Memoria historikoa

Martxoaren 3an sistema publikoa defendatzera deitu du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek manifestazioa antolatu dute ostiralerako, Gasteizko sarraskia gogoan hartuta. 'Bizi baldintza suntsiketaren aurka. 'Oraina borrokatu etorkizuna bermatzeko' lelopean deitu dute manifestaziora.

Sindikatuen agerraldia, gaur, Gasteizen. BERRIA
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 27a
12:36
Entzun

Ostiralean, 47 urte beteko dira Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituenetik Gasteizen, eta, urtemuga oroitzeko, ekitaldi eta mobilizazio andana izango da Arabako hiriburuan. Euskal Herriko gehiengo sindikalak manifestazio batera deitu du, 18:00etarako, Zaramaga auzoko Martxoak 3 plazatik abiatuta. Gaur, ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek agerraldia egin dute, eta azaldu dute duela 47 urte bezala gaur egun ere hamaika arrazoi direla langile borrokari eusteko. Haien ustez, herritarren bizi baldintzen aurkako «erasoen» aurrean publikoa defendatzea ere «langileen borroka» da, eta, 1976an bezala, kalera ateratzeko motibo. Manifestazioaren leloak ongi laburbiltzen du sindikatuen aldarria: Bizi baldintza suntsiketaren aurka. Oraina borrokatu etorkizuna bermatzeko goiburupean deitu dute protestara ostiralerako.

1976an fabriketan ez ezik poltsak hutsik zituzten emakumeen aldarrikapenak ere gogora ekarri dituzte gaurko egoerarekin parekatzeko: «Gaur egun, jasaten ari garen bizitzaren garestitzearen aurrean, mobilizazioak eta borrokak antolatzen ari dira lantokietan eta kaleetan, langile klasearen erosteko ahalmena defendatzeko». Horrekin batera, sistema publikoaren alde egiten ari diren mobilizazio ugariak gogora ekarri dituzte. Besteak beste, oroitu dute asteburu honetan milaka lagun atera direla Hego Euskal Herriko kaleetara osasun sistema publikoa desegitearen aurka, eta hezkuntza sistema publikoaren alde egin diren protestak ere testuinguru berean kokatu dituzte. Halaber, pentsiodunen mugimenduaren borroka goratu dute: «Gaurko pentsiodunak 1976ko grebalariak direlako, borrokan jarraitu behar dugu, pentsioak guztionak direlako eta justizia soziala direlako».

Osasunaren kalitateak, zaintzak, pentsioek eta hezkuntzak ongizate maila islatzen dutela uste dute sindikatuek, eta haiek defendatzera deitu dituzte herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.