Euskara

Euskara munduko 38. hizkuntzarik «pisutsuena» da, Frantziako Gobernuaren arabera

2022ko Hizkuntzen Barometroa aurkeztu dute. Euskarak 24 toki egin ditu aurrera sailkapenean, 2017tik.

Frantziako Kultura Ministerioaren babespean egin dute sailkapena. PALAYSROYAL HOF1
Edu Lartzanguren.
2023ko otsailaren 23a
19:30
Entzun

Frantziako Kultura MInisterioaren babespean argitaratzen dute 2010. urtetik Hizkuntzen Barometroa. Hainbat parametro kontuan hartuta, hizkuntza bakoitzak munduan duen «pisua» aztertzen dute. Iazko egoerari dagokiona plazaratu berri dute, eta azterturiko 634 hizkuntzatik euskarari 38. tokia eman diote, galizieraren atzetik. Katalana 12. tokian jarri dute.

Alain eta Louis-Jean Calvet doktoreek egin dute 2022ko ikerketa. Azaldu dutenez, kontuan hartzen dute hizkuntza bakoitzak duen hiztun kopurua, noski, baina beste hainbat ezaugarrik ere zeresana dute hizkuntzen pisua erabakitzeko orduan, haien arabera.

Izan ere, 13 faktore hartu dituzte aintzat, erabakigarriak direlako, alde batetik, eta horien inguruko datuak eskuragarri daudelako, bestetik.

Sailkapenean, ingelesa agertzen da lehen tokian, gero frantsesa, gaztelera ondoren, eta alemana laugarren. Katalana, 12. tokian agertzen da, eta, euskara 38.ean. Euskara hindi hizkuntzaren gaineko tokian dago, Indiako hizkuntzak 380 milioi biztanle dituen arren. Islandierak 300.000 hiztun baino ez ditu, baina euskara baino lau toki gorago dago.

Horrek eta sailkapena egiteko erabilitako beste irizpide batzuk eragin dute hainbatek. Euskal Wikipediako kide Galder Gonzalezen arabera, metodologia xelebrea da, eta badirudi «frantsesa bigarren izateko diseinatuta» dagoela.

Izan ere, ikertzaileek puntu gehiago eman dizkiete alfabeto latinoa erabiltzen dituzten hizkuntzei, esaterako, sistema alfabetikoak «errazagoak» direla iritzita, zeinu gutxiago ikastea eskatzen dutelako, silabikoekin edo ideogramekin konparatuta.

Esaterako, kontuan hartu dute hizkuntzaren «entropia» maila, hau da, hizkuntza baten sakabanaketa geografikoa, hau da, zenbat herrialdeetan dauden haren hiztunak. Horren arabera, euskarak 0,214ko entropia luke, bi estaturen menpe bizi direlako haren hiztunak. Gaztelerak, ordea 1eko sakabanaketa luke, 72 estatutan hitz egiten delako. Zenbat eta estatu gehiagotan mintzatu, hizkuntza horrek orduan eta erabilgarritasun handiagoa duela nazioartean, hala deritzote txostengileek, eta, beraz, puntu gehiago.

Faktore horiez gain, kontuan hartu dute zenbateraino den ele bakoitza ikasketa hizkuntza, eta noraino den ofiziala.

Hizkuntza batetik eta ele horretara zenbat itzultzen duten kontuan hartu dute, eta nazioarteko zenbat literatura sari jasotzen duten horietan eginiko lanek.

Ugalkortasun tasari ere begiratu diote, eta herrialde bakoitzeko «garapen mailari», eta horietan Internet zenbat dagoen zabalduta.

Emaitza onak lortu ditu euskarak Wikipediari dagokion alorrean. 0,818 puntu jaso ditu, estatu hizkuntza diren eta sailkapen orokorrean aurretik dauden daniera eta kroazieraren gainetik.

2017ko sailkapenean, euskara 62. tokian jarri zuten ikertzaileek, 634 hizkuntzatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.