsumoa artikuluen irakurketan oinarritzen da; eta podcasten hazkundea berriro igo da 2022an.

Mimenzak gazteen kontsumoari ere begiratu dio. Horrez gain, bost ardatz jaso ditu kazetaritzaren etorkizunerako: inflazioa eta ziurgabetasuna mehatxu da —publizitatean iragarleak atzera egiten ari dira—; harpidetza digitalen esperantza dago; urteetako etengabeko hazkundearen ostean, herritarrek Interneten pasatzen duten denbora jaisten hasi da; eta 2023an YouTube eta TikTok bideo plataformei emango zaie lehentasuna —ikusle gazteak erakartzeko bide egokiak direla frogatutzat jotzen dute komunikabideetako ordezkariek—. Mimenzak idatzi duenez, era berean, hedabide batzuk hasi dira adimen artifizialeko tresnak erabiltzen, eta etorkizunean eduki automatizatu eta erdi automatizatuen eztanda iritsiko da, «bai onerako bai txarrerako».

Euskal Herriko egoerari begiratu dio, aldiz, Igor Astibia Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendariak: Oztopoak oztopo euskarazko komunikabideek aurrera darraite artikuluan, 2022-2024ko aldirako diru laguntza deialdiak eta ebazpenak, pandemiarekin lotutako laguntzak, berrikuntzaren eremuko pausoak, streaming plataformen egoera eta euskarazko hedabideen testuingurua xehetu ditu.

Podcastei buruzko hiru artikulu
Urtekarian askotariko artikuluak eta datuak topa daitezke. CodeSyntax enpresako Josu Azpillagak —Mimenzaren laguntzaz— Hekimeneko hedabideen webguneetako trafikoa aztertu du: 2022an, 37 milioi bisita jaso zituzten webguneek, aurreko urtean baino %3,3 gehiago —pandemiarekin, 2020an asko hazi zen trafikoa; eta 2021ean jaitsi egin zen—.

Goienako zuzendari Oihane Agirrek eta ETBko zuzendari Unai Iparragirrek Saretzen hitzarmenaren eta sanjoan bezperako zuzeneko saioan egindako lankidetzaren nondik norakoak kontatu dituzte.

EHU-EITB Multimedia Komunikazio Masterreko Eneko Iriondok Euskarazko ikus-entzunezkoen egungo produkzioa artikulua idatzi du. Europako bederatzi hizkuntza gutxitutan ekoizten den Interneteko kazetaritza ikertu dute, bestalde, EHUko HEKA ikerketa taldeko lau irakaslek. Podcastei buruzko hiru artikulu bildu ditu urtekariak: Podcasten kontsumoari begirada bat; Euskarazko podcasten egoera —euskarazko 190 podcast zerrendatu dituzte—; eta Feminismoa euskarazko podcast unibertsoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.