Eguraldia

Elurra Euskal Herriko kostaldeko zenbait lekutaraino iritsi da

Eusko Jaurlaritzak fase operatiboan jarri du Neguko Bidezaintza Plana, eta Nafarroako Gobernuak prest ditu elurra kentzeko 64 makina.

Elurra mara-mara Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko otsailaren 27a
15:26
Entzun

Hotz hasi da astea, eta elurra Euskal Herriko zenbait lekutan agertu da, kostaldetik gertu dauden batzuetan ere bai. Hiriburuen artean, Gasteizen eta Iruñean izan da ikusgarriena elurraren eragina. Donostian, Kontxa hondartza elurturik egon da tarte labur batez

Elurrarekin batera, arazoak ere iritsi dira errepide sarera, nahiz eta oraingoz ez diren oso handiak. Opakuako mendatea (Araba) itxi egin dute, eta Azazetakoan, Herrerakoan (Araba) eta Urduñakoan (Bizkaia) kamioiek debeku dute ibiltzea. Azken horietan, autoak igaro daitezke, baina kateak edo negurako gurpilak behar dituzte. Nafarroan, NA-137 errepidearen zati bat moztu dute, Nafarroaren eta Zuberoaren arteko mugan, eta Erronkari-Zaraitzu eta Lizarra inguruko beste errepide batzuetan kateak behar dira.

Eusko Jaurlaritzak fase operatiboan jarri du Neguko Bidezaintza Plana. Horren arabera, elurra kentzeko 205 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu aktibatu daitezke. Elurra kentzeko makina horietako zenbait lanean aritu dira.

Nafarroako Gobernuak, berriz, prest ditu elurra kentzeko 64 makina, baina ez du espero errepide sare nagusian aparteko arazorik egongo denik. Arreta berezia jarriko diete Pirinioetako eta Lizarra aldeko errepideei eta autobide nagusiei.

Elurte arriskua dela eta, abisu horia pizturik egongo da asteazken goizera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.