Athletic 2-3 Girona

Athleticek Gironaren aurka galdu du, bere atean bi gol sartuta

Aleix Garciak egin du neurketako lehen gola, eta De Marcosek eta Vesgak beste biak, euren atean. Athleticen golak Yurik eta Raul Garciak sartu dituzte.

Girona jokalariak gol bat ospatzen, gaur, Athleticeko jokalarien aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 26a
17:05
Entzun

Gaur, edozer eginda ere, ezin zen irabazi. Hori pentsatuko dute Athleticeko zale askok gaur. Zuri-gorriei dena gaizki atera zaie gaur, eta porrot mingarria izan dute etxean, Gironaren aurka (2-3). Hori gutxi balitz bezala, neurketan min hartu dute Yerayk, Unai Simonek eta zelaira atera berria zen Morcillok, Valverdek aldaketa guztiak eginak zituela. Bat gutxiagorekin amaitu behar izan dute partida.

Seigarren postuan jartzeko aukera bikaina zuten etxekoek; asteazkenean Osasunaren aurka jokatuko duten Kopako finalaurrekoaren aurretik, liga ondo bideratuta uzteko aukera bikaina zen. Parean zuen Girona, San Mamesen izan den aurreko bi aldietan esku hutsik alde egin duen talde bat. Mailari eusteko borrokan dabiltza Kataluniakoak, baina, gaurko garaipenari esker, Athleticengandik bi puntu eskasera jarri dira sailkapen nagusian.

Gauzak hasieratik jarri dira maldan gora. Aleix Garciak, eguneko jokalaririk onenak, hirugarren minutuan egin du bisitarien lehen gola. Arean eroso sartu da, eta bikain errematatu du sarera. Atzealdean ahul ibili da Athletic. 17. minutuan ia gol bat oparitu dio Vesgak Taty Castellanosi, eta 18.ean jokalari beraren erremate bat ate barrura bidali du De Marcosek, korner batean. Akats handiak tarteko, 20. minuturako 0-2 galtzen ari ziren zuri-gorriak.

Hurrengo minutuetan hobera egin du Athleticek. Iñaki Williamsi gol bat baliogabetu diote gutxigatik jokoz kanpo zegoelako, eta, bost minutu geroago, area kanpotik gol ederra sartu du Yuri Berchichek, gaur etxekoen jokalaririk onena izan denak. Zarauztarrak denboraldi honetan egin duen lehen gola da. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, beste kolpe bat: Vesga izan da oraingoan bere atean gola sartu duena, berriz ere geldikako jokaldi batean.

Nahi eta ezin

Bigarren zatian aukera bakarra zuen Athleticek: erasokor jokatzea. Eta egin du Valverderen taldeak. Baloiaren jabetza hartu, eta Girona baino hobea izan da. Aukerak, ordea, nahi baino gutxiago sortu ditu, eta berandu heldu da gola: 88. minutuan. Raul Garcia azeri ibili da Gazzanigaren kontrol txar bat baliatzeko.

Ordurako, gainera, jokalari bat gutxiagorekin jokatzen ari ziren etxekoak, Morcillori gertatutakoa zela medio.

Horiek horrela, sailkapen nagusian zazpigarren postuan jarraitzen du Athleticek, 32 punturekin. Hurrengo erronka, Espainiako Kopako finalaurrekoak.

Athletic: Unai Simon (Agirrezabala, 45'); De Marcos (Capa, 77'), Yeray (Lekue, 67'), Paredes, Yuri; Vesga, Sancet (Morcillo, 77'), Iñaki Williams, Muniain, Berenguer; eta Guruzeta (Raul Garcia, 45').

Girona: Gazzaniga; Arnau, Santi Bueno, Juanpe, Javi Hernandez (Miguel Gutierrez, 60'); Oriol Romeu, Aleix Garcia, Borja Garcia (Ivan Martin, 70'); Tsygankov (Stuani, 79'), Riquelme (Valery, 70') eta Castellanos (Reinier, 79').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.