Memoria historikoa

Urduñan galdutakoen historiak bilatzen

1936ko gerra amaitu eta 1941era arte espetxe frankista bat egon zen Urduñan. 4.000 preso politiko inguru igaro ziren handik, eta ia erdiak Extremadurakoak ziren. 225 pertsona hil ziren guztira pareta haien artean. 71 gorpuzki topatu dituzte hilerrian.

Urduñako hilerrian lurperatuta zeuden espetxe frankistako gatibuen gorpuzkiak. ARANZADI
Mikel Garcia Martikorena.
2023ko otsailaren 24a
13:05
Entzun

«Bai haiek, bai haien senitartekoek eskubidea dute gorpuzkiak aurkitu, desobiratu eta identifika daitezen; haiek ohoratzeko eskubidea, haiengatik negar egitekoa, haien hilobian lore bat uztekoa». Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu zela Beatriz Artolazabalek Castueran (Extremadura, Espainia) urtarrilaren 23an egindako hitzaldikoak dira hitzok. Baina, nortzuk dira aurreneko «haiek»? 1936ko gerra bukatu eta 1941era arte Urduñan zegoen espetxean hildako Extremadurako biztanleak dira.

1939tik 1941era ia 4.000 preso erregistratu ziren kartzela hartan. Horietatik 1.940 inguru Castuerako espetxetik ekarri zituzten. Guztira, 225 pertsona hil ziren Urduñan; 127, etxetik zazpiehun kilometrora. Horietako 71 jadanik aurkitu dituzte, Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuak eskatuta Aranzadik 2014an eta 2022ko abenduan egindako indusketetan. Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendariak dio helburua dela, gaur egun, senitartekoak Urduñako kartzelan izan zituztenen DNAk bildu eta hezurretan topatutakoarekin gurutzatzea.

Castuerara joan aurretik, Gogora institutuaren DNA bankuan 41 pertsona zeuden Urduñako espetxeari lotuta; egun, 53 dira haien datuak eskaini dituztenak. Hamabi pertsonaren datu genetikoak «hain denbora gutxian» bildu izana «sorpresa handia» dela dio Ezenarrok. Haren ustez, oso garrantzitsua da gorpuzki horien senitartekoak topatzea, «haien historiak berreskuratzea hezurrak berreskuratzea bezain garrantzitsua» baita.

Antzera mintzatu da Itziar Biguri Ugarte Urduñako alkatea. Hark dioenez, udalak diru laguntza bat eskatu du espetxean hildakoen bizitzaren inguruan ikertu eta gehiago jakiteko: «Interesgarria iruditzen zaigu, espetxeratuak nekazariak zirelako, baina senideren bat lagundu zutelako bukatu zuten bertan». Gerraosteko kartzela izan zen, «mendeku modura» erabili zutena.

Isiltasuna apurtu

Espetxe frankistaren harira, isiltasuna izan da nagusi Urduñan urte luzez. Baina, 2011n, Joseba Egigurenek ikerketa bat kaleratu zuen espetxearen aurretik zegoen kontzentrazio esparruaren inguruan. Urduñako udal langilea eta kazetaria da Egiguren. Bigurik azaldu duenez, Egigurenen ikerketak «ikusarazi» zuen Urduñan gertatutakoa, eta udalerrian gaiari «neurria hartzen» hasi ziren horri esker. Erregistratuta dauden hildakoak eta espetxeratuak ekartzen zituen gogora ikerketak.

Alkateak aitortu du garai hartara arte udalak ez zuela memoria historikoa jorratzen; hori dela eta, talde memorialista bat sortu zen hirian. Udala, sortutako harrabotsa ikusirik, elkarlanean hasi zen elkartearekin hitzaldiak, omenaldiak eta abar antolatuz. Bigurik dio ekintza horiek eragin zutela jendeak hainbat urtez isilik mantendutako informazioa zabaltzea: «Hilerriko langileekin eta herriko nagusiekin hitz egin ostean, hilerrian hobiratzen zituztela jakin genuen».

