Alderdiak

«Politika publiko berriak» aldarrikatu ditu EH Bilduk

Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkategaiak Gasteizen elkartu dira, eta «desberdinen arteko akordioak» goretsi dituzte.

Izagirre, Vitero, Asiron eta Del Rio, Gasteizen. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 23a
16:10
Entzun

Datozen udal hauteskundeetan EH Bilduk Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean aurkeztuko dituen alkategaiek bilera egin dute Gasteizen, eta «politika publiko berriak» abian jartzearen garrantzia nabarmendu dute. Maria del Rio Bilboko hautagaiak, Juan Karlos Izagirre Donostiakoak, Rocio Vitero Gasteizkoak eta Joseba Asiron Iruñekoak nabarmendu dute politika egiteko gaur egungo moldeak «ondorioak» dituela, eta horien bidez herritarren bizitzak «prekarizatzen» ari direla, eliteen mesedetan.

Viterok gogorarazi du osasungintzako langileek mobilizazioak iragarri dituzten aste berean argitaratu dela Iberdrolak lorturiko irabaziei buruzko albistea: «Onartezina da multinazionalek irabaziak handitzea, eta, aldi berean, osasun etxeak ixtea», esan du; «zerbait gaizki egiten ari da». Haren ustez, politika publikoak aldatu egin behar dira, «hiriak eta horien leku publikoak herritarren zerbitzura egon daitezen».

Asironek, berriz, esan du «herritarrentzat ongizaterik handiena» lortzeak izan behar duela lehentasuna, baina horretarako beharrezkoa dela eskuina boteretik egoztea: «Bestela, badakigu zer gertatzen den: atzera egiten da demokrazian, arlo sozialean, gardentasunean, kudeaketan eta bizikidetzan». Iruñean azken lau urteotan gertatutakoa jarri du horren adibidetzat.

Horri aurre egiteko asmoz, Asironek uste du beharrezkoa dela baldintzak jartzea «hazteko, irabazteko, eta baita desberdinen arteko akordioak lortzeko ere». Haren iritziz, EH Bildu da bermea ziurtatzeko udaletan osatzen diren gehiengo berriek «norabide progresistan eta eskubideetan aurrera egiteko» balio dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.