VALENTZIA 1-0 REALA

Realak itxura eskasa emanda galdu du Mestallan

Zubeldiak sartu du partidako gol bakarra, bere atean. Partida galduta, oso gertu ditu orain aurkariak sailkapenean: puntu bakarrera du Atletico Madril, eta hirura Betis

Brais Mendez, lurrean, gaur Mestallan jokatutako partidan. KAI FORSTERLING / EFE
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 25a
23:02
Entzun

Txakalaldi baten lehen zantzuak erakusten ari zen Reala Anoetan jokatutako azken partidetan, baina etxetik kanpo bikain ari zenez, ez zirudien larritzeko modukoa. Baina jadanik bada kezkatzeko modukoa, talde txuri-urdina Anoetatik urrun ere galtzen hasi baita. Gaur gauean 1-0 galdu du Mestallan, Valentziaren aurka. Herrialde Katalanetako taldeak ia lau hilabete zeramatzan ligan irabazi gabe, baina gaur Realari nagusitu zaio.

Esku hutsik geratzeak badu ondoriorik: aurkariak asko gerturatu zaizkio talde txuri-urdinari sailkapenean. Hirugarren postuari eusten dio oraindik ere, baina oso gertu ditu atzetik datozenak: puntu bakarrera du laugarren sailkatua, Atletico Madril, eta hirura bosgarrena, Betis. Bi talde horiek sei eta lau puntu lortu dituzte azken bi jardunaldietan, eta Realak bakarra besterik ez. Kezkagarria da joera: txuri-urdinak goitik behera ari dira egiten, eta Atletico Madril eta Betis, behetik gora.

Aurreko jardunaldian Anoetan Celtarekin berdindutako partidan bezala, eskas aritu da Imanol Alguacilek entrenatutako taldea. Valentziak ez du askorik egin, baina nahikoa izan zaio nagusitzeko. Premiak behartuta, gogotsu aritu da. Reala, aldiz, nahi eta ezin aritu da lehia osoan. Hori gutxi ez, eta beste batzuetan alde izan duen zorteak bizkarra eman dio. Zubeldiak sartu du neurketako gol bakarra, bere atean, 40. minutuan. Linok ezkerretik egindako erdiraketa urruntzen saiatu da, eta bere atera bidali du baloia.

Bigarren zatia hasi eta berehala izan du Realak partidako gol aukerarik garbiena, baina Mamardaxvilik geldiketa bikaina egin dio Le Normandek egindako jaurtiketari. Hurrengo jokaldian, epaileak penaltia adierazi dio Solari, Hugo Durori ostikada eman diolakoan, baina VAR-ean ikusi eta gero, baliogabetu egin du penaltia. Ezer gutxi pasatu da partida bukatu arte. Reala ez da gai izan jokaldi arriskutsurik sortzeko. Partida amaieran, etsipena nagusitu da txuri-urdinen artean. Suspertu beharra dute. Hastear dira denboraldiko txanpa erabakigarria. Badu lana Imanolek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.