Podcastak

Podcastei buruzko jaialdi bat egingo dute martxoaren 2tik 4ra Donostian

Lau mahai inguru egongo dira; horietatik bat, euskaraz. Podium plataformako (Prisa) eta EITBko podcast egileek parte hartuko dute solasaldietan.

Paretesi festibalaren antolatzaileak, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 27a
13:37
Entzun

Muriel Rukeyzer idazlearen The speed of darkness liburuan ageri den esaldi bat hartu dute lelotzat podcastgintzaren gaineko Parentesi jaialdirako. «The world is made of stories, not atoms» (Mundua istorioz egina dago, ez atomoz). Aste honetan egingo dute lehen aldiz Parentesi jaialdia, Donostian: ostegunean, ostiralean eta larunbatean izango dira mahai inguruak, Koldo Mitxelena kulturunean.

Ainara Martin jaialdiaren antolatzaileak azaldu du izenaren arrazoia: «Parentesi izena eman diogu, pandemiaz geroztik paradigma aldaketa bat egon delako. Beharrak bultzatuta, eta kultur sormenaren arimarekin, eduki entzungarri berriak sortzen hasi ziren». Horregatik nahi izan dute hitz hori baliatu. Gipuzkoako Kultura departamentuak antolatu du jaialdia, eta Podium plataformaren (Espainiako Prisa taldea) eta EITBren lankidetza du. Hain zuzen ere, bi talde horietarako podcastak egiten dituzten egileek parte hartuko dute mahai inguruetan.

Rukeyzer idazlearen esaldia baliatzea «kulturgintzan sortzen diren istorioei keinu bat egitea» dela nabarmendu du Martinek. Solasaldi guztietan hasiko dira esaldi horrekin, gainera.
Lau mahai inguruetatik hiru gaztelaniaz izango dira, eta bakarra euskaraz. Euskarazko mahai ingurua ostiralean izango da, 19:00etan, Euskal podcastgintza izenburupean. Hauek izango dira solaskideak: Ainhoa Vitoria Yoko Ona podcast feministaren gidaria, Cristina Tapia Harresi ikusezina dokumental podcastaren aurkezle eta zuzendaria, eta Iñigo Antsorregi Korapiloak podcastaren —buru osasunaren gainekoa da, eta ETBko Biba zuek! saioko tarte bat ere bada— aurkezlea.

Ulu Media ekoiztetxeko Oier Aranzabalek beste mahai inguru batean parte hartuko du. Larunbat eguerdian izango da hori, eta podcasten orainaz eta etorkizunaz mintzatuko da, Jorge Carrionekin, Ines Hernanderekin eta Nerea Perez de las Herasekin batera. Azken bi horiek Saldremos mejores podcasta egiten dute, eta ostiral gauean live show bat egingo dute Donostiako Kursaalean.

‘Playlist’-ean, euskararik ez
Ostegunean, jaialdiko lehen egunean, Hijas de Felipe podcasteko Ana Garriga eta Carmen Urbita, True Crime podcasteko Clara Tiscar i Castells eta Gabinete de curiosidades-eko Nuria Perez dibulgazio kulturaren soinuaz mintzatuko dira. Feminismoak eta aniztasunak gaiak itxiko du jaialdia, larunbat arratsaldean. Gai horretaz aritzeko gonbidatuko dituzte Arsénico caviar podcasteko Beatriz Serrano eta Guillermo Alonso, eta No hay negros en el Tibet-eko Frank T musikari eta hip-hop ekoizlea.

Gipuzkoako Diputazioak Interneten jaialdiaren berri emateko orduan, Spotify plataformako playlist edo zerrenda bat jarri du. Euskarazko podcast bakar bat ere ez da ageri zerrenda horretan. Denak dira gaztelaniaz, Podium atarikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.