FUTBOLA

Realak Erromaren aurka jokatuko du Europa ligako final-zortzirenetan

Bi taldeek estreinako aldiz neurtuko dituzte indarrak txapelketa ofizial batean. Gaur egin dute zozketa, UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan.

Mikel Merino, baloia errematatu nahian, Realak eta Manchester Unitedek multzoen fasean jokatutako partidan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko otsailaren 24a
12:38
Entzun

Realak leku berria markatuko du Europako mapan. Txuri-urdinek Erromaren aurka jokatuko dute Europa ligako final zortzirenetan. Aurrekaririk gabeko lehia izango da, bi taldeak estreinako aldiz ariko baitira elkarren aurka, txapelketa ofizial batean. Italiako hiriburuko Olinpiar Estadioan jokatuko dute joanekoa, martxoaren 9an; Anoetan erabakiko da kanporaketa, astebete geroago.

UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan dute final-zortzirenetako zozketa, eta Realarena izan da erabaki duten azken aurreko kanporaketa. Erroma aurkariak Salzburg austriarra kanporatuta egin du aurrera txapelketan. Galdu egin zuen joaneko partidan (1-0), baina kanporaketa irauli zuen atzo, etxean irabazita (2-0). Txuri-urdinak nola, talde giallorrossoa —hala deitzen diete, beren koloreengatik— ere hirugarrena da bere ligan, baina urrun du Napoli liderra: hamazortzi puntuko aldea ateratzen dio. Europa ligako lehen fasean, bigarren postuan sailkatu zen C multzoan, Betisen atzetik.

Jose Mourinho teknikari ezaguna da erromatarren entrenatzailea, eta jokalari sonatu asko ditu taldean. Besteak beste, Diego Llorente Realeko jokalari ohia. Halaber, Paulo Dybala aurrelariak, Stephan El Shaarawy eta Nemanja Maatic ere multzo italiarrean ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.