Udala Gogora-rekin jarri zen harremanetan, indusketa lanekin hasteko; eta haiek Aranzadiren eskuetan utzi zuten lan hura. Bizkaian egin duten berreskuratzerik handiena da Urduñakoa, baina prozesua ez da erraza izan. Aurreneko indusketa —2014koa— kanposantuaren pasabidean egin behar izan zuten. Hilerrian dauden nitxoek ezinezkoa egin zuten orduko hartan indusketa lanak hilerriko beste edozein lekutan egitea.

Espainiako Gerra Zibilak iraun bitartean Urduñan egon zen Kontzentrazio esparrua. JOSEBA EGIGUREN

Hamalau izan ziren pasabide hartan topatutako gorpuzkiak, baina bakarrak ez zirela argi gelditu zen, alkateak azpimarratu duenez: «Argi geratu zen han gorpu gehiago zeudela. Paretan ikusten zen nola hobien segidak nitxoen azpitik jarraitzen zuen». Gauzak horrela, udalak hiria mugiarazi zuen legeak ezarritako denbora pasatu ostean nitxoak kendu eta indusketa lanekin jarraitu ahal izateko. Erabaki hori ikusita, hiritarrek izandako jarrera «txalotzekoa» dela esan du alkateak.

Gorpuzki ordenatuak

Bigurik argi du indusketa ezin zela aurreneko hamalau gorpu haiekin amaitu: «Guztiak atera nahi ditugu, direnak direla». Horrelako ekintzen garrantzia azpimarratu du Ezenarrok: «Herri zein pertsona moduan, zure iraganari aurrez aurre begiratu eta harekin adiskidetzeko prozesua da hau». Horregatik, iazko abenduan bigarrenez ekin zieten indusketa lanei.

Behin nitxoak kenduta, Aranzadiko lantaldeak kanposantuko eskuinalde osoa izan du indusketak egiteko. Aranzadiko Antropologia zuzendaria den Lourdes Errastik dioenez, gorpuzkiez gain bestelako elementu «gutxi batzuk» ere topatu dituzte: praketako edota alkandoretako botoiak, prakak estutzeko trabileak eta letoizko eraztunak.

Hala ere, indusketatik jendea gehien harritu duena «ordena» dela dio Errastik, horrelakoetan «normala» den arren: «Ordena hori ohikoa da, batez ere, baldin badakizu etengabe jendea lurperatzen ibili behar duzula». Gorpuzkiak bata bestearen alboan daude lurperatuta hilkutxetan, denak era eta tarte berarekin. Errastik azaldu duenez, Urduñakoak ez du zerikusirik hobi komunekin.

DNA biltzen

Urduñako espetxe frankistaren hormen barruan hil ziren 225 presoetatik Extremadurakoak (Espainia) ziren 127; Gaztela-Mantxakoak (Espainia) 41; Malagakoak (Espainia) 22; eta Tarragonakoak (Herrialde Katalanak) zazpi. Denak, haien izen-abizenekin. Prozesuan aurkitutako 71 presoak asko direla aitortu dute, baina oraindik 150 inguru daudela topatzeke. Halere, «zuhurtziaz» jokatzeko deia egin du Errastik: «Beste gorpuak bilatzen hasi aurretik, orain arte egindako lana baliagarria izan den jakin behar dugu». Urduñako alkateak eta Gogora-ko zuzendariek baieztatu dutenez, «zaila da oso» beste gorpuak non dauden jakitea.

Hortaz, bete beharreko bi helburu nagusi dauzkate orain: senitartekoen DNA biltzea eta jada atera dituzten arrastoekin ahalik eta proba gehien egitea, hildakoen DNA ere lortu ahal izateko. Baina hori «denbora luzez iraungo duen prozesua» dela ohartarazi du Ezenarrok: «Hilabeteak pasatuko dira genetikariek DNA atera aurretik; ateratzea lortzen badute, noski». Izan ere, aurreneko hamalau gorpuen arrastoei ezin izan zieten DNArik atera. Horrek, baina, ez ditu geldiaraziko. Ezenarrok dio «hainbeste urtez ezkutatu dena azaleratzen laguntzen» dutela horrelako prozesuek, «zikloak ixteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.